Aimar Etxeberria Korta
SHERPA

Bilaketarik gabe erabiltzailearen araberako informazioa ematen duen aplikazioa

Sherpa izenarekin bataiatu du Xabier Uribe-Etxebarriak telefono mugikorretan informazioa bilatzeko eta jasotzeko moduak hankaz gora jarriko dituen aplikazioa. Bilaketarik egin beharrik gabe erabiltzailearen beharrei egokitutako informazioa ematen du aplikazioak, informatzailerik onena bilaketarik behar ez duena dela uste duelako sortzaileak.

Bere adierarik sinpleenean, telefono mugikor batean erabiltzeko garatua izan den aplikazio bat da Sherpa. Baina ez dugu arrazoi horregatik ekarri aipatu aplikazioa orriotara, sorrerako helburuak betetzeko gaur arte egin den aplikaziorik hoberenetakoa delako baizik.

Sherparen helburu nagusia informazioa ematea da, hau da, telefono mugikorraren erabiltzailearentzat informazio iturri izan nahi du Sherpak, baina modu ezberdin batean. Horren inguruan hitz egin du Xabier Uribe-Etxebarria Sherpa enpresaren fundatzaile eta zuzendari nagusiak GAUR8rekin. Uribe-Etxebarriaren arabera, hiru atal nagusi ditu erabilera publikora atera berri den aplikazioak.

Hasieran aipatu bezala, telefono mugikorraren erabiltzailearentzat informazio iturri izan nahi du Sherpak. Herri baten, musika talde baten, eguraldiaren edota beste edozein konturen inguruan galdetu eta erantzun bat ematea da Sherpa aplikazioaren lehen helburua. Baina aplikazioaren sortzaileak dioenez, hori ere ohiko informazio iturriekin alderatuta (sareko bilatzaileekin kasu) «modu ikusgarriago eta erabilgarriagoan» egiten du. Izan ere, bilaketaren arabera egokitzen diren erantzunak ematen ditu Sherpak: herri baten inguruan galdetuz gero herriaren webgune ofiziala, bertako eguraldia edota bertan –edo gertu– dauden ekitaldi eta leku interesgarrien berri ematen du; musika talde baten inguruan galdetuta, berriz, bere webgune ofiziala, taldearen hurrengo kontzertuak edo abesti ezagunen zerrendaren berri ematen du. «Batez ere azpimarratutako esteketatik egin dugu ihes, gailu mugikor batera hobeto egokitutako emaitzak erakutsiz», dio Uribe-Etxebarriak.

Aplikazioaren erabilera horrez gain, laguntzaile pertsonal baten lanak ere egin ditzake Sherpak. Adibidez, mugikorrean alarma jartzeko eskaera egin diezaioke erabiltzaileak. Kasu horretan ez dago inolako informazio bilaketarik, agindu bat ematen zaio eta aplikazioak bete egiten du.

Baina gehien sakondu duten arloa bestelako bat da, aplikazioaren erabiltzailearen beharrei aurre hartzearena, alegia. Sherpara sartu bezain pronto, eta erabiltzailearen gustuen arabera, hainbat konturen berri ematen du: zinemetan dauden filmen berri, erabiltzailearen kokapenaren arabera inguruan dituen ekitaldi interesgarrien berri... «Guretzat, informatzailerik hoberena, bilaketarik egin gabe informazioa emango ligukeen hori izango litzateke», adierazi du Sherparen sortzaileak. «Adibidez, goizean esnatu eta egiten duen eguraldiaren arabera zer arropa jantzi gomendatzen dio erabiltzaileari, erabiltzailearen interesen arabera jazo diren albisteen berri ematen du, telebistan emango duten programen zerrenda erakusten du...», azaldu du. Eta guztia gailu mugikorrean edo erabiltzaile berarekin egin diren bilaketen arabera egiten du, landu duten algoritmo bat baliatuz.

Aplikazioa, gehiena bederen –azpikontratatu behar izan dituzten hainbat lan kenduta–, Euskal Herrian garatu dute.

Bideo bat, inspirazio iturri

Hiru urteko lan luzea du atzean Sherpak, eta oraindik ez du amaiera ikusi, Uribe-Etxebarriaren arabera beti egongo baita zer hobetua. «Orain arte lortu dugunarekin, ordea, eroso aurkitzen gara aplikazioari hedapena ematen hasteko, hau da, aplikazioa erabilera publikora ateratzeko», dio.

Aplikazioa garatzeko lan erreala azken hiru urteotan garatu badu ere, aspaldidanik zebilkien buruan Uribe-Etxebarriak Sherparen antzeko zerbait sortzeko ideia. 80ko hamarkadaren amaiera izango zen John Scally enpresariak egindako “The Knowledge Navigator” ikusi zuenean. Laguntzaile pertsonal baten inguruko bideoa zen, pertsona bati bere egunerokoan laguntzen ziona, hitz egin zezakeena, hainbat eginkizun egin zitzakeena. Bideo hura izan zuen inspirazio iturri Sherparen sortzaileak.

Beste enpresa batean ziharduen lanean Uribe-Etxebarriak Sherpan aplikazioa garatzeko egitasmoan buru-belarri sartzea erabaki zuenean, ondorioz, hura utzi beharrean suertatu zen. «Munduan diren enpresa handienekin lehiatzea nuen amets, gauzak beste era batera eginez eta zegoena hobetuz», dio. Zentzu horretan, egitasmo bat abiarazteko behar den elementu garrantzitsuenetakoa lantalde on bat izatea dela dio, «konplikatua den kontua. Inguruan jende ona behar da –jarraitu du–, proiektuarekin konprometitutakoa. Hori bai, batez ere, helburuak ongi zehazteak ekarri gaitu egungo egoerara».

Horregatik, azken hiru urteotan indar guztiak produktuan, hau da, Sherpa aplikazioan, jarri dituztela argitu du Uribe-Etxebarriak. Hamabost lagun inguruko lantaldea –horien artean denetarik, informatikoetatik medikuetara – ibili da jardunean, baina askoz ere pertsona gehiago izan dira aplikazioan euren aletxoa jarri dutenak azpikontratatu behar izan dituzten lanen ondorioz. Orain, produktuak –Sherpak– forma hartu duenean hasi dira banaketarekin pentsatzen, eta horren ondorio da Samsung etxearekin itxi duten banaketa akordioa.

Produktua eta saltzen jakitea

Aipatu bezala, banaketaren inguruko akordioa erdietsi du Sherpak Samsung etxearekin. Horren ondorioz, Samsung markako telefono mugikor guztiek instalatua izango dute Sherpa aplikazioa. Berrikuntza nabarmena da multinazionalak gaur arte gisa honetako aplikazioekin izan duen jokaera ezagututa, lehenengo aldia izango baita Samsung berak garatu ez duen aplikazio bat masiboki txertatuko duela bere mugikorretan. «Hasteko, Estatu espainiarrean saltzen diren telefono mugikorren erdietan gure aplikazioa instalatuta egotea lortu dugu. Lan karga ere handituko zaigu eta ez gara horretan geratuko, akordio gehiago nahi ditugu», adierazi du Uribe-Etxebarriak.

Akordioa erdietsi izanaren gakoa produktuaren kalitatean eta hau saltzen jakitean egon dela uste du Sherparen sortzaileak. «Produktua nahikoa ona zela ikusi genuenean sektoreko enpresa handienekin hitz egiten hasi behar genuela pentsatu genuen; Samsung da Android sistema eragilea erabiltzen duten mugikorren artean enpresa handiena», azaldu du.

Aurrez kontaktua egina bazuten ere, Bartzelonan ospatu zen Mobile Word Congress batzarrean izan zuen enpresako goi karguekin zuzeneko harremana egiteko aukera. «Hara joan, ausartu, atea jo eta esatea da: ‘Begira, gauza bat kontatu nahi dizut’. Jendea harritu egingo litzateke ikusiko balu enpresa handietako zuzendari nagusiak zenbateraino dauden entzuteko prest», azaldu du. Hori bai, etxeko lanak egin zituen Bartzelonara abiatu aurretik: bertan zein zuzendari nagusi egongo ziren aztertu, euren aurpegiak ikasi, eta, garrantzitsuena, saltzen jakin. «Ongi saltzen jakin behar da eta ikusi behar dute eurentzako errentagarria den zerbait eskaintzen ari zarela, bestela oso zaila da. Garrantzitsua da ere hartzailearen arabera zure mezua eraldatzen jakitea, berak entzun nahi duen hori esatea; ez da gauza bera Samsung, Telefonica edota Vodafone enpresei saltzea», azpimarratu du.

Samsungeko arduradunekin ez ezik, Apple etxearen sortzaileetako batekin ere egon da Uribe-Etxebarria Sherparen berri emanez. Pertsonalki bildu zen Steve Wozniak berarekin: «Esan zidan 30 urte edo zeramatzala egunean hogei enpresa inguru bistatzen. Gehienak onak iruditzen omen zaizkio, baina gure produktuaren berri entzutean sentitu omen zuen bere bizian bigarren aldiz oso ona zen zerbaiten aurrean zegoela». Hori guztia esaten ari zitzaion bitartean, ezin sinetsita zegoela-eta, esandakoa errepikatu eta bideoz grabatzeko baimena eskatu zion Uribe-Etxebarriak Wozniaki. Hala, beretzako gordea duen bideo bat mantentzen du, bateren batek sinesten ez badio froga bezala erakusteko.

Ordea, jakin badaki Apple etxearekin akordio bat erdiestea askoz ere konplikatuagoa dela. Baina euren asmoa hedatzen jarraitzea da eta horrek gero eta plataforma gehiagotan egotea eskatzen die halabeharrez. «Androiden gaude orain, baina handitzen jarraitu nahi dugu. Urratsez urrats, ordea. Ondo egin dugun gauzetariko bat hori da eta aurrerantzean hala jarraituko dugu», dio, urratsak neurtzen ariko balitz bezala.

Arrakastaren formula

Egindako lan guztiaren oinarrian iraunkortasuna dagoela dio Uribe-Etxebarriak, esaten duenak batzuen belarritan txorakeria hutsa izatearen itxura har dezakeela jakin arren. «Nik formula bat daukat, arrakastarena. Beti esaten dut arrakasta eta porrotak ez daudela kanpoko zirkunstantzien menpe, horiekiko hartzen dugun jarreraren menpe baizik», azaldu du.

Zentzu horretan, oso garrantzitsua zaio jarraikortasunaren ideia, jakitun baita kolpeak alde guztietatik hartzen direla. «Ahaztu ezerezean zaudela iristen den inspirazio momentu horretaz, magikoa den ideia batek guztia konponduko dizun usteaz. Azken hiru urteotan etengabe borrokan ibili gara, iraunkortasunez, eta horrek ekarri gaitu gaur egungo leku honetara», azpimarratu du.

Guztiaren atzean, ordea, aitortzen du kalitatea behar dela, beti aurkakoak zaingo diren kanpo zirkunstantzia horiei aurre egiteko. Horretan, ordea, uste du ez direla besteak baino gutxiago, «zerbait izatekotan, besteak bezain azkarrak gara». Baina jarreran dago gakoa:&flexSpace;«Uste dut jendea ez dela ausartzen proiektu berriak abiatzera handi egiten zaielako. Talentuan denok gara antzekoak, baina jarreran ezin digute irabazi». Google du hizpide une oro lehiakortasunaz hitz egitean, euren Google Now aplikazioa baitute aurkari nagusi: «Googlek korri egiten badu, guk hegan egin behar dugu».