Ander Gortazar Balerdi
Arkitektoa

Jokoz kanpo

Argudia liteke itxurakeria hutsa dela, marketin kontua, baina eraikinen jasangarritasun ziurtagiriak gero eta ohikoagoak dira, eta gero eta jende eta diru gehiago mugitzen dute inguruan. Ziurtagiri hauek eraikin berriek ingurumenean eragindako albo kalteak minimizatzea dute helburu; aldi berean, sustatzaileak dirua aurrez dezake epe ertain eta luzera, eta salmenta amu gisa ere baliagarriak dira. Inguruotan, Oronak Hernanin duen ikerketa zentroak eta IKEAk Baionan irekiko duen saltokiak, esaterako, harro erakusten dute jasangarritasun ziurtagiria.

Ezagunenak BREEAM eta LEED dira gurean. Metodologia ezberdinak erabili arren, parekoa dute prozedura: eraikin baten errendimendua neurtzen dute, eta horren araberako puntuazioa eman, jasangarritasunaren ikuspuntu ezberdinak kontuan hartuz. Egun-argiaren aprobetxamendua, CO2 isurpena, eraikuntza materialak, energia kontsumoa, hondakinak, garraioa... Futbolean bezala, puntu bakoitzak axola du eta partidu guztiak dira garrantzitsuak. Hala da, Juanan: miresgarria da sustatzaile, arkitekto eta ingeniariek jasangarritasun puntu bakoitza borrokatzeko erakusten duten grina.

Futbolaren similarekin jarraituz, 70 futbol zelaik adinako azalera izango du Gipuzkoako Parke Teknologikoak Irun eta Hondarribia artean hartuko duen eremuak. Miramon txiki gelditu da antza, eta bi udalok ados jarri dira Urdanibia-Zubietako lurrak enpresa jarduerari eskaintzeko.

Zalantzak zalantza (Miramongo okupazioa %70ekoa da, eta Bizkaiko eta Arabako teknologia parkeena ez da %60ra iristen), demagun proiektua aurrera doala. Sustatzaileek jasangarritasun ziurtagiriak eskatuko dizkiete arkitektoei, aholkulariak BREEAM edo LEED puntuak nondik lortu pentsatu beharko dute, eta hara non, konturatuko diren kokalekuak berak izugarri baldintzatuko duela puntuazio duin bat lortzea.

Izan ere, ezertan pentsatzen hasi aurretik, kokalekuak soilik ziurtagiriaren puntuen %10 arriskuan jar dezake, mugikortasun jasangarriari loturikoak, alegia. Puntuok kalkulatzeko metodologia Realari etxetik kanpo irabaztea baino errazagoa da: BREEAMek, esaterako, Excel formatuko taula sinple bat du eskuragai, hogei minutuko lana eskatzen duena. Nik neuk egin dut saiakera, eta tira, lerro hauek aprobetxatu nahi nituzke Gipuzkoako Teknologia Parkeko arduradunei esateko nekez lortuko dutela kokapenari dagokion punturik, arbitroaren laguntzaz ez bada.

Autobus sarea nahikoa ez, eta tren geltokiak urrunegi ditu garraio publiko bidezko irisgarritasun punturik lortu ahal izateko. Bizikleta bidezko irisgarritasunari dagokionez, egin liteke zerbait akaso, fede handiko gizona naiz-eta. Funtzio bakarreko eremua izanda –ez al da parke teknologiko kontzeptua alboratzeko garaia?–, hiri zerbitzuekiko gertutasunari dagokion punturik ere ez luke lortuko (amenities BREEAM jergoian, hots, janari denda, postetxe, kutxazain eta abarrak). Bada puntu interesgarri bat, gehienezko auto aparkaleku kopuruari dagokiona, baina ez dirudi kontuan hartzeko asmorik dutenik errepide sarbideak diseinatzeko beharra lehentasun gisa adierazi dutenean.

Asko hitz egiten dugu ikerketa eta berrikuntzaz, baina hirigintzari dagokionez lehengo lepotik burua. 70 futbol zelai, baina jokoz kanpo. •