Ander Izagirre - @anderiza
Kazetaria

Masifikazio turistikoaren alde

Oinez nator Boloniatik Florentziara, Apeninoak zeharkatuz, eta Piazza Della Libertà zeharkatzeko zebra-bidean jende gehiago ikusi dut aurreko bost egunetan baino. Lau errei igaro behar izan ditut plazaren erdiko parkera pasatzeko, zirkulazio burrunbatsuak durduzatu egiten nau, eta naufrago bat bezala abiatu naiz semaforoa berde jarri zaidanean. Parkea graziarik gabeko oasi bat da: urmael umil bat, belardi eskasak, autoen ihes-hodiek belztutako harrizko eserlekuak. Baina pixka bat gelditu nahi dut bertan.

Zapatilak kendu nahi ditut, puztutako oinak askatu, hanka gogortuak pixka bat luzatu, motxila utzi. Florentziako alde zaharrera sartzeko unea ere atzeratuko dut horrela, bost eguneko patxada eta gero, dena azkartu egin delako: hainbeste jende espaloietan bizkor ibiltzen, hainbeste auto zaratatsu, hainbeste autobus, tranbia, turista talde, palazio museo eliza basilika parke lorategi zubi hilobi eskultura merkatu izozkitegi pizzeria focacceria panineria, dena ezinbestekoa nahitaezkoa derrigorrezkoa behar-beharrezkoa: ezinezkoa.

Cavour kalean aurrera noa, oinezkoen eremuan dagoeneko, eta turisten dentsitatea unetik unera handitzen ari da. Ezin dut lerro zuzenean ibili: gidarien azalpenak entzuten dituzten taldeak saihestu behar ditut, hara eta hona begira oso mantso doazen jendetzak zeharkatu, palazio baten aurrean argazkiak ateratzen dituzten selfiezaleak inguratu. Ni mendizale baten martxa bizian noa, motxila soinean, izerditan, kantinploratik edanez, galtzetan lokatz arrasto lehorrak ditudala, eta pentsatzen hasi naiz turista hauek guztiek nire pasaeraz jabetu beharko luketela, Boloniatik oinez natorrela jakin beharko luketela, niri buruzko komentarioak egin beharko lituzketela miresmenez. Beraiek baino pertsona interesgarriagoa naizela onartu beharko lukete. Bidaiarien artean maiz jaiotzen den ideia hori burmuinean nola ernetzen zaidan sentitu dut: ni ez naiz turista. Ergel samarra besterik ez naiz.

Florentzian Errenazimentuko estatuen aurrean argazkiak atera behar dira, Toscanako ogiz eta zerri haragi onduaz egindako mokaduak jan behar dira, chianti ardoa edan behar da, Arno ibaiaren ertzetik paseatu behar da, masifikazio turistikoaren kontra purrustadak bota behar dira eta museoak bisitatzeko dauden ilara amaiezinak kritikatu behar dira. Dena dago esperientzia turistikoaren barne, baita turismoaren kritika ere. Brunelleschiren kupulara edo Giottoren kanpandorrera igotzeko ordubeteko ilara dago, eta zorteduna naizela azaldu didate, ohikoak izaten baitira bi eta hiru orduko itxaronaldiak.

Bada, niri, primeran iruditzen zaizkit ilarak. Ordu laurden bat zutik eta geldi igaro ondoren, edonor aspertuko da bere buruari argazkiak ateratzeaz, eta inguruari erreparatzeko beste aukerarik ez du izango. Begiratzeko obligazio horri esker, agian zerbait ikusiko du. Eta azkenean sartzen denean, bisita egiten denbora gehiago pasatzeko beharra sentituko du, ilara hain luzea egiten tentelegia izan ez dela erakusteko besterik ez bada ere. Florentziako kanpandorrearen puntan, kupularen linternan, bataiotegiaren barnean, Uffizi arte galerietan, sartzeko denbora asko itxaron behar den lekuetan, bisitariak ez dira konformatzen argazki mordoxka bat atera eta berehala irtetearekin. Patxadaz, hara eta hona, begiratzen, komentatzen gelditzen diren leku bakanetakoak dira.

Florentziako turismo bulegoak 72 euro balio dituen txartel bat saltzen du, hiriko museo eta monumentu guztiak bisitatzeko aukera ematen duena 72 orduz. Ilarak egin gabe sartzeko eskubidea ere ematen du, baina ikusi behar da nola ibiltzen diren, txartela lepoan, katedralera presaka sartzen, bisita azkar egiten, argazkiak ateratzen eta korrika hurrengo museora salto egiten, zoroen moduan. Horregatik, ilara luzeen alde nago. Horregatik, urtero 4,8 milioi turista jasotzen dituen Florentzian noizbait bisitari nahikorik ez balego, Udalak figuranteak jarri beharko lituzke ilarak luzatzeko. •

www.anderiza.com