Koldo Sagasti

Su txikiak Gasteiz piztera

Eduardo Galeanok zioen mundua su txikiek osatutako itsaso bat dela, eta su bakoitzak berezko dirdira duela. Ezberdinak dira su guztiak, batzuk handiak, besteak txikiak, kolore guztietakoak. Batzuk su motelean ari dira; besteek, berriz, sugar zoroa daukate, airea txinpartaz betetzen duen horietakoa. Horrexek ematen dio munduari duen xarma, aniztasunak, ezberdinen arteko elkar elikatzeak, elkarrengandik ikasteak, eta nor bereaz harro elkarri irakasteak... horrelaxe egin du aurrera gizateriak mundua mundu denetik. Zenbait, aldiz, mundua kolore bakarrekoa zeneko garaietara bueltatzeko tematuta daude.

Oroitzen dut Gasteiz Vitoria zenean. Orduan hiria kolore bakarrekoa zen. Zeruaz gain zeru azpikoa ere grisa zen hiri hartan; telebista, berriz, zuri-beltzean. Kolore bakarrekoa zen, halaber, hango jendea; eta hizkuntza ere, bakarra. Nik, inguruan gertatzen zen guztia ulertzen ez banuen ere, ordurako banekien helduek “grisak” izeneko gizon batzuei zietela beldur, baina horretaz ez zutela haurrokin sekula hitz egiten, eta akaso horregatik haien kopetak ere grisak zirela. Oroitzen dut bizilagun zurbilen hiri hartan beste kolore bateko pertsona bakarra zegoela, Essie Hollis, orduko Baskoniako fitxajea. Eta akordatzen naiz ordura arte beltzak entziklopedietan baino ez nituela ikusiak, eta gerripekoa baino ez zeramatela jantzita. Orduan deskubritu nuen bestelako kolore batzuk ere bazirela. Eta Hollisen atzetik beste asko etorriko ziren, eta hiriko grisari koloreak ateratzen hasi zitzaizkion. Eta orduan euskara ikasteak ere ahalbidetu zidan munduari kolore askotako antiojoez begiratu dakiokeela deskubritzea. Eta batzuen eta besteen ekarpenez hiri gris hura Galeanok irudikatutako su txikien itsaso bilakatu zen. Gaur da Gora Gasteiz Eguna, sugar horri hauspoa emango diogun eguna, kaleak berreskuratuz, plazetan aberats egiten gaituen aniztasuna erakutsiz, Gasteiz su biziz pizteko eguna. •