Arantxa Urbe
Hezitzailea eta Hik Hasi-ko kidea

Laugarren hiruhilekoa amaitzen denean

Lankide batek esan ohi du ikasturtea haurdunaldiaren tankerakoa dela. Ez dakit haren begietan zerk egiten dituen antzekoago, bien iraupen bertsuak ala bien amaierak sortzen duen urduritasunak, zain egoteak, amaitzeko desioak... Usteak uste, Euskal Herriko heziguneak prest dira beste ikasturte bati ekiteko. Dagoeneko eskolan hasi ez diren ikasleak aste honetan bertan hasiko dira. Hezitzaileek tentuz atondu dituzten gela txukunak aurkituko dituzte, koaderno berriak, aspaldi ikusi gabeko lagunen aurpegi irribarretsuak. Udako hilabeteetan isilik egon diren heziguneak zalapartatsu bihurtuko dira berriro. Nagiak ezin astindu agertuko dira asko, berriak sortzen duen zirraraz besteak, eta erronka berri baten hasierak sortzen duen emozioz beste batzuk, zergatik ez! Eta hezkuntzak ekainean itxiko den ziklo berri bati emango dio hasiera.

Denbora arraroa da opor denbora hori. Etxekoentzat luzeegia eta hezitzaileentzat, berriz, motzegia, egutegiak denentzat egun kopuru bera erakutsi duen arren. Nolakoa iruditu ote zaie ikasleei?

Atzean geratu zen ekaina. Atzean etxekoen joan-etorriak heziguneetara, notak, txostenak, ebaluazio kontseiluak, aholkuak, iradokizunak... ikasturte amaierako zurrunbiloa. Ikasleen ebaluazio zehatzak egin zituzten hezitzaileek. Saiatu ziren ikasleen lana ebaluatzen, eta hori, gehienetan, nota batean jasota geratu zen, edo, kasurik hoberenean, txosten batean. Ikasturtean zehar neska-mutilek hezigunean egindako lanaren berri eman zitzaien etxekoei eta administrazioei. Gehiegitan, ikasleak lortu edo gainditu ez zuena gelditu zen agerian, nabarmenduegi, akaso.

Etxekoek hezitzaileen ahotik jaso zuten ikasleen ibileren berri. Gaindituak, bikainak, gainditu gabeak eta errekuperatu beharrekoak aipatu ziren. Eta haiekin batera, baita ere, ikasle hobea, pertsona zintzoagoa eta langileagoa izatea lortzeko aholku sorta, askotan. Etxekoek guztiak entzun eta jaso zituzten. Eta orduan hasi zen beren denbora, ikasturtearen laugarren hiruhilekoa, etxekoak beren neska-mutilen heziketaren arduradun ia bakarrak bilakatzen diren denbora.

Interesgarria litzateke oso –igual beharrezkoa–, laugarren hiruhileko horren ondotik hezitzaileek neska-mutilen gaineko txostena jasotzea etxekoen aldetik. Ekainean, ikasturteko azken ebaluazioan, aipatu zirenetatik zenbat hobetu diren eta zenbat diren ekainean baino urrunago daudenak orain. Nola joan den denbora hori, hitz egin zirenak bideratu ote diren. Ez dakit nonbait egiten ote den antzeko ekimenik, baina erabat aberasgarria eta interesgarria izango litzateke, bai etxekoentzat eta baita hezitzaileentzat ere. Balio dezake, gainera, beste aldeak egiten duen lanaz hobeto ohartzeko. Etxekoen eta hezitzaileen arteko elkarlanaren seinale garrantzitsua litzateke, gainera.

Ezagutu ditugu uda bakar batean urteko lana pikutara bota diotela sentitu duten hezitzaileak. Nola hala bideratzea lortu zuen ikaslea “basati” bihurtuta nola itzuli den ikusi duena. Udak, hain luzea den denbora horrek, arauak eskas bilakatzen diren garaiak, hartzea hainbeste kostatako errutinak galtzen diren sasoiak utzitako ajeak. Haien ondoan ezagutu ditugu ere eskolak noiz hasiko zain dauden etxekoak. Eskolan hasi eta hezitzaileek anabasaren erdian ordena pixka bat jartzea lortuko duten itxaropenarekin daudenak.

Irailarekin batera hasi da lehenengo hiruhilekoa. Hezkuntza, batez ere, hezitzaileen zeregina bihurtzen den garaia. Ea ikasturte honetan hezitzaileok lortzen dugun, irakasteaz gain, gure ikasleei ikasten laguntzea. Izan ere, mundua gure liburuetatik irakats dezakeguna baino luzeagoa eta zabalagoa da. Animo neska-mutilak, eskolako leihoa zabaldu eta gurekin batera mundua zein aberatsa, erakargarria eta bizia den ikusteko irrikatan ditugu-eta! •