Laura Mintegi

Errelatoa idatzi aurretik

Bortizkeria baten zikloaren amaieran errelatoaren auziak berebiziko garrantzitsua hartu du. Militarki inork irabazi ez duen honetan, memoriaren bataila irabazi beharrean daude guztiak. Arazoa da ez dagoela errelato orekatua egiterik aldez aurretik protagonista guztiek ez badute gaitasunik azalerazteko beren erantzukizuna ziklo bortitzean. Oraingo faseari dagokio baitara bueltatzea eta, zintzo, hutsuneak aitortzea. Alderdiek, ordea, hurkoaren akatsa kapitulu bihurtu nahi dute memoriaren liburuan, baina ez daude prest nehork kapitulurik idatz dezan norberaren akatsak agerian. Memoria lubaki bihurtu dute.

Hemen, ordea, ez dago inor bortizkeriaren dinamikan parte hartu ez duenik.

PPk iraunarazi du frankismoa espirituan eta praxian. Trantsizioko lehen urteetan itxuraldaketa kosmetikoa egin bazuen ere, urtetako gehiengo osoak permititu dio egitea bakarrik diktadura batean egin zitekeena.

PSOE/PSEk lur azpian utzi ditu arbaso erailak eta, ideario errepublikarra ahaztuta, gobernutik apuntalatu du frankismoaren egokitzapena. Hori guztia gutxi balitz, errepresio propioa antolatu du, legez kanpo, indar estatalekin baino efikazagoa izan nahian kontrainsurjentziaren borrokan.

PNVk bi barajarekin jokatu ohi du gerra aurretik, gerra bitartean eta gerraondoan ere bai. Lehen postfrankismoan ontzat eman zuen bortizkeria, aho txikiaz kritikatu du geroago, eta, azken garaian, aurre egin dio, baina bortizkeriari etekina atereaz Madrilen; espainiar gobernuaren estrategiari lagundu dio “bortitzak” ito nahian, euste-horma funtzioa bere eginda, eta, horren truke, Madrilek eskuak libre utzi dizkio autonomia bere patrimonio bihur dezan (Arzalluzen intxaurrondoa).

Ezker Abertzaleak uste izan du erasoari dagokion erantzuna erasoa dela, eta frankismoak ez duela beste lengoaiarik ezagutzen bortizkeria baino. Erakundearen ekintzak eremu militarretik eremu zibilera pasatu direnean, ordea, ez da gai izan desaktibatzeko dialektika bortitza, eta denbora luzean, luzeegian, babestu du irtenbiderik ez duen dinamika.

Herritar abertzale asko (ez soilik ezkerrekoak) bat etorri dira zenbait hilketarekin, garai batzuetan bidezko ikusi baitute indarrez erantzutea kolpisten errepresio basatiari. Batetik, memoria kolektiboan bizirik daudelako bide ertzetan oraindik datzaten hildakoak (jeltzaleak, komunistak, anarkistak, abertzaleak), eta, bestetik, genozidio kulturalak ez duelako etenik izan.

Estatuari eusten dioten alderdiek, aldiz, ez dute zirkinik egin eskubide oinarrizkoenak urratu direnean, ez eta poliziak langileak hil dituenean. Eta, azkenik, PP, PSOE eta PNV ez dira gai izan torturarekin amaitzeko. Ezta gobernuan egon direnean ere. Ez dute asmorik izan, bistan da.

Aitormen zintzo eta sakona egin beharrean daude indar politiko guzti-guztiak. Bat ere ez da libratzen akatsak aitortzetik. Aitormen serio eta eskuzabalak osatuko du zoru etikoa. Ez dago beste zorurik.

Herritarrak, beren apalean, gogotsu hasi dira istorio txikiz ehuntzen historia handia. Noizbait aurkari izandakoarengana hurbildu dira eta belarria jarri dute. Eta ohartu dira ez dagoela alde handirik bataren eta bestearen sufrimenduetan. Eta biek ala biek nahi dutela beren ondorengoak bakean bizi daitezela.

Alderdiak, ordea, arduratuago daude kapituluak diktatzen nahierara. Arerioaren aitorpen urria gerra-trofeo bihurtu dute. Zeken eta laburrera ari dira jokatzen, jakin badakitelako edozein aitorpen pasatuko dela historiaren orrietara zorraren atalean. Eta honela gabiltza.

Edonola ere, ez da ahaztu behar zenbait gauza aitortzeak oraindik ere kartzelara eraman zaitzakeela, gerra-legedia indarrean dagoelako gerra-gobernu baten eskuetan. Inork ezingo luke esan, hala pentsatu arren, ekintza batzuk justifikaturik daudela. Delitua delako. Solidaritatea bera ere delitua delako. Eta hipokrisia legalitatea baino zabalagoa delako. •