Politika da kontua
Aste honetan Greziaren eta nazioarteko hartzekodunen artean hamaikagarren negoziazio saioa egiten ari da. Nonbait, ostirala izango da egun klabea. Bi aldeak akordio batera iritsiz gero, Europar Batasunak baliabideak askatuko ditu Greziako Gobernuak Nazioarteko Moneta Funtsarekin dituen konpromisoak bete ditzan. Hori ez bada gertatzen, Greziako Gobernuak bere lehentasuna beste konpromiso batzuei aurre egitea izango dela aurreratu du, herritarrei bideratu beharreko ordainketak egitea, alegia. Aurreko hilabeteko egoerarekin gauzak ez dira bereziki aldatu. Syriza koalizioak hauteskundeak irabazi zituenetik, urtarrilean, hilabetez hilabete egoera berdintsua errepikatu da. Eta ematen du horrela jarraituko duela kontuak.
Batzuetan eskatzen didate azaltzeko zeintzuk diren Greziak dituen arazo ekonomikoak eta zergatik suertatzen den hain zaila konponbide bat bilatzea. Nire iritziz, Greziako Gobernuak dituen arazoak, funtsean, ez dira ekonomikoak, politikoak baizik. Orokorrean, nahiz eta askok horrela irudikatu, kontu ekonomikoak ez dira norabide bakarrekoak izan ohi; muga zehatz batzuen baitan, aukera ezberdinak daude beti. Lehentasun kontua da bide bat edo bestea aukeratzea. Horregatik, Greziak duen arazoa guztiz politikoa da, bere Gobernuak aukeratu duen bidearekin lotuta baitago.
Syriza koalizioak jendearen, batez ere herritar xumeen ekonomia suspertzeari lehentasuna eman dio, horrek suspertze orokorra ekarriko duelakoan. Herritarren ekonomia hobetzen bada, enpresen ekonomia bera ere hobetu egingo da: salmenta gehiago izango dituzte, lanpostuak sortuko dira eta irabaziak banatuko dituzte. Alderantziz jokatuz, ez da beti efektu berdina lortzen; hau da, enpresen ekonomia hobetzen bada, dibidendu gehiago banatuko dituzte, baina herritarren ekonomiak egoera kaskarrean jarrai dezake. Hala ere, bigarren bide horrekin tematuta jarraitzen dute boteretsuek. Helmut Schmidt berak, Alemaniako kantzilerra zela, esaldi famatu bezain faltsu batekin laburbildu zuen iruzurra: «Gaurko irabaziak biharko inbertsioak eta etziko enplegua dira». Gaurko irabaziak biharko dibidenduak izango dira, ez inbertsioak. Hortik aurrera, ezer ez. Inbertsioak egin nahi badituzte, ez dute zertan itxaron etekinak pilatzeari, kredituak eskatzea nahikoa dute. Kuriosoa da, baina, herritarrentzat ona dena, beti kokatzen dute urrats bat harago, inoiz ez da hurrengo urratsa.
Syrizak gidatzen duen Greziako Gobernuak bere planteamenduarekin arrakasta lortzen badu, boteretsuen eskema guztia hankaz gora jarriko du; onartu beharko dute beste bide batzuk badaudela, eta, gainera, herritar xumeentzako onura gehiago dituztela bide horiek, lana eta aberastasuna hobeto banatzen dituztelako. Azken finean, onartu beharko dute arazoa politikoa dela, ez ekonomikoa. Horregatik, europar instituzioen apustua ez da adostasuna bilatzea; Greziako Gobernuaren porrota du helburu. Kredituen epemuga batetik hurrengo epemugara soilik askatzen dituzte baliabideak europar erakundeek, eta, horrela, bahituta mantentzen dute Greziako Gobernua. Etengabeko negoziazio horretan energia gastatzen duen bitartean, beste fronte batzuk alboratzen ditu Greziak. Testuinguru horretan, alde batetik herritarren bizi baldintzen hobekuntza oztopatzea lortu nahi dute europar erakundeek, eta, bestetik, hauteskundeak irabazi dituen koalizioaren baitako barne tentsioak areagotzea. Komunikabideen arabera, %40ra iristen da dagoeneko kritikoen indarra.
Garai batean, ezkerreko gobernuei aurre egiteko, botereak estatu kolpeak antolatu, finantzatu eta babesten zituen. Gaur egun –Europan, behintzat– zibilizatuagoak bihurtu dira. Ez dute jada estatu kolperik antolatzen, gobernuen aurkako jazarpen ekonomiko, politiko, sozial eta mediatikoa baizik. Horrekin bi helburu bilatzen dituzte: gobernua sostengatzen duten indarrak ahultzea eta aurkarien indarrak batzea. Gure inguru hurbilean ere horrelako estrategiarik ikusi dugu. Etorkizunera begira, Europako ezkerreko indarrek asko dute jokoan Grezian. •
