Antton Izagirre

Bideak

Euskal Herria Bilduk “Euskal Bidea” izeneko proposamena egin berri du, euskal gizartean adostasunak bideratzeko asmoarekin. Orain arte ezagunak diren proposamenen artetik baditu berrikuntza esanguratsuak.

Batetik, gizartea bera jartzen du erdigunean, protagonismoa bere esku jartzen du. Esan nahi baita, gizartearen borondate kolektiboa eta erabakitzeko ahalmena funtsezkoak direla Euskal Estatua eraikitzeko prozesuan. Bestetik, hitzez hitz dio gaur egungo errealitatea kontutan hartuko dela eta urrats eta erritmo desberdinak emanez eraikiko dela.

Esan zitekeen aipaturiko bi oinarriek adostasun zabalak lortzeko beharrezko zuntzak dituztela. Malgutasun nahikorik eskaintzen dutela, pentsamolde desberdinekoen artean, elkargunerako tokia badela; baina EAJren aldetik jasotako erantzunek garbi erakutsi dute Euskal Herriaren independentziarako bidea eraikitzea ez dagoela bere lehentasunen artean, are gutxiago inorekin adostuta baldin bada.

Maila horretako ekimenaren proposatzaileei «betiko matrakatan» aritzea, edota Urkulluk bezala, mespretxuz, «iraultza» egin nahia leporatzen dietenean, argiro erakusten dute ez dutela inongo bide orririk nahi, ez bidelagunik, ez bidegilerik. Onartzen duten bide bakarra biderik eza da.

Estatu espainiarrak jartzen dituen muga estuetan eta haien borondatearen arabera eginiko proposamenetan konfiantza jartzea eskatzea bidegabekeria hutsa da. Herri borondateari eta erabakitze eskubideari uko egitea litzateke.

Bertakoen arteko adostasun nahikorik gabe urrutiko intxaurrei begira jartzeak auzia bidegabe luzatzeko katramila dirudi. Adostasun sakonik ezean, euskal gizartea keinu txikien zain dago eta “Euskal Bidea” proposamenak adostasun bila hasteko keinua izan beharko luke. •