Oihana Llorente Arretxea
HAURRAK, PROTAGONISTA

Herri parte-hartzaile eta hezitzaileak eraikitzeko asmoak hamahiru eragile batu eta bost liburuxka ekarri ditu

Parte hartzea, hori da Herri hezitzailea, eskola herritarra ekimeneko kideen ustez herritar aktiboak hezteko giltza. Eta ate hori irekitzeko, parte hartzea sustatzeko aholkuz betetako bost liburuxka argitaratu dituzte. Haurren aisialdi hezitzaile, euskaldun, herritar eta parte-hartzailea garatzeko lagungarri izan nahi dute.

Haurren parte hartzea sustatzea helburu duten hamaika gomendiok argia ikusi dute aste honetan Herri hezitzailea, eskola herritarra ekimenak argitaratutako bost liburuxketan. Haur eta nerabeen aisialdi parte-hartzailea, euskalduna, hezitzailea eta herritarra garatzea dute helburu koadernotxoek. Hala jasotzen da bederen, ekimenaren oinarri filosofikoak ipini eta Jakineko zuzendari Lorea Agirrek idatzitako lehen alean. Mundua ikusteko eta sentitzeko berezko modua dute haurrek eta ikuskera hau oztopatu baino, hura garatzeko baliabideak eskaini nahi dituzte liburuxka hauekin.

“Parkeak bizitzeko modu berriak”. Hori du izenburua Txusma Azkonak eta Alfredo Hoyuelosek idatzitako liburuxkak. Arrasateko Txatxilipurdi elkarteko Mireia Bazek azaldu dizkigu bost liburuxken sekretuak eta ale honetan Iruñeko bi irakasle hauek egungo parke ereduak ezbaian jarri dituztela nabarmendu du. Hiri eta herrietan dauden jolasguneak homogeneoak dira bi irakasle hauen begietara, kolore eta estruktura antzekokoak denak. Haurrek zertan eta nola jolastu behar duten jolasguneen egiturak berak erabakitzen duela iritzi diote, eta askotan jolas modu horiek sormen zein psikomotrizitate beharrak ere ez dituztela asetzen kritikatu dute.

«Beldurraren gizartea» gisa definitu duten honetan, gainera, umeek helduen zaintzapean aritu behar dute jolasean eta horregatik daude parkeak eserlekuz inguratuta. Azkonaren eta Hoyuelosen arabera, ez dira zertan jolasgune berriak eraiki behar, baina daudenak haurren ikuspegiaren arabera moldatu beharko liratekeela defendatu dute. Ez jolasguneak bakarrik, Francesco Tonucci pedagogo entzutetsuaren teoriarekin bat eginez, kaleko beste espazioak ere haurren begietatik antolatu beharko liratekeela uste dute bi irakasle hauek. Izan ere, Tonuccik dioen bezala, umeen begietatik eraikitzen diren herriak, herritar denen beharrak asetzen dituzten herriak dira.

Udalekuak eta ludotekak ere izan dituzte hizpide beste bi liburuxketan. Orain arte helduek pentsatu eta programatu dituzte udaleku ireki zein itxiak, Amarauna elkartearen arabera, baina, horretan ere haur eta nerebeen nahi eta beharrak aintzat hartzeko ordua heldu da eta udalekuak haientzat egin beharrean, haiekin egiteko proposamena luzatu dute liburuxkan. Horrek noski, prestaketa, garapena eta ebaluazio unean gazteak kontuan hartzea dakar.

Hezkidetza, txikitatik

Antzeko hausnarketa dakarte Txatxilipurdikoek “Nola egin ludoteka parte hartzailea” liburuxkan. Ludoteketako paretak gainditu eta euskararen eta jolasaren espazioak berreskuratzearen alde agertzen da Maialen Gorosabel egilea. Hezitzaileen papera eraldatu eta haur eta nerabeen bidelagun izatera igaroz, bizilagunekiko, naturarekiko eta herriarekiko harremanak sustatzeko aholkuak jasotzen ditu bertan. Herriak handitzen joan diren heinean, umeek naturarekin duten harremana ahuldu egin dela uste du Bazek. Are gehiago, umeen garapenean ohiko bihurtzen ari diren, estresa, hiperaktibitatea ala gizentasuna moduko arazoak ere harreman eskas horren ondorio direlakoan dago. Finean, ludoteka haurrentzako egiten den egitasmo bat izan ordez, haurrekin egindako espazioa izatea lortu nahi du Gorosabelek.

Parkeetan, udalekuetan zein ludoteketan haur eta nerabeen parte-hartzea garatzeko orduan ikuspegi feminista nola txertatu azaldu nahi izan du Urtxintxa Bizkaiak azken liburuxkan. Hezkidetzaren aldeko hautua txiki txikitatik egin behar dela sostengatu eta hura garatzeko hamaika aholku praktiko jasotzen ditu.

Arrasaten aurkeztu zituzten labetik ateratako bost liburuxkak ostegunean eta orain hezitzaile, guraso, aiton-amon eta edozein herritarren eskuetara helarazi nahi dituzte. Herritar oro izan daiteke liburuxken hartzailea, Bazen ustez, haur bat hezteko tribu oso baten beharra dagoelako.

Ekimen oso baten bultzada

Liburuxka bakoitzaren sinatzaileen atzean, baina, Herri hezitzailea, eskola herritarra ekimeneko kideak daude. Herri parte-hartzaile eta hezitzaile bat sortzeko asmoak eragile anitz elkartu zituen 2012. urtean. Andoainen egin zuten lehen hitzordu hura eta ordutik haur eta gaztetxoen aisialdi parte-hartzailea, euskalduna, hezitzailea eta herritarra garatzeko ibilitako bidean eragile gehiago gehitu zaizkie. Egun, Irrien Lagunak Kluba, HUHEZIko Sorguneak ikertegia, Lizarrako eta Iruñeko udal haur-eskolen taldea, Oarsoaldeko Garapen Agentzia, Arrasateko Txatxili purdi euskara eta aisialdiko elkartea, Euskaltzaleen Topagunea, Ikastolen Elkarteko aisialdi-taldea, Urtxintxa Bizkaia, Amarauna, Tabakalerako hez kuntza saila, Pil-pilean elkartea, Ttakun kultur elkartea eta Hik Hasi heziketa egitasmoak osatzen dute ekimena.

Euskal Herriko lurralde eta herri askotarikoak dira eragileak, bai eta esparru eta izaera desberdinetakoak ere; izan ere, aisialdi eremukoak, hezkuntza formalekoak, euskalgintza alorrekoak nahiz administraziotik gertu dauden eragile, federazio eta elkarteak daude bertan. Denak, baina, hezkuntza eta aisia beste modu batean amesten duten eragileak dira eta haurrentzako, gazteentzako, eta, oro har, herritar guztientzako egokiak diren herriak eta hiriak pentsatzeko eta eztabaidatzeko grinak biltzen ditu.

Hiru urteko hausnarketek aisialdi eredu bat adostera eraman ditu hamahiru eragile horiek. Zazpi zutabeen gainean eraiki dute gainera aisia eredu hori: «Jolasa eta sormena ikasteko eta garatzeko berariazko tresnatzat dituen haurren kultura aitortzea eta, hori oinarri hartuta, haurrei benetan parte hartzeko eta erabakitzeko ahalmena ematea. Era berean, eurek eraikitako aisia hezitzaile eta euskaldunaren bitartez, aniztasunean berdin eta parekide izanez eta ingurumen naturala eta kulturala zainduz, komunitate-sarea eta auzolana indartu nahi dira, pertsonen arteko harreman osasuntsu, justu eta asegarriak josiz, finean», azaldu digu Bazek.

Zazpi kontzeptuek halabeharrez elkarrekin joan behar dutela ere gaineratu du; izan ere, bere ustez, eremu horiek elkar ezkontzen, garatzen eta aberasten dira, proposamen koherente eta oso bat osatuz.

Definitutako aisia eredu hori egikaritzeko argitaratutako bost liburuxkez gain, beste bi lan lerro ere zehaztu ditu Herri hezitzaileko lantaldeak: datorren astean Donostiako Kursaleean egingo duten “ Herri hezitzailea, eskola herritarra” batetik, eta, laster aurkeztuko duten herri hezitzaileen sarea, bestetik.

Zehazki, Donostiako Egia auzoa, Otxandio, Baigorri, Soraluze, Baztan, Dima, Arrasate eta Agurain lotuz josiko dute herri hezitzaileen sarea. Bazek azaldu moduan, hezkuntza, eskolatik haratago doala sinetsita, hezkuntza, herrigintza eta udala alorrak batzen dituen talde multidisziplinarra osatu dute zortzi lekuotan, eta talde horiek dira proiektuaren ezinbesteko zutabe.

Finlandia eta Katalunia gertutik ezagutzeko beta

“Herri hezitzailea, eskola herritarra” lelopean, hainbat ekitaldi egingo dira datozen ostiral eta larunbatean Donostiako Kursaalean. “Haurren hiria” egitasmo entzutetsuaren sortzaile Francesco Tonucci pedagogoarekin duela bi urte hasitako bideari jarraipena emango diote bigarren edizio honetan. Oraingoan, baina, Finlandiako, Kataluniako eta Euskal Herriko hainbat esperientzia ezagutzeko aukera egongo da.

Ezaguna da oso Finlandiako hezkuntza eredua eta hala erakusten dute nazioarteko neurketetan zein beste hainbat arlotan eskuratutako emaitza bikainek. Eredu honen sekretuak aletzeko Finlandiako Hezkuntza Kontseiluko ordezkari Leo Pakhin izango da Donostian. Zehazki, bi hitzaldi eskainiko ditu: “Herritarren beharren neurrira egindako hezkuntza politika” batetik, eta, “Haurra bere osotasunean hezteko, hezkuntza humanizatua”.

Bestalde, Bartzelonako Ripollet herriko “El Martinet” eskolako esperientziaren berri zuzena emango dute bertako zuzendari eta hezitzaile diren, hurrenez hurren, Montserrat Navarrok eta Lidia Estebanek. Horrez gain, Euskal Herrian bertan abian jarritako hainbat esperientzia ezagutzeko aukera izanen da. Tartean, Gaztematika, Harremonak eta aniztasunaren kudeaketa oinarri duten hainbat praktika.

Nagusiki, euskal hezkuntzaren topagunea den Hik Hasi ari da prestaketa lanetan, eta, jardunaldi hauen bidez, aurten 20 urte bete dituztela gogoz ospatu nahi dute. Euskal irakaskuntzan ziharduten guztien eztabaidarako zein elkarlanerako gune izateko bokazioz jaio zen, eta, bi hamarkadaren ostean bere horretan dihardu. Formazio-jardunaldi horietako lehen egunean heziketa ardatz duten herriak izango dituzte hizpide nagusi eta, bereziki, Hik Hasiren arabera, teknikariak, zinegotziak, hezitzaileak eta gurasoak izango ditu entzule. Bigarren egunean, berriz, aurreko parte-hartzaileez gain, irakasleak eta eskoletako hezitzaileak ere bertaratuko direlakoan daude.