Dabid LAZKANOITURBURU
«ZORIGAIZTOKO ARABIA»

«Arabia Zoriontsua» zena txirotasun eta gerra eremu bilakatu da azken urteotan

Yemenen ez dago jada antzinatean goraipatzen zuten poztasunik. 2011ko matxinadaren porrotaren ostean gerra nagusitu da berriro herrialdean, oraingoan ere Saudi Arabiaren eskutik. Kontuz, ordea, aurreikuspen sektario hutsalak egitearekin. Horrela ez baitago Yemen, eta, oro har, mundu arabiarra, ulertzerik.

Antzinatean “Arabia Zoriontsua” bezala bataiatu zuten Yemen. Izan ere, Arabiako basamortuarekin alderatuta, Yemengo lurra aberatsa da eta bertako hiriak munduko zaharrenetarikoak dira. Greziako, Erromako eta Egiptoko inperioek ondo ezagutzen zituzten Yemengo landetan hazten ziren produktuak edota bertako erreinuetatik igarotzen ziren jaki eta espeziak. Asia eta Afrikaren arteko merkataritza harremanetan ardatz estrategikoa zen Yemen, Bab al Mandeb itsasartearen bitartez.

Bada, gaur egun, herrialde arabiarren artean txiroena da. Umeen hilkortasun tasa %57an dago, bizitza itxaropena 64 urtekoa da eta biztanleen %40 analfabetoak dira. Hori gutxi balitz, porrot egindako estatua dela dirudi gero eta argiago, gerratan itotako estatua. Nola demontre bilakatu da garai bateko “Arabia Zoriontsua” egungo “Zorigaiztoko Arabia”?

Asko hitz egin daiteke herrialdearen porrotaren arrazoi historikoei buruz. VI. mendean Sasanidarren Inperioak inbaditu zuen lurraldea eta, munduko zonalde hartako merkataritzan zuen garrantzia galtzeaz gain, bertako nekazaritza eta artisau ekoizpenek hondoa jo zuten pertsiarren inbasioaren eraginez. Beste aditu batzuek islamaren iritsiera ere azpimarratzen dute krisiaren hasiera gisa. Izan ere, erlijio musulmana bere egin zuen lehen herrietako bat izan zen Yemen, eta asko izan ziren islama hedatu asmoz Al Andalusera, Afrikako iparraldera eta Asia aldera abiatu ziren yemendarrak. Jaioak eta kultuak ziren irten zirenak eta hutsunea nabaritu zen Yemenen bertan geratutako eliteen artean.

Lehoiaren buztana

Geografikoki, ekonomikoki eta politikoki hibrido bat da Yemen. Betidanik Afrikako kontinentearekin lotura eta harreman ekonomiko sendoak izan ditu (migrazioak ahaztu gabe), baina, bide batez, yemendarrek lehen arabiarrak direla aldarrikatu izan dute betidanik. Harrotasun horrek ez die, ordea, mesede handirik egin eta egun Pertsiar Golkora eta oro har arabiar mundura erabat kateatuta dago Yemen. Kateatuta diogu, lotura horrek ez baitio onurarik ekartzen, arazoak baizik. Arabiar Ligan ez du inolako pisurik eta nazioarteko indarrek, batez ere Ameriketako Estatu Batuek, Saudi Arabiako lurralde erantsia balitz moduan ikusi dute beti Yemen. Baita orain ere.

Paradoxa dirudi baina VI. mendean Sasanidar inperioaren jardunak Yemen nora ezera kondenatu zuen moduan, egungo eskualdeko potentziek, saudien erreinuak lehenik eta behin, gogor eusten diote Yemen itotzen duen soka estuari. Saudi Arabiak beti ikusi du Yemen gertuko lehiakide estrategiko gisa. Saudi Arabiak baino lau milioi biztanle gutxiago ditu Yemenek, baina saudien erreinuan biztanleen %40 atzerritarrak dira. Hori bai, Ryaden beldurra ez da demografikoa soilik, ezta lehia ekonomikoa ere: Yemengo bilakaera demokratikoa, kontraesanez betetakoa izanik ere, Ryaden teokrazia bortitza jasaten duten herritarrentzat adibide bilakatu daiteke. Hori dela eta, Yemen zatitu eta ahuldu baten alde bideratu izan ditu beti bere indarrak Saudi Arabiak.

Baita oraingoan ere. Ryadek bultzatuta, lau hilabete bete ditu egunotan Yemengo gerrak (lehen bonbardaketak martxoaren 26an hasi ziren). 4.000 dira jada hildakoak, erdia baino gehiago zibilak. Ia milioi bat eta erdi dira etxetik ihes egin behar izan duten yemendarrak. Herrialdeak 21 milioi biztanle ditu eta %80 laguntza beharrean dira. 10 milioik jakiak eta ur edangarria lortzeko arazoak dituzte. Nola ez, herrialdeko azpiegitura kaskarrak erabat suntsitu dituzte liskarrek eta Yemengo ondare artistiko eta erlijioso aberatsa, batez ere Sana hiriburua famatu izan duena, hondatu dituzte hein handi batean saudiek eta Arabiar Emirerri Batuek gidatutako bonbardaketek.

Zenbakiak izugarriak izanik, zenbakiak baino ez dira tamalez gero eta oldarkorragoa den mundu honetan. Gainera, gerra ez da azken lau hilabeteotako kontua Yemenen.

Huthien matxinada

2014ko irailaren 21a. Sana hiriburua hartu eta hegorantz abiatzen da huthien matxinada, herrialde osoa eskuratu asmoz. Gobernuak ezin die huthiei aurre egin, armada kuarteletan lasai-lasai geratzen delako. Parlamentuak eta presidentearen jauregiak hainbat eraso pairatu ondoren, Abd Rabbuh Mansur al Hadi presidenteak eta bere gobernu osoak Ryadera ihes egiten dute babes bila.

Baina zeintzuk dira huthiak? Gutxiengo zaidiaren klanetariko bat osatzen dute. Zaidiak xiitak dira, Zaid bin Aliren (695-740) jarraitzaileak. Ali eta Hussein lehen iman xiiten ondorengo izanik, zaiden jarraitzaileek imanatoa eraiki zuten Yemengo iparraldean 893. urtean, mila urte iraungo zuen erregimena. Zaidiek Yemengo biztanleriaren herena osatzen dute eta Saadako eta Nayrango eskualdeetan dute gotorlekua. Baina, Shafi eskolako sunitak gehiengo dira Yemenen, batez ere hegoaldean. Zaidien xiismoa, berriz, ez da batere berekoi edo sektarioa. Korronte erlijioso aberats horren barnean, zaidiena da suniten aldetik onargarriena eta bateragarriena bezala kontsidera daitekeena.

Huthien bilakaera, ordea, bestelakoa da. 1963. urtera arte boterean egon eta gero, zaidien eliteek eta herritarren zati batek adskripzio sektarioari muzin egitea erabaki zuten Yemengo identitate musulmana sendotzeko bidean. Ali Abdallah Saleh presidente ohiak, zaidia bera ere, gauza bera egin zuen, baina prozesuak tirabirak sortu zituen. Diskriminazioa pairatzen zutela salatu zuen huthien klanak. Sana beraren erantzuna bortitza izan zen eta 2004an Yemengo Gobernuaren eta huthien arteko gerra hasi zen.

Bitartean, huthiek bere egin zuten xiiten unibertso sinbolikoa eta borroka. Irango Errepublika Islamikoa ahalbideratu zuen iraultza eredu hartuta, eta Hezbollah erresistentzia talde libanoar eta xiitaren borrokarako grina aldarrikatuz, mugimendu xiita militante bihurtu da huthiena (Ansarullah izena hartu zuten). Ordutik hona, huthien atzean Iranen eta Hezbollahren arnasa eta, garrantzitsuagoa, armamentua sumatzen da, gehiago bada ere erretolikan errealitatean baino.

Gerrari dagokionez, 2004an hasitako huthien aurkako gerrak sei urte iraun zituen, 2010era arte. Bakea baina ez da herrialdera itzuli.

Salman erregearen aurkezpena

Abdallah errege saudia urtarrilean hil eta gero, bere anaia eta ondorengo Salman errege berriak Yemenen aurkako azken gerra bultzatu du, batez ere Defentsa ministroa den bere seme Mohamed Bin Salmanen eskutik. Xiiteen ustezko edo benetako mehatxua erabili dute horretarako. Ryadek deia luzatu zien gainerako estatu arabiar eta musulmanei Iranek Yemen mendean hartzeko omen dituen planei aurre egiteko herrialde sunitetako armaden arteko koalizioa osatzeko.

Koalizio sunitak ez du arrakasta handirik lortu. Pakistanek nahiko arazo ditu jada bertako talibanekin eta hauek sarritan gutxiengo xiitaren aurka egiten dituzten sarraskiekin. Al Sisi militar kolpistaren Egiptok ere hitz politak erabili zituen, baina auzi horretan ez bustitzea erabaki du, Saudi Arabiak eskaintzen dizkion milioika petrodolarrak arriskuan ikusten ez dituen bitartean behintzat.

Horiek horrela, Ryadek eta Pertsiar Golkoko bere erreinu aliatuek zaidien lurraldeak eta Sana Yemengo hiriburua erasotzeari ekin diote. Bide batez, hegoan huthien erasoa gelditzea lortu dute, eta azken egunetan Aden hiria «askatutzat» jo du erbesteko Gobernuak.

Analisi sektarioak, nonahi

Dudarik gabe, Saudi Arabia maisua da besteei sektarismoa leporatzen bere sektarismoa inposatzeko. Munduko teokraziarik handienak –agian Israelgo nora ezaren baimenarekin– jaiotzetik du bekatua. Sauden tribuak hitzarmen bat sinatu zuen 1744an Muhamad ibn Abd al-Wahab teologoarekin, wahabismoa izeneko mugimendu atzerakoia (ahistorikoa askoren iritziz) hedatuz. Hitzarmena indartzeko Saud berak bere alaba ezkontzarako eman zuen. Hitzarmen horrek izugarrizko eragina izan du eta du egun munduan, batez ere jihadismoa, Al-Qaeda eta Estatu Islamikoa bezalako mugimenduen bilakaeran.

Hori oinarri hartuta, asko dira Yemengo gerra sektarioa salatu asmoz analisi sektarioak erabiltzen dituztenak. Horien iritziz, huthiena Yemengo mugimendu askatzailea litzateke. Are gehiago, 2011n Yemenen sortu zen matxinadaren salbatzaileak lirateke huthiak. Errealitateak, ordea, ez du hipotesi hori inolaz ere babesten. Eta ez bakarrik huthiak ez zirelako matxinada haren lehen lerroan izan, errebolta horren jomugan zegoenarekin –Saleh lider ohiarekin hain zuzen– bat egin dutelako baizik; uneotan, elkarrekin borrokan ari dira. 2011ko ekainean ia erail zuen atentatu baten osteko negoziazioetan boterea utzi behar izan zuen arren, armada gehiena, Guardia Errepublikanoa tartean, kontrolpean du oraindik Saleh berak eta huthiekin ituna mantentzen du oraindik ere, Ryaden presioei muzin eginez.

2011ko matxinadaren porrota

Azken finean, botere lehia bortitz baten aurrean gaude Yemenen. Botere lehia, baina, 2011ko matxinadarekin areagotu egin zen eta matxinadaren porrotaren ostean guztiz atera da bere onetik, gerra bilakatuz.

Gainerako herrialde arabiarretan bezala, Yemenek matxinada ezagutu zuen 2011 hasieran. Arrazoiak antzekoak ziren: pobrezia, ustelkeria, askatasun eta etorkizun falta... Ali Saleh presidenteak 33 urte zeramatzan boterean. Petrolioaren kudeaketa, negozioak eta armada bere ingurukoen artean banatuta zeuzkan. Agintean mantentzeko tribuen artean liskarrak eragiten zituen, edota zuzenean gerrak asmatu. 2004an huthien aurkakoa adibide bat da. Badaude gehiago.

Matxinatuen artean lau indar suma zitezkeen: gazte iraultzaileak, Aldaketaren Plazako kanpaldia hasieratik bultzatu zutenak; Anaia Musulmanak, Al Islah alderdikoak; Yemengo hegoaren autodeterminazioa exijitzen zuten taldeak; eta huthiak.

Errepresio bortitza

2011ko martxoaren 18an 100.000 manifestariren aurka tiroka hasi zen Guardia Errepublikanoa teilatuetatik, 50 hildakotik gora eta ehunka zauritu eraginez. Ali Saleh presidentearen bigarrena zen Ali Mohsen al-Ahmar jeneralak sarraskiak soldaduen artean sortutako egonezina aprobetxatu eta presidentea bakarrik utzi zuen. Hain zuzen ere, Huthien aurkako gerran lortu zuen ospea Ali Mohsenek. Gazte Iraultzaileek ere ez zuten begi onez ikusten. Are gutxiago salafista amorratua dela kontuan hartuta –Al-Qaedarekin harremanak izan dituela dioenik ere bada, baita CIAn bertan ere–. Baina Armadaren lehen dibisio blindatuak Aldaketaren Plaza babestu zuen eta Guardia Errepublikanoari aurre egin zion Sana hiriburuan eta beste eskualde batzuetan. Matxinada gerra zibil bilakatzeko arriskua gero eta handiagoa zen.

Horiek horrela, matxinada kontrolatu eta bideratzeko –edo desbideratzeko– asmoz, eta Ameriketako Estatu Batuen oniritziarekin, Saudi Arabiak trantsizioa bultzatu zuen. Bahreingo errebolta tiroka menderatu ondoren eta erreinuaren barnean bertan ere protestak sortuko ziren beldurrez, Ryadek auzian esku hartzea erabaki zuen.

Presidenteak bere jauregiko meskitan jasandako atentatua baliatu eta larriki zauritutako Ali Saleh Ryadera eraman zuen. Mansur al-Hadi presidente ohiak hartu zuen bere lekua. Al-Hadi Saleh beraren kide izandakoa dugu, Hegoaldeko Yemen sozialistaren (Yemengo Errepublika Demokratikoa) jeneral ohia eta 1994an Iparraldearen eta Hegoaldearen artean sortutako gerra zibilean Salehrekin bat egin eta bere herrikideen aurka egindakoa.

Anaia Musulmanak

Hadiren Gobernuaren barnean, ordea, gero eta pisu nabariagoa zuten Al-Islah alderdia osatzen duten Anai Musulmanek eta bere aldeko elite tribalek. Anaiarte musulmana boterea eskuratzeko prest zen eta hori ez zen inolaz ere askoren gustuko. 2013ko uztailean estatu kolpe batek Mohamed Morsi Egiptoko presidentea giltzapetu zuen, Anaia Musulmanen aurkako errepresio izugarria abiaraziz. Saudi Arabiak ere etsaitzat du mugimendu islamdarra eta gogo onez lagundu zion Al-Sisi egiptoar mariskalari.

Huthiek beren aukera ikusi zuten. Yemengo iparraldean haserrea zen nagusi Hadi eta bere inguruko hegoaldeko politikarien aitzindaritzarekin. Matxinadak sortutako itxaropenak ere ezerezean ziren ordurako. 2014ko ekainean petrolioaren prezioak merkatzeko Estatuaren laguntzak bertan behera utzi zituen Gobernuak, gasolindegietan jendearen artean izugarrizko haserrea piztuz. Egoera horretan, huthiak Sanara jaitsi eta hiriburua indarrez hartu zuten. Herritar askok, izan zaidi, shaafi, xiita ala sunita, pozik hartu zituzten. Huthiek 2011ko iraultza berreskuratzeko asmoa zutela ziurtatzen zuten, gainera.

Ezkutuko asmoak

Asmoa bestelakoa zen, ordea. Alde batetik, Ali Mohsen jeneralak zaidien aurka egindako erasoak eta sarraskiak gogoan zituzten. Mendekuaren ordua zen. Bestetik, Anaia Musulmanekin ere aspaldiko kontuak zituzten konpontzeke. Sanan boterea eskuratzearekin ez ziren konformatu huthiak eta hegoalderantz egin zuten, lurraldeak eskuratu asmoz. Itsasora irtenbide bat aldarrikatzen zuten, baina helburua Bab al Mandeb itsasarte estrategikoa zen. Horrek argi gorri guztiak piztu zituen bai Ryaden bai Ryadetik haratago. Hasiera batean, Saudi Arabiak ez zuen ezer egin huthien erasoaldiaren aurka. Al Hadiren Gobernua sagar ustela bailitzan erortzen utzi zuen.

Zergatik saudien utzikeria? Denbora igaro ahala, ulertzekoa da Ryadek erabilitako taktika. Erregimen saudiak egiten utzi zien huthiei, Sanako Gobernuaren ahulezia agerian uzteko. Bide batez, Anaia Musulmanek –erreinu wahabiak mundu islamdarrean dituen lehiakide nagusiak– jipoi ederra hartzen zuten, Ryaden pozerako.

Huthien erasoa ia Yemen osoa zaidien esku uzteko arriskura iristean, ordea, mugitzea erabaki zuen Ryadek. Horrela ulertzen da Saleh berak 2011ko udazkenean boterea uzteko konpromisoa hartzean – hori bai, immunitatearen truke–, Ryadek Yemenera bueltatzen uztea. Zergatik eta zertarako? Ondo baino hobeto zekitelako saudiek presidente ohia ez zela geldirik egongo eta oraindik zuen, eta duen, boterea mantentzen saiatuko zela.

Politikan atzoko etsaia gaurko kidea da. Huthiak Salehrekin adiskidetu ziren euren asmoak gauzatzeko. Saleh berak ere gauza bera egin zuen eta huthien erasoaldia erabili du bere ordez eratutako Gobernua ahuldu eta bere garaian kide izandako horien traizioagatik –Hadi presidenteordea, Anaia Musulmanak eta Ali Mohsen jenerala– mendekua hartzeko. Eta horien guztien gainetik Saudi Arabia dugu, batzuk eta besteak erabiliz beti bere interesen arabera. Eta interesa beti bat eta berbera izan da: Yemenen patua erabakitzea.

Ibilbide historiko latza

Yemengo historian atzera egin besterik ez dago herrialdeak izan duen bilakaera gaiztoa ulertzeko. Arestian aipatu bezala, zaidiek milurtea bete zuten boterean, 1962ko estatu kolpera arte. Batez ere iparraldeko eskualdetan ziren indartsuak, baina betidanik izan dute Yemen osoa gobernatzeko grina. Borrokalari sutsuak, Otomandar Inperioari ere aurre egin zioten eta Istanbuleko Ate Gorenak zaidiekin negoziatu behar izaten zuen beti. Menderaezinak.

Mahoma profetaren oinordekoak izaki (sada tribukoak alegia), zaidiek mila urtez nolabaiteko teokrazia autarkiko bat mantentzea lortu zuten. Otomandarrek, eta ondoren britainiarrek, hegoaldeko hiriekin konformatu behar izan zuten, batez ere Adeneko portuarekin.

Egungo ikuspegitik astakeria dirudien arren, zaidien imanatoaren eta erregimen wahabi saudiaren bilakaera antzerakoa da. Biek erlijioa dute ardatz nagusi. Lehenak, ordea, ezin izango die XX. mendeak aurrera egin ahala pairatutako erasoei aurre egin. Sauden tribuak, ordea, AEBekin sinatutako itun estrategikoarekin eta petrolioak eskaintzen dion aberastasunarekin, zutik eta tinko mantentzea lortu du, gaur arte bederen.

1948an, zaidien imanatoaren erregimena hausten saiatu ziren Shaafi eskolako sunitak ordezkatzen dituzten Anaia Musulmanak eta beste hainbat talde liberal. Saudi Arabiak, ordea, zaidiei imanatoa mantentzen lagundu zien.

Kairo vs Ryad

1952ean Gamal Abdel Nasser militarrak boterea eskuratu zuen Egipton. Imanatora kondenatuta zegoen. Nasserrek, bere panarabiar idelogiarekin, Yemengo oposizioa indartu zuen. Hamar urte geroago haziak fruitua emateko ordua iritsi zen. Naseristek (Yemenek ere “ofizial askeak” ditu, Egiptok izan zituen moduan), Baath alderdiko kideek eta Anaia Musulmanek bat egin zuten imanatoaren kontra 1962ko irailaren 26an, estatu kolpe bat emateko.

Saudi Arabiak imanaren alde egin zuen berriro, eta saiakera hilzorian zen. Nasserrek soldaduak bidali zituen orduan. Ondorengo gerra zibilak bost urte iraun zituen. Nasserrek eta Yemengo errepublikarrek irabazi zuten, baina garaipen latza izan zen Egiptorentzat: 25.000 soldadu galdu zituen Naserrek (adituek diotenez, Yemen Egiptorentzat estatubatuarrentzat Vietnam izan zena izan zen, edota sobietarrentzat Afganistan). Gainera, 1967ko Sei Egunetako gerran izugarrizko porrota jazo zuen Egiptok Israelen aurrean. Nasserren bukaera zen eta Egiptok eta Saudi Arabiak su etena adostu zuten Yemengo Errepublika Arabiarrari ongietorria emanez.

Yemen «sozialista»

Hegoaldean gauzak desberdinak ziren; Iparraldean bezain odoltsuak, baina ezberdinak. 1869. urtea da Aden hiriaren eta inguruko eskualdeen kolonizaziori hasiera “ofiziala” eman ziona. 100 urteren buruan, hegoaldean askatasunaren etsaia ez zen zaidien imanatoa, britainiar metropolia baizik. Adenen kolonietako herritarrez osatutako langile mugimendua (indiarrak, hegoafrikarrak...) oso indartsua zen. Hegoaldeko tribuek ere gero eta okerrago jasaten zituzten kolonizatzaileen gehiegikeriak.

Iparraldean borrokatzen zuen bitartean, Nasserrek hegoaldeko kolonialisten aurkakoei lagundu zien. Baina Adenen ez zuten naseristek irabazi, marxistek baizik. Nazio Askatasunerako Fronteak (Palestinaren Askatasunerako Herri Frontearekin harreman zuzena zuen) kolonizatzaileen aurkako gerrari ekin zion. 1967an amore eman zuen Londresek eta bere soldaduak Yemenetik atera zituen.

Asko idatz daiteke Yemengo Errepublika Demokratikoaren onura eta porrotei buruz. Laburbilduz, eta alderdi barneko tirabira odoltsuak ahaztu gabe, Yemen sozialista ez zen gai izan gizartearen tribalismoa gainditzeko. Era berean, ekonomia arloan ere ez zuen asmatu. Ildo horretan, Sobietar Batasunaren eta oro har «sozialismo errealaren» nora ezak ez zion batere lagundu.

1990ean bateratu egin ziren Yemengo Errepublika Arabiarra eta Yemengo Errepublika Demokratikoa. Baina hasiera batean batasuntzat saldu zena –3 milioi biztanle zituen hegoak eta iparrean 11,5 milioi pertsona bizi ziren– anexio huts izan zen azkenean. Ali Saleh presidenteak hegoaldeko petrolio esplotazioen ustiaketa beretzat eta bere ingurukoentzat gorde zuen, eta gero eta baztertuago zegoen hegoaldeko biztanleria eta Yemengo Alderdi Sozialista. 1994an altxatu egin ziren Sanaren aurka. Zaidiekin gertatu bezala, Saudi Arabia atzerakoiak hegoaldeko sozialistekin bat egin zuen Salehren aurka. Nola ez, gerra galdu zuten, baina ordutik hona ez da giroa baretu hegoaldean.

2007an Al Hirak mugimendua sortu zen, hegoaldearen askatasuna aldarrikatzen duena. Mugimenduak federalismoa aldarrikatzen zuen lehenik, baina errepresio gero eta bortitzagoak sezesioa exijitzera eraman zuen gerora. Egun mugimenduaren barruan talde armatu bat ere sortu da. Mugimenduak bat egin zuen 2011ko matxinadarekin, eta huthien aurka Anaia Musulmanekin eta Saudi Arabiarekin borrokan ari da.

Kontuak kontu, huthiak, erregimen zaharreko kideak, Ryad, sozialista zen Yemenekin amesten dutenak... borrokan ari dira uneotan Yemenen. Eta aurreikuspen sektario hutsaletan oinarritutako analisiek ez dute balio Yemenen gertatzen ari dena ulertzeko. Yemen mundu arabiarrean laborategi politiko aberatsa bezain odoltsua izan delako eta delako, bai barnera begira bai eskualdeko potentzien ikuspegitik ere. «Yemen ezagutzen ez baduzu, ez duzu mundu arabiarra ezagutuko», esan ohi da. Bada, Yemengo matxinadaren porrota eta egungo gerra zibila horren adierazle dira. Adierazle lazgarriak.

 

Al-QAEDAren erreinua eta ISIS-en esperantza

Al-Qaedaren gotorleku bilakatu dira azken urteotan Yemen hego-ekialdeko hainbat eskualde. Bin Ladenen aita bera Hadramut eskualdekoa zen eta “USS Cole” Ameriketako Estatu Batuetako armadaren itsasontziaren aurkako erasoa Adenen izan zen 2000ko urrian, hurrengo urteko I-11ko atentatuak iragarriz. Ameriketako Estatu Batuetako egungo «terrorismoaren aurkako» estrategiaren ardatza diren drone bidezko erasoak ere Yemenen egin ziren estreinakoz, ustez eraso hura antolatu zuen Al-Qaedako buruzagi baten aurka, 2002ko azaroaren 3an. Egun, Al-Qaeda eta ISIS bere eszisioa –Estatu Islamikoa– huthien aurka egiten ari dira atentatu odoltsuen bidez.