Antton Izagirre

Hausnar

Hausnar egiten dute abere belarjaleek, ordutan sartu eta sartu, beste zereginik gabe jardun, ondoren berriro ahoan murtxikatu eta digeritu behar dutenean. Elikagaia nolakoa digestio sistema halakoa. Eraldaketa genetikorik ezean animalia hausnartzaileek beren sistema garatzen darraite.

Giza abereoi ere sistema politikoa animalia hausnartzaileen modura ezarria digute, gutxienez lau urtez behin, hausnar egiteko abagunea. Abere arima hori egokia iruditzen zaie gure agintariei hauteskunde egunaren bezperetan. Haiekin alderatuta adierazi nahi digute hauteskunde kanpainako hamabost egunetan jaso ditugun mezuak eta edukiak, promesak eta egitasmoak zail gertatzen zaizkigula bat-batean barneratzeko eta digeritzeko. Ordu luzeak beharko ditugula abereen modura lasai ederrean etzateko bazterren batean entzun eta esandakoak banan-banan aletzeko, hautestontzietan egingo dugun hautua zentzuzkoena izan dadin.

Ez dakigu horren beharrik inoiz izan dugun, baina, azkenaldi honetakoa ikusita, abereen kasuan ez bezala, giza arima genetikoki aldatzen ari den susmoa dugu, eta behar fisiologikoa izan beharko lukeena erabat desgaitua digutela sumatzen dugu.

Gaur, ofizialki “hausnarketa eguna” izendatutako honetan, nork aurkitu lezake zer eta zertaz hausnartu? Nork du zalantzarik? Alderdi politikoek, komunikabideek, gure lana beharko zukeena, hots, hausnarketa, jadanik egina eta ongi murtxikatua emana digute. Jakin-gosea beharko zukeena ez digute asebete, kolpetik ekidin digute; egia, egia bakarra dagoeneko ahi bihurturik ahoratu digute, digestio beharrik ez, zuzen-zuzenean odolera. Jadanik badakigu besteena arras okerra eta aldrebesa dela, kaltegarria eta hutsaren hurrengoa, ez dugula hausnartu beharrik. Azken batean, ez dugula beste zereginik, geureari botoa eman besterik. •