Iñaki Soto

Jeremy Corbynen garaipenak eztabaida piztu dezake

Zintzoa izateko, oraindik ez dut datorren irailaren 12an laboristen primarioetan Jeremy Corbynek irabaz dezakeenik sinesten. Urrutitik begiratuta, kanpotik, mesfidantzaz ikusten dut bere inguruan piztu den ilusioa, nigan sortu duten ilusioa. Berak bere esku zegoen guztia egin du, bere lantaldeak eta bildu dituen milaka eta milaka jarraitzaileek lan itzela, bikaina egin baitute. Aldaketa politikoan sinesten dugunok, Corbyn berarekin ados egon ala ez, asko dugu haiengandik ikasteko. Baina rockero zaharraren eta belaunaldi berrien arteko konexioa fintzen hainbeste lan egin duen Owen Jones (@OwenJones84) idazleak bere azken liburuan azaltzen duen bezala, establishment-a oso garrantzitsua da Britainia Handian. Eta “laborismo berriak” pisu handia du bertan. Hori guztia gainditzeko gai izango direla transmititzen du Jones berak, gaur egun hainbeste baloratzen den eta Corbynek maisuki jorratzen duen “inspirazioa” ikur gisa hartuta.

Corbynen hautagaitzaren harira laborismo ofizialean ematen ari den eztabaida ikusita, irabazita ere bere lidergoan aurrera egin ahal izango duen zalantzan jartzen dute askok. Alderdiaren pisu astunak Corbyn gutxiestetik bere jarraitzaileak mehatxatzera igaro dira, mesprezuaren diskurtsotik beldurraren diskurtsora pasa dira. Kanpotik ikusita, oso modu traketsean, baina, agian, baita eraginkorrean ere.

Horren adibide da Tony Blair berak “The Guardian”-en argitaratutako azken artikulua: «Jeremy Corbynen politikak fantasia dira, ‘Alizia herrialde miresgarrian’ bezalaxe» [http://goo.gl/gm5ha6]. Argi dago, ordea, artikulu horren atzean kalkulu handia dagoela, oso neurtua dela. Adibidez, argi dago bere helburua ez direla zuzenean Corbynen jarraitzaileak, baizik eta agertoki horren aurrean beldurra senti dezaketen gainontzeko laboristak. Batez ere “blairismoaren” arrakastaren lekuko eta onuradun izan ziren horiek. Kanpotik ikusita, Blairrek artikuluan darabilen paternalismoaren eta biktimismoaren konbinazioak galtzaile batena dirudi. Hein batean, Corbynen garaipena emantzat joko balu bezala aritzen da, agertoki horretarako prestatuz, hurrengo eguneko gatazka iradokiz. Agian, sinesten hasi beharko naiz ni neu ere.

Hilak 12an gertatzen dena gertatzen dela, “Corbyn fenomenoak” nazioartean eta batez ere europar ezkerraren barruan eztabaida interesgarriak pizteko balio dezake. Baldin eta horretarako kapaz bagara, baldin eta gogoak baditugu. Orain arte auziaz irakurri ditudan gauza interesgarrienak Eskozian izango lukeen eraginari buruzkoak –Cat Boyd (@kittycatboyd) ekintzaileak gogoeta interesgarriak egin ditu, SNPren ezkerrean eta ezkerrera eztabaida piztu dutenak–, europar agertokiari buruzkoak –Syrizaren eta Podemosen harira aipatutako Owen Jones berarenak, apur bat partisanoak badira ere–, eta laborismoari buruzkoak izan dira –besteak beste, Seumas Milne (@SeumasMilne) kazetariak “The Guardian”-en bertan esandakoak–.

Niretzat Corbynen kasua beste zentzu batean ere bada interesgarria. Gailenduko balitz, sozialdemokrazia neoliberalizatuari «estatu kolpea» ematearen parekoa litzateke hein batean. Gainera, munduko sistema kapitalista parametro kultural anglosaxoietan mugitzen denez, parametro horien barruan kokatu behar da, nire ustez, europar politikagintza ezkertiarra. Kritikoki, jakina. [Pertsonalki, agian, nahiago nuke alemaniarren markoan ematea, Die Linkeren parametroetan, adibidez, baina amildegi kultural orokorra handiegia iruditzen zait]. Hainbeste nabarmendu den “fenomenoaz” harago, sareen eta komunikazioaren erabileraz harago, Corbynen agenda eta programa aztertzeko aukera legoke, zenbait auzitan desadostasunetik bada ere, ikuspuntu interesgarriak dituelako. Laborismoarentzat iraultzailea delako, baina, benetan iraultzailea izateko laborismoan irabazi behar duenez, oreka interesgarriak egiten dituelako. Gure kasuan, eztabaida horiek bultzatzeko prentsaren jokabidea bera aztertu beharko genukeela ere uste dut. •