Unai Fernandez de Betoño
Arkitektoa

Borroka bakarra

Subilla Gasteizen egindako Frackanpada interesgarriari esker birgogoratu ahal izan genituen lurraren aldeko hainbat borroka esperientzia, pasa den uztailaren 13an. Denak batera, elkarren segidan: Lemoizko zentral nuklearraren aurkako borroka, Leitzarango autobidearena, Itoizko urtegiarena, Pirinioak Nafarroatik zeharkatzeko autobidearena, abiadura handiko trenarena eta, modu inplizitu zeharkakoan, haustura hidraulikoarena. Sei borroka ezberdin, kapitalismoak bere azpiegitura erraldoiak han-hemenka gauzatzeko estrategia gupidagabeen berri eman zigutenak. Baita Euskal Herriko azken hamarkadotako herri mugimendu ekologisten bilakaeraren erradiografia panoramiko zabala ere. Etorkizun gerturako zer pentsa ematen duena.

Errepresio bortitza; isunez itotzea; kriminalizazioa; herri mugimenduetan motibazioa galarazteko eta zatiketak eragiteko posibilismo itxurakoa (diseinuen alternatiba ezberdinak proposatuz); errentagarritasun ekonomikoaren nagusitasunaren argudio eztabaidaezina; aurrerapenaren eta demokraziaren esklusibotasunaren aldarrikapena; gauez eta azpikeriaz argitaratzea proiektuei alegazioak jartzeko epeak… Antzerako erantzunak eman dituzte legezko bortxaren monopolioa eta hedabide nagusien kontrola duten erakunde ofizialek. Hala ere, estrategia nagusi bat eduki dute kasu guztietan: atzerakorik gabeko ekintza burutuen politika irmo eta aldrebesa. Lehenik, badaezpada, eraiki; ondoren, justifikazioa bilatu.  

Frackanpadan autokritika zintzoa ere egin zen, ordea. Batzuetan, baldintza politiko berrietarako egokitzapen falta jazo omen da (borroka armatuaren zilegitasunaren bilakaera aipatu zuen Josu Torre Lemoizen aurkako Mungiako plataformako kideak), bestetan tokiko jendea aktibatzeko giharrak ez du behar beste funtzionatu (beharbada, Nafarroa Behereko LEIA mugimendua izan da lekuan sustraituena, Mikel Alvarez AHTren aurkako Donostiako taldeko kidearen iritziz), eta, azken hamarkadan, bereziki, epaitegien eta instituzioen bide arautuekiko fede handiegia eduki ei da, Julio Villanueva Itoitzekin Elkartasuna taldeko kideak ohartarazi bezala.  

Zentzu horretan, fracking edo haustura hidraulikoaren aurkako mugimendua ereduzkoa izaten ari dela komentatu zen, gizarte zabalarekin konektatzea lortu delako. Kaleko aktibazioa ahaztu gabe (2012ko Gasteizko manifestazio jendetsu eta anitzak mugarri bat ezarri zuen), EAEko Legebiltzarraren babes legala ere arrakastaz eskuratu berri du, 103.000 sinadura baino gehiago lortu ondoren. Lorpen horrek, baina, jendearen baretze arriskutsua ekar dezake, Mikel Otero Fracking Ez Arabako kidearen ustez. Eta, haustura hidraulikoarena bizitzaren aurkako eraso erabatekoa izanda (lotura gehiago du, hortaz, Lemoizko edo Garoñako kasuekin, besteekin baino), ez da komeni gehiegi lasaitzea.

Kalearen mailako herri kontzientzia eta instituzioen mailako bide ofiziala irmoki uztartuko dituen mugimendu bateratua osatzeko deia entzun zen Frackanpadan. Bakarra baita Lurra defendatzeko borroka. •