2015/08/29

AINARA SANTAMARIA
 

Maitasun erromantikoak musikagintzan duen presentzia ikertu du Ainara Santamariak. Maitatzeko eredu idealizatuaz, bere ondorioez eta bestelako harreman moduak indartu eta ikusaraztearen premiaz hitz egin digu

«Borroka eta eraldaketarako sekulako esparrua da maitasunarena»
Julene Larrañaga
Pd18_ainara_3

«Funtsezkoa da maitasun erromantikoaren eredutik aldentzen diren harremanak agerraraztea eta maitasun erreferente berriak bistaratu eta bultzatzea»

«Musikarekin batera helarazten diren mezuak guk uste baino sakonago heltzen zaizkigu. Eremu egokia izan daiteke gauzak aldatzen hasteko»

Duela urte batzuk bizitako esperientzia pertsonal batek eraman zuen maitasunaz eta maitatzeko moduez gogoeta egitera Ainara Santamaria (Berriatua, Bizkaia, 1988). Gerora, Ikasketa Feministak eta Generoko Masterraren baitan landu du gaia, maitasun erromantikoa eta euskal musikagintzaren arteko harremana aztertuz bere ikerketa lanean. Hasierako jakin-minetik harago, bere jardun politikoaren erdigunean kokatu du maitasunaren gaia, «gizartea eraldatzeko esparru eraginkorra» dela iritzita.

Maitasun erromantikoari buruzko ikerketa egin duzu. Zerk eraman zintuen maitasunaz eta maitatzeko moduez hausnartzera?

Ikasketa Feministak eta Generoko Masterreko amaierako lana izan da ikerketa lan hau. Masterra burutu aurretik Mexikon egon nintzen, eta han nengoela poliamor izeneko tailer batean parte hartzeko aukera izan nuen. Bertan, eguneko gai-zerrendaren barruan zeuden harreman pertsonalei eta maitasunari loturikoak: nola bizi ditugun harremanak, erlazio motak, zeloak… Horrelako kontuak hemen ez dira hainbeste landu; talde feministetan edo jabekuntza eskoletan puntualki agian, baina harreman afektibo-sexualak ez dira aztertu modu iraunkor batean. Garai hartan bikote harreman bat ere banuen, eta gauza asko planteatzen hasi nintzen. Uste dut maitasunaren gaiak gauza asko ezkutatzen dituela atzean, besteak beste, genero sistema osoa sostengatzen duten balio asko transmititzen dira maitasunaren bidez.

Zer da maitasun erromantikoa zuretzat? Nola definituko zenuke eta zein ezaugarri ditu?

Gaur egun mendebaldeko kulturan gailentzen den maitasun eredua izendatzeko erabiltzen den kontzeptua da maitasun erromantikoa. Maitasuna ulertu eta bizitzeko eredu konkretu bat da eta ezaugarri jakin batzuk ditu: betierekotasunean, heterosexualitatean eta esklusibitatean oinarritzen den maitasunaren ideologia da. Menpekotasun eta jabetza harremanean oinarritzen den maitasun eredua dela gehituko nuke; izan ere, beste pertsona norbere jabetza moduan ikustera garamatza maitasun eredu horrek eta bestearekiko zapalkuntza ere gertatzen da kasu askotan. Menpekotasunezko harremanak sortzen dituen maitasunaren eredua litzateke, beraz.

Errealitate bihurtutako mitoa al da maitasun erromantikoa?

Bai, guztiz. Ideal batean oinarritzen den eredua da. Erreala bailitzan saldu izan diguten eredu idealizatu bat da, baina argi dago errealitatean ez dela existitzen gisa horretako arrosa koloreko harremanik. Ez da sostengagarria inolaz ere. Maitatzeko modu hori berezkoa edo naturala dela sinetsarazten digute, eredu honek sistema mantentzeko funtzio konkretu batzuk betetzen dituela ezkutatuz. Izan ere, betierekotasun eta esklusibitate horren atzean badaude hain politak ez diren bestelako kontuak: sakrifizioa, kontrola, zeloak...

Baditu topiko batzuk maitasun erromantikoak: Ni zu gabe ez naiz ezer, laranja erdiarena, printzesa eta printze urdina… Hori guztia maitasun erromantikoarekin lotzen da, ezta?

Bai. Maitasun eredu honek lotura estua du geure burua gabeziazko pertsona gisa ikustearen ideiarekin. Azken batean, maitasun erromantikoaren mito nagusietako bat da pertsona gisa osatu egin behar garela, bilatu behar dugula kosta ahala kosta gure laranja erdia izango den pertsona hori; hau da, gure kabuz eta gu bakarrik ez garela subjektu osoak, gabeziazko pertsonak garela eta perfektuak izateko beste pertsona bat behar dugula ondoan, neska batek mutil bat eta alderantziz, eredu jakin horrek soilik balio baitu maitasun eredu honetan. Soilik modu horretan izango gara subjektu oso eta perfektu. Hauxe da, nire iritziz, maitasun erromantikoaren mitorik handiena.

Maitemina, zeloak, kontrola… Horiek guztiak ere maitasun erromantikoarekin erlazionatzen dituzu?

Bai. Egia esan, niretzat ez du ezer positiborik maitasun eredu honek, saltzen den irudi ideal horren atzean sakrifizio, dependentzia eta kontrol asko ezkutatzen duen maitasuna bizitzeko modu bat baita. Ez zait iruditzen oreka eta negoziazio batean oinarritzen den harreman sano bat denik. Kasu askotan, zapalkuntza handi bat gertatzen da maitasunaren izenean. Adibidez, maitatzen dugun pertsona jabetza gisa ikusteak kontrol eta jeloskortasunarekin lotura estua du. Beste pertsona soilik gurea dela pentsatzen badugu, haren askatasuna mugatzen ari gara; bere harremanak, izaera, hitz egiteko modua, janzkera… hori dena guk kontrolatu egin nahi izaten dugu.

Mendebaldeko gizartean maitasuna bizitzaren erdigunean kokatu dela diozu, eta batez ere emakumeengan. Zein paper betetzen du emakumeak maitasun eredu honetan? Eta gizonezkoak?

Aurrez aipaturiko osagarritu beharreko subjektu hori emakumea da kasurik gehienetan. Gizonek ez daukate hain presente gabeziazko pertsona direnik, gizonak ez baitira horrela hezten; emakumeak, ordea, bai. Gizonek helburu asko izan ditzakete bizitzan, eta maitasuna horietako bat izan daiteke; garrantzitsua, noski, baina mutilen kasuan, nesken kasuan ez bezala, maitasuna ez da izaten bizitzaren ardatz nagusia. Orokorrean, mutilek ez diete pisu berdina ematen bikote harremanei; beraientzako bizitzako beste elementu bat gehiago da maitasuna. Emakumeoi, ostera, maitasuna gure bizitzaren zutabe nagusia dela irakasten zaigu; modu esplizitu baten esaten zaigu egin behar duguna maitasunagatik egin behar dugula, bizitza honetan norbait izateko ezinbestean bilatu behar dugula gure laranja erdia, mutil bat, konkretuki, eta horren inguruan gure bizitza eraiki eta planifikatu.

Ildo horretatik, heziketa, sozializazio prozesua eta botere harremanak lotuta daudela sinesten duzu.

Dudarik gabe, eskutik doa dena. Txikitatik hasten den sozializazio prozesuaren bidez finkatzen dira botere harremanak. Mutil eta neska izaten irakasten digute eta, genero sistemaren ondorioz, neska izendatzen gaituzten momentutik desabantailan gaude botere harremanetan. Esaterako, oso gaztetatik neskak objektu sexual gisa tratatuak eta ikusiak gara, gure jarrera edo janzkera besteen plazeraren arabera moldatuz. Izateko eta bizitza ulertzeko modu bat inposatzen zaigu: emakume izaten irakasten zaigu, gure bizitzan lehenetsi behar duguna maitasuna dela esaten zaigu, maitasunean zoriontasuna lortzeko beste pertsona bat lortu behar dugula esaten zaigu eta pertsona hori lortzeko jarrera egokiak zeintzuk diren ere irakasten digute. Finean, bizitza honetan nolakoak izan behar garen irakasten zaigu, eta hau botere harremanekin lotuta dago. Azken batean, bikote heterosexualetan abiapuntua oso deberdina baita mutil eta nesken artean. Hain justu, maitasun erromantikoaren beste mitoetako bat da denok, neska eta mutil, puntu beretik abiatzen garela, baina kontuan hartu behar da gizon eta emakumeak oso modu desberdinean hezten gaituztela eta bakoitzaren inguruan espektatiba desberdinak eratzen direla.

Maitasun erromantikoak euskal musikagintzan duen presentzia aztertu duzu. Zergatik hautatu zenuen musika, eta ez beste kultur adierazpide bat?

Alde batetik, musikak garrantzi eta presentzia handia duelako gure gizartean, batez ere jende gaztearen artean. Gazteen identitatearen eraikuntzan garrantzi handia daukan elementua dela deritzot, gure emozioei forma ematen dielako musikak, besteak beste. Bestalde, musikarekin batera helarazten diren mezuak guk uste baino sakonago heltzen zaizkigula uste dut. Beraz, musikak eragin handia izan dezake gure identitatean eta beronen eraikuntzan. Horregatik enfokatu nuen gaia horrela. Gainera, musika bera eremu egokia izan daiteke gauzak aldatzen hasteko.

Euskal musikan zer-nolako pisua eduki du maitasunak? Maitasunari asko kantatu zaio edo beste gai batzuek presentzia handiagoa eduki dute?

Euskal musika zer den definitu beharko genuke aurrena, baina hori beste eztabaida bat litzateke... Orokorrean esango nuke maitasunari asko kantatu zaiola. Beste gai batzuek ere presentzia handia izan dute euskal musikan, gai politikoek adibidez, baina esango nuke horiek ere ikuspuntu oso erromantiko batetik jorratu izan direla. Gatazkaren auzia, naziotasuna, aberria... Egia esan, zalantzak izan ditut eta kasu askotan ez dut jakin identifikatzen zeri abesten zaion: pertsona konkretu bati, herriari, kartzelan dagoen presoari… Hain erromantikoki kantatu izan da dena gure herrian!

Zein da atera duzun ondorio nagusia? Euskal musikagintzak maitasun eredu erromantikoaren mito hori indartu egin duela esango zenuke?

Orokorrean, eredu erromantikoa birproduzitu da eta, ondorioz, maitasun eredu hori indartu egin dela ikusi dut. Beste gai batzuen inguruan letra kritikoak egin izan diren bitartean, maitasun erromantikoaren mito hori indartu egin dela esango nuke. Egia da ez dudala euskal musika bere osotasunean aztertu, hori ezinezkoa bailitzateke; baina, orokorrean, baietz esango nuke. Bestelako gaien inguruan letra kritikoak dituzten musika talde askok ere topiko erromantikoak erreproduzitzen dituzte maitasunari eta bikote harremanei buruz abestean. Orain bertan ez nuke jakingo maitasun eredu desberdin bat bultzatzen duen abesti bakar bat ere aipatzen.

Hesian taldea hartu duzu adibide moduan. Zergatik?

Ezaugarri jakin batzuk izango zituen talde bat nahi nuen: gazteek entzuten duten talde bat izatea, euskaraz abestea, maitasunari abesten diona eta letretan kritika soziala biltzen duena. Horregatik aukeratu nuen Hesian. Asko abesten du maitasunari buruz, bai harreman pertsonal edo bikote harremanei buruz, baina baita bestelako maitasunei buruz ere; herriarekiko maitasunari buruz, adibidez. Esan daiteke, maitasun erromantikoak eta berari loturiko maiteminak presentzia handia duela taldearen kantuen hitzetan. Eta bai: Hesian-ek ere maitasun erromantikoaren topiko asko erreproduzitu ditu bere kantuen bidez.

Gaur egungo gizartean maitasun eredu bakarra nagusitzen dela uste duzu edo hori aldatzen ari da maitatzeko eta erlazionatzeko eredu anitzen agertzearekin?

Argi dago saltzen eta bultzatzen den eredua bakarra dela gaur egun: maitasun eredu erromantikoa, hor ez dut zalantzarik. Gertatzen dena da gero eta arrakala gehiago ikusten direla. Idealizatu den eredu bakar horretatik urrun, beste eredu batzuetako harremanak azaleratzen ari dira, zorionez. Ez soilik harreman homosexualak, baita askatasunean oinarritzen diren harremanak ere, beste pertsonaren nahi eta desioak erdigunean kokatzen dituztenak, negoziatzen diren harremanak... Harreman eredu berri eta desberdinak agertzen hasi dira azken urteotan, baina oraindik ere gutxiengoa dira. Sekulako lana dago egiteke disidente diren harreman mota horrek bistaratzeko, indartzeko, eta, zergatik ez, gu geu ere bizitzera ausartzeko.

Bestelako ereduak badiren arren, zergatik saltzen da eredu bakar moduan maitasun eredu erromantiko eta idealizatu hori? Nori interesatzen zaio honek iraun dezan?

Argi dago sistemak begi onez ikusten duela eredu hau. Sistemari interesatzen zaio hau mantentzea: hau da, bikotea izatea pertsonen bizitzaren marko nagusia, familiak bizirautea, emakumeak bere funtzio erreproduktiboa maitasunaren izenean egiten jarraitzea... Maitasun eredu erromantikoaren interes nagusia genero sistema bera sostengatzea da eta, beraz, eredu hori indartzen duten mezuekin bonbardatzen gaitu sistemak une oro. Gaur egun oraindik gailentzen den eredua horixe da, zoritxarrez.

Bikote harremanak askotarikoak dira egun, baina tamalez ez dute guztiek onarpen sozialik. Nola lortu maitasuna libre bizitzea, bakoitzak nahieran?

Esan bezala, funtsezkoa da eredu bakar horretatik aldentzen diren harremanak agerraraztea eta maitasun erreferente berriak bistaratu eta bultzatzea. Printzesa eta printzeen ereduaz bestelakoak diren harremantzeko moduak indartu eta ikusarazi behar ditugu, denon onerako. Ez soilik homosexualak direnak, baita taldean maitatzen dutenak ere, askatasuna erdigunean jartzen dutenak, beste pertsona jabetza gisa ikusten ez dutenak… Maitasunaren esparruan erreferente berriak bultzatu behar ditugu: kultur esparrutik, komunikabideetatik, hezkuntzatik...

Maitasuna eraikuntza soziala den heinean, deseraiki eta berreraiki daitekeela diozu. Nola deseraiki orain arteko guztia eta nondik hasi berreraikuntza prozesua?

Maitasuna berreraikitzen hasteko, lehenik eta behin eraikuntza moduan ikusi eta ulertu behar dugu. Zerbait naturala izango balitz bezala saltzen digute maitasun erromantikoa, baina argi dago eraikuntza sozial, politiko eta kultural baten aurrean gaudela. Mendebaldeko kulturan, Historian zehar maitasuna nola bizi eta ulertu izan den aztertuz gero, garai batzuetan maitasuna ez existitzetik gaur egungo errealitatera etorriko ginateke: maitasunaren kultura totalera, maitasuna bizitzaren erdigune izatera igaro den gizartera. Maitasunak historian zehar eduki dituen esanahi desberdinek erakusten dute eraikia izan den zerbaiten aurrean gaudela. Eta horrek, era berean, ematen du aukera eraikia eta ikasia izan den hori guztia deseraiki eta desikasteko. Maitasunari eraldaketarako funtziorik ez zaio aitortzen, baina beste gizarte eredu bat sortu nahi badugu maitasunetik ere hasi behar gara gauzak aldatzen.

Deseraikuntza prozesu horretan garrantzia ematen diozu taldearen indarrari, maitasunaren gaia kolektiboki lantzeari. Zergatik?

«Lo personal es político» esaldia erabili ohi da sarri feminismoaren baitan. Gaia politikoki eta publikoki kokatzearen garrantzia azpimarratu nahi da honekin. Adibidez, maitasunari buruz taldean hitz egitea eta eztabaidatzea, maitasunari borrokarako esparru bat ematea, taldean aztertzea eta konparatzea norbere eta ondokoaren hezkuntza eta sozializazio prozesua nolakoak izan diren... Maitasuna taldean kokatzeak ematen dio gaiari zentzu politikoa; izan ere, maitasuna politikoki ere landu behar da. Eta taldeak ematen du gauzak aldatzeko aukera, norbera bakarrik munduaren aurka borrokan aritu ordez. Deseraikuntza prozesu hori guztia ez da erraza eta ez da goizetik gauera egingo, hamarkada askotako zutabeak eraitsi behar dira-eta. Beraz, hori guztia taldean lantzea errazagoa eta eraginkorragoa litzateke.

Mugimendu Feministak zer proposatzen du honen guztiaren inguruan?

Orokorrean, emozio eta afektibitatearen esparrua ez da gehiegi landu Euskal Herrian, baina nonbait landu bada Mugimendu Feministaren baitan izan da. Uste dut feminismoak sekulako lana egin duela gai hau politikoki kokatzen eta emakume asko deseroso sentiarazi gaituen auzi askori erantzun posible bat emateko erradiografia bat egiten. Maitasunaren gaiari dagokionez, botere harremanen auzia ezbaian jartzen ari gara, botere harremanen eraikuntzaren espazio erabakigarrietako bat delako harreman pertsonalena. Batez ere gazte mailan, patriarkatuaren baitan gauzak aldatzeko zirrikituren bat baldin badago, hori maitasunaren esparrua dela uste dut.

Zentzu honetan, etengabeko hausnarketa eta praktika ezinbestekoak dira. Maitasunari duen funtzionalitate hori aitortu eta bestelako eredu batzuk indartzen ahalegindu behar gara. Eta noski, gure inguruan maitasun erreferente berriak bultzatu. Azken batean, harreman pertsonalak aldatuz gizartea bera aldatzen, garatzen eta hobetzen ari garelako.