Ainara Lertxundi
IRRATIA, UMEEN LAGUN

Garabidean diren herrietan funtsezkoa da irratia haurren eskubideak aldarrikatzeko

Irratiak betetzen duen funtzio soziala nabarmenagoa da garabidean dauden herrietan. Plan Internacional gobernuz kanpoko erakundeak hamar urte daramatza haurrak eta gazteak protagonista dituzten irratsaio komunitarioak sustatzen Afrikan, Asian eta Amerikan. Helburua oso argi dute: haurren eskubideak aldarrikatzea.

Irratia komunikazio tresna garrantzitsua da
Irratia komunikazio tresna garrantzitsua da

Pasa den otsailaren 13an Irratiaren Nazioarteko Eguna ospatu zen. Irrati uhinek gure egunerokotasunean laguntzen gaituzte. Batzuek esnatzen diren bezain laster pizten dute irratia, ia-ia begiak zabaldu gabe. Beste batzuek geroxeago, lehenengo kafea edatearekin batera. Eta beste batzuek, eskolarako edo lanerako bidean. Albisteak, musika, eztabaidak… Entretenigarria izateaz gain, badu funtzio sozial bat ere irratiak, gainontzeko hedabide guztiek bezala.

Irratiaren Nazioarteko Egunaren karietara, Plan Internacional gobernuz kanpoko erakundeak irrati komunitarioek umeen heziketan nahiz formakuntzan duten garrantzia nabarmendu nahi izan du, batik bat garabidean diren herrietan. «Informazioaren demokratizazioa da garabidean diren herrien erronka nagusietako bat, herritar askok ez baitituzte komunikabideak eskura. Hori hala izanik ere, familien %75ek irrati bat dute. Afrikako Mendebaldean, esaterako, eskolak itxiarazi zituzten ebola izurriteagatik. Eskolara joaterik izan ez duten ume horientzat irratia funtsezko bitartekoa da, ikasketekin jarraitzea ahalbidetu baitie», plazaratu du txosten batean Plan Internacional erakundeak. 1995etik, umeei espresuki zuzendutako 200 programa ipini ditu martxan aipatu gobernuz kanpoko erakundeak. 350.000 ume eta gaztetxo inguruk parte hartu dute horietan.

Irratiak beraien arazoez mintzatzea eta, are garrantzitsuago, beraien ahotsa eta iritzia adieraztea ahalbidetu die haur eta gazteei. Tratu txarrei edo behartutako ezkontzei buruz eztabaidatzeko aukera eskaini die. Eta dagozkien eskubideak aldarrikatzeko eta defendatzeko tresna boteretsua ere bada.

Hondamendiei aurre egiteko tresna

«Umeen eta gaztetxoen parte hartzea eta ahalduntzea sustatzeko ezinbesteko tresna da irratia. Bitarteko horri esker, helduek etxeko txikienen iritzi eta kezkak ezagut ditzakete, eta horiek errespetatuz har ditzakete erabakiak. Askotan, umeen ikuspuntuak kontuan izan gabe hartzen dituzte beraien bizitzen gaineko erabaki garrantzitsuak bai gurasoek bai agintariek. Adierazteko askatasuna bera ukatzen zaien neskato asko ikusi ditut espresuki debekatu dizkieten gaiei buruz eztabaidatzen irrati programei esker», nabarmendu du Plan Internacional erakundeko aholkulari Nigel Chapmanek. Bere hitzetan, «ikerketak egiteak, beraien iritzi propioak garatu eta zuzenean plazaratu behar izateak segurtasuna ematen die».

Quynhek 17 urte ditu. Vietnamen bizi da bere izebarekin. Gurasoak Koreara joan ziren lan egitera eta bizitzera. Banaketak eta bakardadeak tristura handia eragin zioten. Irratiari esker bere lekua berreskuratu zuen, baita bere buruarenganako konfiantza ere. «Asko ikasi dut nire programa propioa aurkezten. Kalitatezko edukiak ekoizten eta informazio iturri anitzak erabiltzen ikasi dut. Arazoa dagoen lekura joan eta bertakoekin hitz egiten dut. Errealitate eta pertsona desberdinak ezagutu ditut. Horrek ikuspuntu zabalagoa eman dit. Jende askok bere bizipenak partekatu ditu nirekin; orain ez naiz hain bakarrik sentitzen», azaldu du.

Naturak eragin ditzakeen hondamendiak aurreikusteko eta horiei aurre egiteko ere erabilgarria da irratia. Sindyk 13 urte zituenean, “Stan” urakanak bere komunitatea txikitu zuen El Salvadorren. Bi urte geroago, “Ida” ekaitz tropikalak kalte handiak eragin zituen zonaldean. «Eskolak babesleku bihurtu ziren. Guk ikastetxeko irratia baliatu genuen kalteen gaineko informazioa eman eta kaltetuen galderak erantzuteko», gogora ekarri du.

Astean behin duen irratsaioan, hondamendiei aurre egin ahal izateko informazioa ematen du Sindyk. Aldez aurretik segurtasun neurriak hartzearen garrantziaz kontzientziatu nahi ditu herritarrak. Horretarako, harreman estua du zonaldeko sei komunitateekin. Irratsaioa 3.000 biztanleengana iristen da. «Behin gure komunitateko Babes Zibileko koordinatzailea elkarrizketatu nuen. Espero dut eman zituen aholkuak larrialdien gaineko kontzientzia areagotu eta biziak salbatzeko lagungarri izatea», nabarmendu du.

Ebolaren izurriteari aurre egiteko ere baliagarria izan da irratia Mendebaldeko Afrikan. Batetik, gaixotasunaren berri emateko, eta, bestetik, ikasleek ikasketekin jarraitu ahal izateko. Ebolaren ondorioz, hamaika eskola itxi dituzte. «Larrialdietako irratsaioaren baitan eskaintzen den hezkuntza programa entzuten dut. Ikasketekin jarraitzeko dudan modu bakarra da. Nire ama langabezian dago, eta, hortaz, ezin dizkit eskola partikularrak ordaindu. Irratia da ikasteko gelditzen zaidan bide bakarra. Gainera, ez kutsatzeko ematen dituzten aholkuak entzuten ditugu familian», dio Mariamak, Sierra Leonako 14 urteko gazteak.

Mariamak aipaturiko programak “Eskola irratian” du izena. Unicefek eta Plan Internacional gobernuz kanpoko erakundeak garatu dute, Sierra Leonako Hezkuntza, Zientzia eta Teknologia Ministerioarekin lankidetzan. Proiektu horri esker, irakasleek uhinen bitartez ematen dituzte eskolak. «Ume eta gazte guztiak animatzen ditugu irrati proiektuak bultzatu eta sustatzera, Guatemalan, Vietnamen, Nikaraguan edota ebolak hain gogor astindutako herrialdeetan bizita ere. Gobernuek horrelako ekimenak legez babestu beharko lituzkete», nabarmendu du Stefanie Conrad gobernuz kanpoko erakundearen aholkulari orokorrak.