Iratxe Urizar

Iruzurrezko kartak

Hogei urte oraindik bete gabe dituzunean zaila da etorkizunean zer egingo duzun zehaztea, hurrengo urteetako ahaleginak eta dirua zertan erabiliko dituzun erabakitzea. Karrera bat aukeratzeko orduan zuzenbidea hautatu genuen askok eta askok (gazte eta iraultzaile izanik horrelako erabaki bat “etsaiaren” mandatuei men egitea bezala ulertzen zen ia), jokoaren arauak ondo ezagutzea genuen buruan. Gauzak pixka bat edo asko aldatzen ez diren bitartean, gainera, guk aukeratu ez ditugun joko eta jokalekuan aritu behar badugu, eta, beraz, bertako arauen menpe egotera behartuta bagaude, jarraibide eta erregela horiek ondo ikasi behar ditugu, horiek nola erabili eta horiei zukua nola atera jakin behar dugu, eskaini ahal dizkiguten aukera guztiak hausnartu.

Egia da ez dela asko ikasi behar konturatzeko joko honetako kartak iruzurrezko kartak direla. Aldeetako batek ederki asko daki joko-arauetatik salbuetsita dagoela, eta joko-arauak bere neurrira moldatu, okertu, bihurritu edo, bere hitzetan esanda, “lege-ingeniaritza” egiteko ahalmena duela, arauak bere nahi edo beharretara egokitzeko. Interes horiek, gainera, aldatuz joan daitezke, baina berdin-berdin dio: arazo barik joango dira beraiek ere joko-arauak aldi berean aldatzen.

Horregatik guztiagatik izango da akaso, baina, halako batean, jokalariak beste batzuk direnean, karta-sorta bestelakoa denean, konfiantza apur bat eskaini, besterik ezin dugu egin. Ez konfiantza gehiegi, baina, hurbilean duguna ezagutu eta gero, ia beste edozer iruditzen zaigu hobea. Nazioarteko legedi eta auzitegiei buruz ari naiz, beste herrialdeetako ezkerreko jendeen harridurarako, euskal herritarrok begi onez ikusten ditugun horiei buruz, hain zuzen ere. Hemen kontua ez da Estrasburgoko Auzitegia aurrerakoia dela baieztatzea, ezta gutxiago ere. Nazio Batuak eta antzeko instituzioak ezker erradikalekoak izatetik urruti daude. Ez da kanpotik benetako soluziobide mirakuluzko batekin etxean ematen diren neurrigabekeria eta errepresio-politika itogarriaren judizializazioari erantzuteko modurik. Aintzat hartu behar da botere faktikoak eta horien interes ekonomiko eta politikoak direla benetan agintzen dutenak, eta, elkarren lagunak izanik, estatuek ez dutela beste estatuen ahuldade eta miseriak kaleratzea gustuko. Hori horrela izanda ere, tamalez esan behar da etxekoa bezain txarrik apenas dagoela.

Ematen du, gainera, zinismoaren puntu gorenera helduta, borreroek onartu egiten dutela nazioarteko komunitateak betetzen duen arbitro funtzioa. Sinestezina badirudi ere, biktimak animatzen dituzte «Estrasburgora joan daitezen», beraien eskubideak bortxatuak izan direla ulertzen dutenean; edota salaketak aurkezten badituzte, horien kontra argumentatzeko, «Giza Eskubideen Europako Auzitegira jo ez izana» erabiltzen dute argudio gisa. Finean, estrategia horrekin aditzera ematen dute etxeko epaitegietan ez dutela konponbide edo aitortzarik topatuko. Kasu honetan kartak banatzen dituenak finkatzen ditu arauak, baina amarrutan dabil, aldez aurretik iruzurrezko kartak banatu ditu-eta.

Inork baino hobeto dakigu jauntxo ahaldun sentitzen direnei kanpotik epelekoak esaten dizkietenean gure salaketei ahotsa ematen dietela, ondo ezagutzen dugun errealitate gordin baina isildua ezagutzera ematen dute Madrileko Gobernuaren gehiegikeriak azaleratuz. Aurreko ostegunean horrelako beste bozgorailu bat izan genuen. Uztailaren hasieran Estatu espainiarrari egindako eskubideen inguruko azterketaren ondorioz, Nazio Batuen Erakundeko Giza Eskubideen Batzordeak bere gomendioak kaleratu zituen. Ez dira kritika anbiguo edo zehaztugabeak, kritika zorrotz eta zehatzak baizik, Maria Atxabalek pairatutako torturengatik Espainia kondenatu eta ezer egin ez zuela salatu du, esaterako. Gure arrakero hurbilekoak lotsagorritu gabe adierazi zieten batzordekideei, egindako galdera jario etengabeari erantzunez, gomendioek ez zutela inolako efektu lotzailerik beraiengan, han zeuden denak zur eta lur utziz. Logikoa den bezala, espainiar delegatuei han zer egiten zuten orduan azal zezaten eskatu zieten. Esan bezala, ez gara kanpotik etorriko diren konponbideen zain egongo, ondo dakigu hori gure esku dagoela. Baina txosten batek, orokortasunetatik urruti adibide zehatzekin gogoratzen duenean Espainia azpijokoen erregea dela, egoerok behin betiko alda daitezen beste pausu txiki bat eman dela baino ezin dugu sentitu. •