Joxean Agirre

Bidaiak

Oporretako bidaiek dimentsio planetarioa hartu dute oso denbora gutxian, gure belaunaldia ozta-ozta Europako hiriburuetara iristen zen bitartean, seme-alabak lau kontinentetan barrena baitabiltza, tarteka mapan nekez koka ditzakegun herrialdeak bisitatuz, Kirgizistan, Transnistria, Uzbekistan, Djibuti edo Bhutan, esate baterako.

Irailean, familiako bazkariren batean bildu eta, demagun, Mediterraneoko uharteetan, Lisboan edo Londresen bizitako pasadizoren bat kontatzen hasten bagatzaizkie, erruki pixka batekin begiratzen digute, irtenaldi horiek asteburuetan egiteko modukoak direlakoan.

Bidaia luzeen kontu hau bizitzaren ardatz bihurtu dute, eta, bat bukatu orduko, hasten dira hurrengoa prestatzen. Pascalek behinola esandakoa behintzat ez dute hartuko aintzat, etxeko langelan lasai egoten ez jakitetik zetozkiola uste baitzuen hark gizakiari makur guztiak.

Hain muturretara joan gabe, balegoke erdi biderik. Nik, esaterako, sei-zazpi aldiz zapaldu dut Venezia eta ez nuke inolako arazorik urtero han hamabost bat egun pasatzeko. Gauza bera gertatzen zait Praga, Londres, Erroma, Lisboa edo Amsterdamekin edo Tiroleko zenbait bazterrekin edo Zurichekin edo Salzburgorekin.

Badago bidaia luzeak egiten dituztenengan mundua osorik ezagutzeko borondate burugabe bat, gure belaunaldikoengan museorik huts egin gabe hiriburuak ezagutzeko grinarekin konpara daitekeena.. Batzuok arduragabeagoak gara edo ez dugu behar adina heldutasun (Bolañok esan ohi zuen asko kostata iritsi zela heldugabe izatera): flaneur batzuen gisan ibili ohi gara alde zaharretako kale estuetatik bazterrik kutreenen bila edo terraza dotore batean eseriko gara segidan eta jendeari begira emango ditugu orduak, azterketa soziologiko merke bezain alferrikakoak egiten. Kalean gitarra jotzaile on bat deskubritzeak museoetan maisu lan bat atzemateak adina poz emango digu. Hiriburuetako idazle handien museoak bisitatu izan ditut, baina haien obraren bat birritan irakurrita etxean izateak harrotasun gehiago eman ohi dit.

Magrisek kontatzen duena datorkit burura. Messkircheko plazan idazki bat ikusi zuen etxe bateko horman: “Etxe honetan bizi izan zen Heidegger” zioen eta bertan bizi zen emakumeari galdetu zion filosofoari buruz. «Ah, bai, zu sakristauaren semeaz ari zara», esan zion. Emakumearentzat sakristaua ezagunagoa zen filosofoa baino.

Lehen bidaiatzeko bitartekoak urriak ziren. Idazle gailego batek uste dut kontatzen duela bazela bere herrian Perú esaten zioten arrantzale bat, beti Perura joatekotan zebilena. Egun batean oso goiz jaiki, bere batela hartu eta herrialde hartara zihoala esanda atera omen zen arraunean, eta ilunduta gero itzuli omen zen saiatu zela baina ez zela iritsi esanez.

Lehen, gainera, ez zen alferrikako bidaiarik egiten. Gure aitak kontatzen zuen auzoko baserri batean nagusiak hilabeteak zeramatzala gaixorik oso larri. Haren seme bat Azpeitira jaitsi omen zen goiz batez idiekin, eta, eguerdi aldera bueltan gurdiaren gainean zerraldoa zekarrela ikusirik, galdetu omen zioten ea aita hila zen, eta ezetz erantzun omen zuen, beste egiteko batzuetara joan zela herrira eta bidenabar hilkutxa hartu zuela bidaia aprobetxatzearren. •