Pablo RUIZ DE ARETXABALETA
PRESIO ELTZEA

Thailandiako Armadak Shinawatraren aldekoak politikatik kanporatu nahi ditu

Thailandiako Armada, iaz estatu kolpea eman zuenetik, Yingluck Shinawatra eta bere jarraitzaileak politikatik kanpo uzteko buru belarri ari da, orain arteko hauteskunde guztiak irabazi badituzte ere. Lehen ministro ohiaren aurkako epaiketa azken urratsa izan da eta berotzen ari den egoera «presio eltze» bihur daiteke.

Thailandiako Armadak politikatik betiko kanporatu nahi du «alkandora gorrien» oposizioa, azken urteotan behin eta berriro hauteskundeak irabazten dituela ikusirik, batez ere nekazaritza inguruetako babes handiari esker. Lehenengo urratsa Yingluck Shinawatra lehen ministro ohia politikatik baztertzea izan da. Shinawatrari politikan aritzeko bost urteko debekua ezarri diote eta, horrez gain, hamar urteko kartzela zigorra jaso dezake.

Orain arte Thailandiako historian ez da inoiz horrelako neurririk hartu. Asanblea Nazionalak –190 alde, 18 kontra eta 18 abstenzio– kargua betetzeko gaitasunik gabe utzi zuen joan den urtarrilean. Zabarkeria leporatu zion arroz ekoizleentzako laguntzen kudeaketan. Ustez, laguntza horiek galera itzelak eragin zizkioten Estatuari 2011 eta 2014 urteen artean.

Baina Parlamentuak estatu kolpea eman zuten militarren aginduak jarraitzen ditu, militarrek beraiek izendatu baitzituzten diputatuak.

«Demokrazia hil da gaur Thailandian, baita legeari errespetua ere», salatu zuen Shinawatrak Parlamentuak erabakia hartu zuen egunean. «Ni suntsitzeko tresna bat da», gaineratu zuen.

«Probokazioa»

Ordu gutxira, Fiskaltzak, «ustelkeria» leporatuta, lehen ministro ohiaren kontrako prozesua iragarri zuen, baina bi gertaerak ia aldi berean izatea «ausazkoa» izan zela adierazi zuen. Fiskaltzaren arabera, nekazarien aldeko diru-laguntzen programa bat baliatuz, Shinawatraren Gobernuak arroza prezio erdian erosi zuen.

Auzitegi Gorenak salaketa baieztatu du eta hamar urteko zigorra izan dezaketen delituengatik epaituko du.

«Alkandora gorriak kalera ateratzeko probokazio hutsa da», esan zuen Jatuporn Prompanek, «alkandora gorrien» buruak. Hala ere, momentuz, Shinawatraren jarraitzaileei etxean geratzeko eskatu die, protestak egiteko une egokiaren zain. Argi dute militarrek gerra-legea erabiliko dutela edozein manifestazio eragozteko.

Yingluck Shinawatra 2011. urtean iritsi zen boterera, bere alderdiak hauteskundeak irabazita. Oposizioak beti hartu du bere nebaren txotxongilotzat. Neba, Thaksin Shinawatra, atzerrian bizi da gaur egun, bere aurkako jazarpenagatik, iheslari. Bera ere estatu kolpe batek atera zuen boteretik 2006an; ustelkeria ere egotzi zioten; politika egiteko gaitasunik gabe ere utzi, eta, azkenean, kartzela zigorra ezarri zioten.

Baina estatu kolpe eta guzti, hurrengo hauteskudeetan oposizioak ez zuen lortu garaipena eta berriro Shinawatrazaleak atera ziren irabazle. Ziklo hori (estatu kolpea-hauteskundeak-estatu kolpea-eta berriro hauteskundeak) behin betiko apurtu nahi dute militarrek orain Yingluck politikatik at behin betiko utzita.

Baina «alkandora gorrien» atzean nekazarien eta txiroen babesa dago. Oraingoan, mugimendu horrek oso zuhur jokatu du. Gobernua erori baino lehen ere, Shinawatraren dimisioa eskatzen zuten manifestariekin gatazkak saihestu zituen.

Hilabeteak egon ziren oposiziozaleak Bangkokeko erdialdean protesta egiten, azkenean militarrek esku-hartzea lortu arte. Egun horietan alkandora gorriak ez ziren kalera atera. Yingluck Shinawatrak berak ere lasai aurre egin zien protestei orduan, baita manifestariek administrazioko hainbat eraikin okupatu zituztenean ere. Estatu kolpearen ondoren, agerraldi sinboliko batzuk baino ez ditu egin, besteak beste, Bhumibol erregea dagoen ospitalean. Hala ere, errepresioaren aurkako protestak ez dira asko hedatu, epe erdira haserrea handitu badaiteke ere alkandora gorrien eta Shinawatraren jarraitzaleen artean.

«Haserrea kaleratuko da»

Thitinan Pongsudhira Bangkokeko Chulalongkorneko unibertsitateko irakaslearen arabera, azkenean haserre hori azaleratu egingo da. Bere ustez, Thailandia gero eta gehiago berotzen ari den «presio eltzea» baita.

Epe luzera, Armadarentzat egoera gobernaezina izan daiteke. Eskubideak eta herritarren askatasunak murriztuz, «nazio adiskidetze» prozesuari ekin diotela diote militarrek. Baina bereizketa politikoa eta soziala oso sakona da Thailandian.

Alde batetik, hirietako eliteak daude; Shinawatra familia ustelkeriaren ikurtzat daukate eta estatu kolpea babesten dute. Bestetik, iparraldean eta ipar-ekialdean Thaksin eta Yingluck Shinawatraren alde dago jende gehiena –batez ere nekazariak, eta Bangkokeko klase pobreak– , eman dizkieten laguntza sozialei esker. Babes horretaz baliatuz, bere alderdiak 2011 urtetik gaur arte hauteskunde guztiak irabazi ditu.

Yingluck Shinawatra 1967ko ekainean jaio zen Chiang Main, (iparraldean). Bederatzigarren alaba zen leinu txinatar boteretsu baten familian. 1938an abizena aldatu zuten eta Shinawatra izen tailandiarra hartu zuen.

Zeta merkataritzaren bitartez eta maileguek emandako diru-irabaziekin –garai hartan banka negozioa oraindik hasten ari zela– aberastu ziren. Chiang Maiko unibertsitatean Zientzia Politikan lizentziatu zen, eta 1990ean, AEBetako Kentucky Unibertsitatean doktoretza eskuratu. Hortik aurrera familiaren enpresak kudeatzeari ekin zion. Hala, AIS sakeleko telefono-operatzailearen zuzendari izan zen eta, azken etapan, SC Asset Company etxegintzako sektoreko enpresen presidente.

Nebaren kasuan bezala, boterean bi urte eta erdi zeramatzala, oposizioko Alderdi Demokratak Gobernuaren aurkako protesta kanpaina hasi zuen. Hainbat hilabetez Bangkokeko erdialdea erabat gelditzea lortu zuen. Azkenean, ezegonkortasunaren aitzakiarekin, Armadak estatu kolpea eman zuen berriro iazko maiatzaren 22an.

2007an, Epaitegi Konstituzionalak bost urtez kargua betetzeko gaitasunik gabe utzi zituen Thaksin eta beste ehun ordezkari politiko. 2008an, beste epaitegi batek, dagoeneko atzerrian zegoela, bi urteko zigorra ezarri zion. Ordutik atzerrian bizi da.

Orain bere arreba historia bera bizitzen ari da, baina oraingoan Parlamentua izan da, ez auzitegiak, politikatik bota duena.

«Nire errugabetasuna berresten dut», adierazi zuen Yingluck Shinawatrak Fiskaltzak salaketa jarri zuenean, eta auziak bere eskubideak urratu zituela gaitzetsi zuen. «Arrozaren diru-laguntzaren plana oso plan ona zen eta ez zuen inor kaltetu», gaineratu zuen. Hala ere, zigorra «ez da harritzekoa», esan zuen.

«Akusazio prozesuan ez nuen eskubiderik izan», salatu zuen Auzitegi Gorenak epaitegira eramango zuela iragarri zuenean, eta esku-hartze politikorik ez izateko eskatu zuen lehen ministro ohiak. Hala ere, epaiketan aurkeztuko diren lekukoengan eta frogetan konfiantza duela esan zuen.

Epaiketa bihar bertan hasiko da –estatu kolpetik ia urtebete ondoren– eta berarekin batera beste 21 pertsona eseriko dira akusatuen aulkian.

2014an Auzitegi Konstituzionalak Shinawatra dimititzera behartu zuen polizia-arduradun bat kargutik kendu zuelako, «nagusikeria» leporatuz. Eta horren ondoren hasi zen ustelkeriaren aurkako batzordea arrozaren gaineko diru-laguntzen auzia ikertzen. Ustelkeriaren aurkako batzordearen arabera, arrozaren plana hauteskundeei begira antolatutako estrategia izan zen. Lehen ministroak arroz tonako 15.000 bat (396 euro inguru) ordaintzea agindu zuen, merkatuan prezioa 7.000 batekoa zenean.

Erakunde horren arabera, planak 2011 eta 2014 urteen bitartean 13 milioi euro inguruko galerak eragin zizkion Estatuari, ustelkeria suspertu zuen eta, ordainketak atzeratu zirenez, nekazariengan kalte ugari eragin zituen.

Armadaren mehatxuak

Aste batzuk geroago, Armadak boterea ekuratu zuen, protestei loturiko indarkeria ekintzak ekiditeko helburuaren argudioa emanda. Gaur egungo gobernuak, Prayuth Chan-ocha jeneral ohi eta Batzar Militarraren presidente buru denak, adierazi zuen 2015eko bukaeran hauteskunde demokratikoak antolatuko zituela, baina dagoeneko gobernukide batzuek ohartarazi dutenez, hauteskundeek urtebeteko atzerapena izan dezakete.

Chan-ochak ziurtatu zuen ez zuela agindu Parlamentuak lehen ministro ohiaren kontra egitea. Hala ere, parlamentari gehienak militarrek aukeratu dituztenez, espresuki agindu beharrik ere ez zuen.

Demokraziaren aldeko eta Diktaduraren aurkako Frontearen bozeremaileak, berriz, bestelako iritzia du. Thanawut Wichaiditek esan zuenez, «ekintza horien helburua Yingluck eta Shinawatra familia osoa Thailandiako politikatik desagerraraztea da. Yinglucken gaitzespenen atzean esku ikustezin bat dagoela uste dut».

Azken hamar urteotan Shinawatraren aldeko mugimenduko 150 kideei politika egitea debekatu diete. Bitartean, Armadak oposizioa meatxatu egin du, protestak isilarazteko. «Laguntzeko eskatu diegu. Ez badute ulertzen, berriro aginduko diegu», adierazi zuen Udondej Sritabutrek, batzorde militarreko arduradunetako batek.

Hainbat oposizioburu deitu zituzten, besteak beste, Nattwut Saikuar, Alkandora Gorrien kidea. «Bere jarrera zuzentzeko gonbidapen» hauek –militarren hitzen arabera– ondorio latzak ekar ditzakete: herritik atera edo sartzeko debekua; zerga kontrol estuak edota kontu korronteak ezin erabiltzea.

«Eraikitzaileak ez diren galderak» egiten dituzten kazetariak ere mehatxu horien pean daudela gaineratu zuen Prayut jeneralak. Eta duela egun batzuk argiago utzi zuen, keinu serioz eta zalantzarik erakutsi gabe, honakoa esan zuen erregimenari gustatzen ez zaizkion albisteak argitaratzen dituzten kazetariez: «Litekeena da hiltzea».

Estatu Batuetatik iritsitako kritikek ez dituzte mehatxu hauek gelditu. Daniel Russel Asiarako Estatu idazkariaren albokoak esan zuen lehen ministro ohiaren aurkako auziak «politikoak izan daitezkeela». Atzerri Ministerioak berehala deitu zion AEBetako enbaxadoreari kritika horiengatik azalpenak eskatzeko.

Mehatxu horiek guztiak nahikoak ez balira, militarrek salatariak bilatzen dituzte herritarren artean. Chan-ocha batzorde militarreko buruak tailandiarrei eskatu zien segurtasun indarren «begiak eta belarriak» izateko.

Bangkokeko Auzitegi baten aurrean granada batek eztanda egin ondoren –biktima edo zauriturik gabe– militarrak adierazi zuenez, «atzerritarren konfiantza berreskuratzeko, segurtasunak lehentasuna izan behar du, eta herritarrei dei egiten diegu agintarien begiak eta belarriak izan daitezen». Izan ere, militarrek agintean jarraituko dutela ziurtatu nahi dute eta, horretarako, neurrira egindako Konstituzioa baliatuko dute.

Horrela, Konstituzio berria osatzeko lanetan diharduen batzordeak hartutako erabakiaren arabera, batzar militarreko kideek politikan parte hartzen jarraitu ahal izango dute. Ez da harritzekoa hori erabaki izana, militarrek beraiek aukeratu zituztelako batzorde horretako kideak.

Thaksin Shinawatra boteretik kendu zuen estatu kolpearen ondoren ere, 2007an, Konstituzio berria egin zen eta, horren arabera, Senatuak kontrol ahalmen handiagoa zuen, senatarien erdiak baizik ez zirelako izango hauteskunde bidez aukeratutakoak.

Modu horretan, militarrek eta epaileek lan horretan bere gustuko ordezkariak aritzea ziurtatu zuten. Baina oraingoan senatari guztiak goi-funtzionarioek izendatuko dituzte eta epaileek eta militarrek hainbat eserleku erreserbatuta izango dituzte.

Gainera, lehen ministroa bera ere ez da nahitaez hautagai gisa aurkeztutakoetako bat izango.

«Aurrerantzean, politikariak burokrata talde txiki baten kontrolpean egongo dira», dio Khemthong Tonsakulrungruangek, Chulalonngkorneko unibertsitateko konstituzio zuzenbideko irakasleak.

Iazko estatu kolpetik Thailandia gerra legearen pean bizi izan da. Lege horren ondorioz, turisten kopurua nabarmen jaitsi da, bidaia ajentziek ezin dutelako turistentzako asegururik erosi.

Agian horregatik, joan den martxoan legea bertan behera utzi zuten. Baina, bere ordez «44. sekzioa» izeneko artikulua erabiliko du. Artikulu horrek botere bereziak ematen dizkio Prayuth Chan-ocha lehen ministroari. Besteak beste, bost pertsona baino gehiagoko manifestazioak debekatu; kargurik gabe edozein pertsonaren zazpi eguneko atxikoletak agindu, komunikabideak zentsuratu; hots, gerra legearen antzeko mugak.

Dagoeneko ehunka politiko eta aktibista kargurik gabe atxilotuta eraman dituzte Armadako koarteletara eta epaitegi militarrek horietako batzuk epaitu eta zigortu dituzte.

Estatu kolpea ixteko azken urratsa

Thailandiako militarrak estatu kolpearekin hasitako eszena politikoa itxiko duen eta bere etsai politikoak boterera itzultzea galaraziko duen Konstituzioa prestatzen ari dira. «Konpondu beharreko azken hamar urtetako arazoak aztertuz idatzi dugu Konstituzioa», esan du Paiboon Nititawanek. Nititawan Gobernuaren aurkako iazko protesten buruetako bat izan zen eta militarrek saritu egin dute Konstituzioa idazteko batzordean sartuz. 2016an agindutako hauteskudeekin batera, Konstituzioa sistema berriaren oinarria izango da, baina 80ko hamarkadakoaren antza handia izango du –ez hautatutako militar batek eta elite monarkikoak zuzendua–. Lege berriak Shinawatrazaleen parte hartzea debekatuko du, 2001etik hauteskunde guztiak irabazi arren. Teknokrata-talde batek hautatuko ditu senatariak eta hainbat eserleku gordeko dira epaileentzat eta militarrentzat. Hala, Shinawatraren aldekoek debekuak saihesteko moduren bat aurkituta ere, hauteskundeen ondorengo Parlamentuaren edozein erabaki kontrolpean izango dute Senatuaren betoarekin. Paiboon neurri horien alde dago alderdi politikoetatik badatoz, «errazagoa izango delako usteltzea», politikan sartzen diren enpresaburu handien kontra elite tradizonalen diskurtsoa erabiliz.