Naiara Garzia

Optimismoaren aldarrikapena

Duela hamar bat egun Clara Obligado ezagutu nuen Donostiako liburu-denda batean egin zuen aurkezpenean. Madriletik iritsi berria zenez ezustean harrapatu zuen hemengo hezetasun eta udaberriko hotzak. Aulki altu batetik hitz egin zuen, poltsa hanken gainean zuela, marroi ilunez jantzita. “La muerte juega a los dados” izena du aurkeztu berri duen liburuak eta eleberri bat bera ere irakurri gabe zenbait hilabete eman ondoren, asteburu batean irakurri dut: aristokrazia argentinarra, 1930eko Paris, diktadura argentinarraren biktima bat, aberatsen bizitzaren testigu den Parisko etxea, urte batzuk geroago nazietatik ihesi dabilen pertsona baten gordeleku izanen dena... eta, aldi berean, suspense puntua ematen dion aristokrata baten erailketa. Pertsonaia eta egoera asko azaltzen dira eleberri eta ipuinaren artean dagoen liburu honetan, eta horietariko asko existitu zirela jakiteak beste garrantzi bat ematen dio.

Optimismoaren inguruan mintzatu zen, besteak beste, Obligado: «Egoerarik makurrenean ere, diktadura batean, lurrikara baten aurrean... beti bada askatasunerako tarte txiki bat eta hor optimismoa norberaren hautua da». Eta gero, barrez: «Jorge Bucayren antza hartzen ari banaiz abisa iezadazue...». Hitz horiek hunkigarriak izan ziren, gure espazio pribatua ezkortasunez beteta dagoen garai honetan, ezinbestekoak.

1976an iritsi zen Espainiara diktadura argentinarretik ihesi. Bere bikotea zena erail berria zuten eta 9 kiloko maleta zuen eskuan. Besterik ez. •