joseangel.oria@gaur8.info
LIBANO

Zaborretatik abiatutako mugimendua, Gobernua hankaz gora botatzeko prest

Zaborrak arazo bihurtu dira Beirut Libanoko hiriburuan eta agintarien ezgaitasunak herritarren haserrea eragin du. Baita kalera protestatzera jaisteko gogoa ere. «As Safir» Libanoko egunkariaren arabera, «ez da inolaz ere edalontzi batean sortutako ekaitza, ezta asteburuko iraultza hutsa ere. Berritzen ari den eta etenik ez duen prozesua da».

Ez nuke nahi nik bizi dudana beste inork bizi behar izatea. Bakean bizi nahi dut. Libanon hemazortzi komunitate erlijioso ditugu eta horiek guztiek jakin behar dute ezin dituztela besteak menderatu. Komunitateak elkarren aurka jartzeko garaiak bukatu dira», esan zien kazetariei Sabah Mrad libanoarrak, Beiruten gaur zortzi egin zen manifestazioaren ondoren. Gurpil-aulkian joan zen manifestaziora, Libanoko zabor arazoa konpontzeko exijitzeaz gain, herrialdeko politika egiteko era bera ere aldatzeko ahalmena duen mobilizaziora joan gabe ez zuen geratu nahi-eta.

Joan den larunbatean milaka lagun elkartu ziren berriz ere Beirut hiriburuan, «Gobernuaren axolagabekeria» salatu eta «erabateko aldaketa», politikari berriekin, exijitzeko. Kiratsa Darizu mugimenduak (“Tol3et re7etkom” deitzen diote) antolatu zuen manifestazioa, zaborraren arazoak eraginda sortutako giza mugimenduak alegia. Hala ere, Beirutek duen arazoak herrialde osoko manifestariak erakarri zituen: gai zehatz bat bestelako aldarrikapenen iturburu bihurtu den seinale.

Zaborrez gainezka

Orain zabor krisi moduan ezagutzen dugun arazoa uztailaren 17an lehertu zen, hiriburuaren hegoaldeko Naamehko zabortegi nagusia itxi zutenean. Orduan amaitu zen ere Sukleen konpainiarekin Beiruteko Udalak sinatuta zuen kontratua. Naamehn botatzen zituzten zaborrak Beirut hiriburuan eta Libano Mendia eskualdean sortutakoak ziren; «gutxi gorabehera Libanoko biztanleen erdia hartzen dituen eremua», Joey Ayoub blogariak azaldu duenez.

«Zaborrez gainezka gaude. Gobernuak aspalditik zekien Naamehko zabortegia betetzen ari zela eta aurki bertara zabor gehiago botatzerik ez zela izango, baina ez du ezer egin alternatibaren bat topatzeko, Beirutek sortzen dituen hondakinak ezabatzeko konponbide ekologikoren bat aurkitzeko. Hori egin beharrean, Gobernuak erabaki du hondakinak herrialde osoan banatzea, edozein puntutan, ondoan jendea bizi den edo basoren bat ote dagoen begiratu ere egin gabe. Ondorioak oso larriak izan dira ingurumenarentzat zein herritarron osasunarentzat», azaldu du blogariak.

Hondakinak birziklatu

Egoera horren eraginez sortu zuten Kiratsa Darizu mugimendua. Ingurumen adituen laguntzarekin konponbide jasangarriak diseinatzen dituzte, hondakinen kudeaketa udalek egin behar dutela defenditzeaz gain. Garbi daukate zaborren arazoa konpontzeko biderik egokiena birziklatzea dela. «Orain egun batzuk mugimenduko zuzendaritzarekin bilera bat egin nuen. Adin ezberdinetako pertsonak ginen bertan, gizonak zein emakumeak, eta talde etniko ezberdinetakoak. Askok genuen esperientziaren bat benetako aldaketak exijitzen dituzten mugimenduetan, baina beste batzuentzat dena berria zen. Jatorri politiko ezberdinetakoak izan arren, guztiok ulertzen genuen, senez, kausa honek denoi parte hartzea exijitzen zigula», azaldu du Joey Ayoubek.

Talde etniko eta erlijioso ezberdinetako kideek bat eginda lan egitea nabarmentzen du blogariak, egungo Libanoren ezaugarri nagusia guztiz kontrakoa baita: herrialdearen historiaren eraginez, etniaren eta erlijioaren arabera hartzen dira makina bat erabaki (esaterako, Parlamentuko presidenteak xiita izan behar du; herrialdeko presidenteak, kristaua; eta lehen ministroak, sunita), eta horrek ustelkeriari zabaldu dizkio ateak. Eta herritarren haserreari.

«Ezin dugu gehiago. Agintariak ez dira inoiz gutaz arduratu. Beraien interesak baino ez dituzte kontuan izaten; herriari nola lapurtu, ez dute beste ezer buruan. Hona etorri naiz isilik ez garela geratuko aldarrikatzeko», esan zion joan den larunbatean Nadine Jordi abokatu gazteak Efe berri agentziari. Bere iritziz, libanoarrek «beste klase politiko bat» nahi dute, «eta libanoar guztiak legearen aurrean berdinak izatea, faboritismo eta entxufeak behingoz alde batera uztea».

Beiruteko horma

Orain arteko mobilizaziorik iskanbilatsuena abuztuaren 22an egindakoa izan zen. Milaka lagun protesta egiten, eta Polizia herria isilarazi nahian. Ehunka zauritu izan ziren manifestarien zein agenteen artean. Agintariek horma handi bat eraiki zuten, protestak beren egoitzetatik urruti eduki nahian. Baina neurri horrekin manifestari gehiagoren gogoa piztea baino ez zuten lortu.

Handik astebetera egindako manifestazioan zuriz jantzitako gazte ugari zebilen. Mobilizazioaren segurtasun zerbitzua zen (500 lagun inguru, Poliziarekin eta Gurutze Gorriarekin koordinatuta), jai giroari eutsi eta probokatzaileak urruti edukitzeko (herrialde arabiarretan agintariek askotan bidaltzen dituzte, beraien aurkako sentitzen dituzten mobilizazioak zapuztu nahian). «Gure helburua da manifestariak ez daitezela Parlamentu ingurura joan eta Poliziarekin istiluak saihestea», adierazi zuen boluntario batek.

Musika entzuten zen nonahi, protestarekin lotutako abesti ugari batez ere, eta mozorrotutako herritar askok parte hartu zuen. Kronikek nabarmendu dute familia osoak bertaratu zirela, ume txikienak ere hartuta.

Eguzkiak distira gehiago

Era guztietako pankartak ikus zitezkeen abuztuaren 29ko manifestazioan. Batzuek beren ideiak azaldu nahi zituzten: «Zaborrak biltzea ez da nahikoa, konponbidea oinarritik birziklatzea da». Beste batzuek helburu potoloagoak zituzten: «Zuek alde egitean eguzkiak distira gehiago egingo du, zuek gabe hobeto egongo gara».

Kiratsa Darizu mugimenduak ia egunero egiten ditu mobilizazioak. Agintariei esan die arazoa konpondu ezean, Libano osoan egingo dituztela protestak. Mohammed Machnouk Ingurumen ministroaren dimisioa exijitzen du mugimenduak, eta hondakinen arazoari irtenbide jasangarri bat emateko. Gainera, ekintzaileek Gobernuari exijitzen diote esplikatzeko zer egin duen aurrekontuek izandako superabitarekin.

Seguru asko azken eskari horrek eragingo zuen itsasertzeko Tripoli eta Sidon hirietatik manifestariak Beiruteraino joatea. Beste batzuek Bekaa bailaratik eta eskualde menditsuetatik bertaratu ziren, Chris Kneyzeh gazteak egin moduan: «Azken astean egunero etorri naiz hiriburura manifestazioetan parte hartzera».

Poliziaren jarduera

Gazteak eusten duen pankartan eskari garbi bat irakur daiteke: «Kontuak ematea nahi dugu». Izen horixe jarri diote bere herriko ekintzaileek sortutako taldeari. Segurtasun indarrek manifestarien aurka egin dituzten gehiegikeriak argitzeko ikerketa bat eskatzen dute gazte horiek. Izan ere, munduko herrialde askotan gertatzen den moduan, segurtasun indarrek, kasu askotan, zapuztu nahi duten giza mugimendua indartu baino ez dute egiten beren baldarkeriarekin, eta horixe gertatu da azken bolada honetan Libanon ere.

Herritarrak bat eginda kalera irteten direnean indartu egiten dira, indartsuago sentitzen dira. Horregatik, horrenbeste jende kalean ikustean, askok bestelako eskariak plazaratzeko baliatzen dute aukera, eta Beiruteko kasuan argindar zerbitzuaren eta ur hornikuntzaren gabeziek bide horretatik lortu dute plazan azaltzea. Kontuan hartu behar da kasu askotan Europako mendebaldeko herrialdeetako salneurria ordaintzen dutela argindarrarengatik libanoarrek, baina, ondoren, jasotako zerbitzua ez da maila horretara iristen, ezta pentsatu ere!

Joan den igandean, manifestariei arrazoia eman nahiko balieke bezala, ia herrialde osoa argindarrik gabe egon zen denbora askoan. Gehiegizko eskaerak matxura bat eragin zuen goi-tentsio sarean, eta umorea sare sozialetan; «argindar konpainia publikoko norbaitek mugimenduarekin bat egin duela dirudi», zioen herritar batek.

Azken larunbateko manifestazioan parte hartzaile batzuk oso optimista zeuden. Mariam Dammour txaleko islatzaile bat jantzita zebilen, segurtasun zerbitzuko boluntarioetako bat baitzen. «Azkenean, jendea konturatu da gure politikariek ez dutela agindutakoa betetzen, ez dutela Estatua herritarren alde kudeatzen», zioen gazteak.

Betiko alderdien botoak

Houssam Ajjour 41 urteko abokatua ez zen iritzi berekoa: «Jendeak mentalitatez aldatu behar du, oraindik betiko alderdi politikoek boto asko biltzen dituzte-eta. Ez dut uste horrelakorik gertatuko denik».

Ajjourrek eskatutako mentalitate aldaketaren tankerako zerbait behintzat ikusi genuen joan den asteartean. Abuztuaren 29ko mobilizazio jendetsuan 72 orduko epea eman zioten Gobernuari beren eskariei erantzuteko. Epea bukatzeko ordu batzuk falta zirela, Ingurumen Ministerioa okupatu zuten 50 lagun inguruk. Mohammed Machnouk Ingurumen ministroaren dimisioa exijitu zuten manifestariek, mobilizazioa erabat baketsua zela nabarmenduz.

Zaborraren krisiak eragindako gainerako mobilizazioetan bezala, Libanoko bandera izan zen gehien erabilitako ikurra Ministerioan egindako protestan. Libanoko ereserkia abesten zuten lurrean eserita. Poliziak ordezkari batzuk bidali zituen beraiekin negoziatzeko, baina ez zuten gauza handirik lortu.

Lucien Bourjeily Kiratsa Darizu mugimenduko kideak AFP agentziari esplikatu zionez, Ministerioan jarraitzeko asmoa zuten, Machnoukek kargua utzi arte. Erantsi zuen Ministerioa epea amaitu aurretik okupatzea erabaki zutela agintariak ustekabean harrapatzeko. Bourjeily bera erietxera eraman zuten zaurituta astearte gauean, Poliziak Ministerioa hustean jipoitu ondoren.

«Hau gure Ministerioa da, guk babestuko dugu. Ez dugu segurtasun indarren beharrik», zioen manifestari batek ordu batzuk lehenago. Ministerioko langileei zein herritarrei beraiekin bat egiteko eskatu zieten.

Ingurumen ministroaren buruaz gain, manifestariek exijitzen dute Barne ministroak Poliziaren jardueraren inguruko esplikazioak emateko eta Estatuak dirua bidera dezala udalek hondakinak biltzeko sistema propioak abian jar ditzaten. Astearteko okupazioa Poliziaren esku hartze bortitzarekin amaitu zen, baina ekintzaileek garaipen gisa bizi izan zuten egindakoa. «Aukera guztiak zabalik daude», esan zien kazetariei Assaad Thebien Kiratsa Darizu mugimenduko kideak: «Eskualde guztietan mobilizazioak egin daitezen lanean ari gara».

Bulegotik irten ezinda

Ironia puntu batekin, Thebien ekintzaileak erantsi zuen pozteko moduan direla: «Ez genuen lortu Ingurumen ministroaren dimisioa behartzea, baina bere bulegoan zortzi orduz egotera behartu genuen, eta hori ez zuen sekula egiten!».

Herritarrak agintariak estutzen ari dira, politikariek gero eta sinesgarritasun gutxiago duten herrialdean. Manifestarien ustez, klase politiko osoa da egungo egoeraren erantzule. Arazoen aurrean erantzun egokirik ez ematea leporatzen diete.

Politikarien ezgaitasun horren adibiderik garbiena Libanoko presidente berria aukeratzeko prozesuan ikus dezakegu. 2014ko maiatzaz geroztik presidenterik gabe dago Libano, Michel Suleimanek kargua utzi zuenetik. Dagoeneko hamasei hilabete pasa dira, baina egoera ez da batere aldatu. Parlamentuak berak ere sinesgarritasun gutxi du, 2009an aukeratu baitzuten herritarrek eta, tokatzen zenean hauteskundeak berriz egin beharrean, agintaldia luzatu eta hauteskundeak 2017an egitea erabaki baitu, ezegonkortasuna saihesteko asmoarekin. Edo aitzakiapean.

Nabih Berri Parlamentuko presidenteak joan den igandean iragarri zuen iraileko lehen hamar egunetan elkarrizketa prozesu bat jarriko duela abian geldialdi politiko horri amaiera emateko, baina inork ez du uste ezer aurreratuko duenik.

Joan den asteazkenean garbi ikusi zen politikarien ezgaitasuna. Presidente berria aukeratzeko bozketa egitekoa zen Parlamentuan, baina, diputatu askok ez azaltzea erabaki zutenez, bertan behera geratu zen ahalegina. Hurrengo bozketa irailaren 30ean egitekoak dira. Beste hiru aste sinesgarritasuna galtzen.