Joxean Agirre

Gune intimoak

Mahai altu bat kalean, gainean bi ardo eta aurrean mintzaide bat, ahal bada emakumea, hitz egiten ari garen bitartean begiei, ezpain jolastiei edo eskoteari erreparatzeko (emakumeek ez dakit nora begiratuko duten). Hori dela iruditzen zait kulturaren adierazpenik sofistikatuenetako bat, operara joan edo artista garaikide baten obrari begira egotearen pareko.

Terrazen fenomenoa, bere zabarkeria guztiekin, interesgarria dela esan behar da, espazio publikoan gune intimoak lortzen dituelako. Gune intimo horiek nolabaitekoak dira askotan; nire emaztea, esate baterako, inguruko bikote askoren elkarrizketak jarraitzeko gai izaten baita, horretara jarriz gero. Edozein modutara ere bikoiztasun hori izan daiteke (kalean zaude baino aldi berean intimitatean) terrazek gurean eta mundu erdian izan duten arrakastaren arrazoia.

Gune intimo horiek mahai altuen bidez galtzadatik metro eta erdi igotzen direnean ordea (enoteka atarietan eta edaritegi txikietan jarri ohi dituzte), elkarrizketek ere beste maila bat har dezakete. Horri, ilunabarra gehitzen bazaio, itzaltzen hasi berria den zeru urdin bat esate baterako (zeruak hiru-gihar frijituaren kolorea ere izan dezake, Banvillek modu prosaiko bezain dotorean esango zukeenez), intimitateaz ez ezik fusioaz ere hitz egiten has gaitezke.

Udan zehar, pintxo eta ardo bana tarteko horrelako mahai batean eseri izan garen bakoitzean emazteak galdetzen zidan ez zuela ulertzen zergatik jartzen nintzen hain umore oneko. Nik halako bake bat sentitzen nuela erantzuten nion, ia-ia Txindoki gainera igotzen naizenean bezalatsu. Eta, egia esan, lorpen handia da hori, arrazoi zehatzik gabe ia beti presaka dabilen horietakoa bainaiz. Emazteak mantra bat bezala errepikatu ohi dit: «Baina zeren presa duzu, jubilatuta zaude-eta?». Niri modu askotako erantzunak bururatzen zaizkit, batzuk gogor samarrak, baina langile baten ordutegiarekin jarraitzen dudala erantzuten diot haserre begiratzen diodala, edo funtzionario baten ordutegiarekin gutxienez.

Presak presa eta afanak afan, mahai altu baten gainean bi ardoak jartzen ditudanean, ordea, antzaldatu egiten naiz eta patxadatsu eta umoreko bilakatzen, eta horrela nagoenean bezperan ikusitako pelikulaz, irakurri berri dudan eleberriaz, seme-alabez edo politikaz, batez ere politikaz, gutxik hitz egingo dute nik bezain tentuz eta dotore. Are gehiago, terraza chic eta txukun horietako batean nire bigarren ardoa eskuan dudala, ezezagun batek nola hitz egiten dudan ikusiko balu, tipo interesgarria naizela pentsatzera iritsi daiteke. •