Garazi Goia

Probokazioak

Aspaldidanik jarraitzen ditut Michel Houellebecq idazle frantsesaren lanak, baita bere ibilbidea ere. “La Carte et le Territoire” liburuarekin Goncourt sari entzutetsua irabazi zuen 2010. urtean, baina aurretik beste liburu ezagun eta arrakastatsu asko argitaratua da. Ezizen asko jarri dizkiote idazleari: enfant terrible-a, dandy erreakzionarioa edota tonu bipolarra erabiltzen duen idazlea. Hain zuzen, elkarrizketa batean berak esan zuen bi ikuspegi osagarri erabiltzea gustuko duela: patetikoa eta klinikoa. Alde batetik, analisi hotza, disekzioa; bestetik, emozioak eta lirika. Eta sortu duen “pertsonaia” hori esplotatu dute kazetariek komunikabide guztietan. Horrela, behin eta berriz goiburuak irabaziz joan da Houellebecq probokatzailea.

Uda honetan irakurtzen ari naizen liburuetako bat bere azken nobela da, “Soumission” izenburuduna. Argitaratu zenean polemika piztu zuen berriro ere, idazleak jorratzen duen gai nagusia tarteko: erregimen islamista baten gobernupean dagoen Frantzia baten narrazio futurista egiten du, egungo Frantziaren irudi deformatu bat azalduz. Politikarekin ilusioa galduta duten eta, aldiz, kirolari eta aktoreengatik mirespena sentitzen duten pertsonaiak dira protagonistak, azkenetan dagoen sozialdemokrazia baten testuinguruan kontatuta. Ea probokazio moduan idatzi zuen galdetu ziotenean honakoa esan zuen: «Ez ditut gezurrezkoak iruditzen zaizkidan gauzak jendea urduri jartzeko esaten. Nire ustez sinesgarria den garapen bat erakusten dut nobelan».

Iritzi eta erreakzio asko sortu ditu liburuak: islamofobia ukitua duela leporatu diote hainbatek; beste batzuek eztabaida bat probokatzen duela esan diote. Atentzioa eman didaten pare bat aipatzearren, Alain Finkielkraut filosofoak etorkizun onargarri batez ari dela esan zuen, eta “Libération” egunkariko zuzendari den Laurent Joffrinek honakoa idatzi zuen: Café de Floren –Parisko intelektualak biltzen diren kafe-etxean– Marine Le Pen-en (hori da protagonistetako baten izena; probokatuz, berriro ere) aulkia berotu baino ez du egiten, alegiazko musulmanen inbasioari buruzko iritzi ultraeskuindarrak literaturaren zirkuluan nahastuz. Argitaratu zenetik zortzi hilabete pasatu direnean, frantsesez bakarrik 600.000 ale baino gehiago saldu dira. Urtarrilaren 7an kaleratu zen, kasualitatez “Charlie Hebdo” egunkariko sarraskiaren egun berean. Biktimetako bat idazlearen lagun mina zen. Ordutik bizkartzainekin dabil Houellebecq.

Azken egunetan, ordea, beste gai batekin bete ditu egunkariak idazleak: “Michel Houellebecquen sei bizitzak” izenburupean, “Le Monde” egunkariko Ariane Chemin kazetariak idazlearen erretratu bat idatzi du, sei kapituluz osatutako idazlan luzean. Uda hasieran kazetariak Houllebecqui hitzordu bat eskatu zionean idazleak ezezkoa eman zion eta, are gehiago, ez zion baimenik eman proiektuarekin aurrera egiteko. Horrez gain, bere lagunei kazetariarekin ez kolaboratzeko eskatu zien. Hala eta guztiz ere, kazetariak bere horretan jarraitu zuen eta azken sei asteetan argitaratu du bere lana egunkarian, «esaten diguten guztiari kasu egingo bagenio ez genuke ezer idatziko», argudiatuz. Edukiek eztabaida ugari sortu dute, beste hainbat gauzen artean, kontraesankorra eta tiranoa deitzen diolako idazleari, eta berak sortu duen pertsonaiak “berezko Houellebecqi” irabazi diola esaten duelako. Antza, tiranoaren aipua anonimo mantendu nahi izan duen lagun batek esana da.

Jakina da idazleak beti nahi izan duela bere bizitza pribatua babestu, eta Cheminek egin duena pribatutasun hori erasotzeko saiakera perfektua izan da. Baina, Frantziako idazle irakurriena denean, “politikoki zuzena” den horrekin jolasten inor baino iaioagoa izanik (“Soumission” adibide ezin garbiagoa da), adierazpen askatasuna behin baino gehiagotan aldarrikatu duenean eta gai probokatzaileak inork baino hobeto lantzen dituenean, orain gauza horiek guztiak Cheminen lanaren perspektibara ekartzen ditugunean, idazleak egin duen kontraerasoaren koherentzia airea galtzen hasten da. Marra horretan dabiltza denak, “politikoki zuzena” den horrekin jolasean. Eta, joko horretako erregelak ezin dira birdefinitu komeni denean bakarrik, ezta? Denek egin dute marratik beste aldera salto, eta zein den probokazio handiena neurtzea ezinezko lana bihurtzen dela iruditzen zait. •