Juantxo EGAÑA

Ricardo Doliwa, argazkilari alemaniar bat Durangaldean

Oso gaztetatik zuen Ricardo Doliwa alemaniarrak (Berlin 1901, Durango 1976) argazkilaritzarekiko zaletasuna. 1940 –lan kontuak medio Durangon ostatu hartu zuen urtea– eta 1950 artean hainbat argazki egin zituen, bere ingurunea iruditan hartuz: bizilagunak eta lursailak lantzen ziharduten baserritarrak; hondamendiak –1941eko otsailaren 15ean urakan-haizeek eragindakoak kasu–; erromeria eta prozesioak; eta baita II. Mundu Gerraren harira Durangon ziren soldadu alemaniarrak ere. Edonora zihoala berarekin zeraman argazki kamera eta, ingurukoen esanetan, Urkiola eta Saibigain mendia ziren bere lekurik kutunenak. Kaballosteko (Durango) garbitokian arropa garbitzen ari diren hainbat emakume ageri dira alboko irudian.