Kattalin Miner

Aitaren Eguna

Zubiaz luze eta zabal gozatzen zabiltzan honetan agian pasa egin zaizu hain ongi koadratu dizun jai egun honen zioa. Izan ere, San Jose delakoak edo Aitaren Egunak eman digu opari lanaldi itogarritik ihes egiteko aukera.

Badira gorrotagarriak zaizkigun jai egun arrotzak. Argi sentitzen dugu Espainiako Konstituzioari edo Hispanitateari uko egiteko beharra, eta, egun horiek inposatuak zaizkigunez, zapalduaren sentsazioa sentitzen dugu. Aitaren Eguna delakoa, baina, besterik gabe pasa ohi da. Agian horregatik dugu beharrezkoa atzera begirada bat, jai egun honen jatorriari erreparatu eta berauk barnebiltzen duenak ere barrenak aztora diezazkigun.

Hain zuzen ere, Aitaren Eguna Mendebaldeko hainbat herrialdetan ospatzen da (eta zen), inon ez ordea martxoaren 19an, inon gutxi jai egun ofizial kategoriarekin. Izan ere, jai egun honen pribilejioa frankismo garaiko andereño bati zor diogu. Hain zuzen ere, 1948an Vallecasen umeekin eskolan Amaren Egunerako eskulanak egiten zituztela eta, aita jeloskor batzuk (gaur egun Lilatoian parte hartu nahi duten gizon jator horien aurrekariak-edo izango zirenak) kexaka joan zitzaizkion, esanez ea zergatik ez zuten haiek eskulanik jasotzen inoiz, haien aitatasun eredugarriaz harro sentiaraziko zituenak.

Historiara Nely ezizenez pasa zen andereño berdinzale horrek, beraz, Aitaren Eguna ospatzea pentsatu zuen, eta frankismo garaian hain modan zegoen katolizismo haize batek jota-edo, pentsatu zuen zein egun aproposa zen San Joserena, hain zuzen, Nazareteko Jesus beraren aita lurtiarra gogoratzen zen eguna.

Orduz geroztik, hautsontziak egin izan dituzte eskoletan, eta Galerias Preciadok bizarra egitekoak eta erreminta kaxak jarri zituen egun horren bezperetan erakusleihoetan. Esan genezake, halako ekintza ekitatibo baten ostean, espainiar Estatuan berdintasunak aurrerapauso izugarria egin zuela, egun dugun panorama parekidea lortu arte.

Ironia alde batera utzita, ikus dezakegu, bestalde, nola gizonei zuzentzen zaien eta gizonek zuzentzen duten edozeren gisan, egun San Jose jai eguna dela, eta, Amaren Eguna, maiatzaren 2a, Corte Inglesaren eguna besterik ez. Kasualitaterik ez gurean. Hala nola, San Jose egunak katolizismo ustelduenaren oinarria du, eta, Amaren Eguna, bueno, kolore arrosazko eguna da.

Jai egun arrotzei intsumisioa egiten diegun honetan, edo egiten dihardugun honetan, oraindik ez dut entzun jai egun honekin harrabotsik altxa denik. Izan liteke agian, aita eredugarri eta maitagarriak dituzuelako, jatorrak eta guapoak, amari etxeko lanetan laguntzen dietenak (irakurri bedi bitan esaldi hau), eskolara bila ez ezik, asteburuetan partiduak ikustera joan izan direlako, eta igandeetan, o, igandeetan, mila bider eskertu behar zitzaien paellak egiten zituztelako.

Hala bada, barkatuta zaudete, ez bada noski, jatorri katoliko-frankista-kapitalistak kirrinkatzen zaituztelako, eta noski, ezkertiar-laiko-feminista izanda onartezinak iruditzen zaizkizuelako balio horiek unibertsalizatu nahiak.

Edozein kasutan, ez naiz ni burukomin politikorik gabe disfrutatzeko aukera zenuten azken zubia zapuztera etorriko, segi hanka zabalik kafea hartzen; gehiegi maite ala ez, ezagutu edo ez, izan edo absentziaz bizi, ez ahaztu aitari muxu handi bat ematea, bularra puztu dezan, eta pentsa dezagun dena kasualitatez beteriko erabaki politikoen eragina dela, eta ez inolako ordena heteropatriarkal katoliko matxista batena. Bihar, bestalde, esan dezakegu, aitaren abizena jarriko diogula alabari ohiturengatik, herentziatan dauden odolezko klausula primojenitoak ez dutela garrantzirik, eta joder, jai egunak jai egun direla, ez duela axola zergatik.

Bitartean besteok ere hala jarraituko dugu aitari eskerrak ematen; baina zor zaizkionak baino ez. •