Amagoia Mujika Telleria
MUNDUKIDE ETA KOOPERAZIOA

Mozambiketik ekarriak bertsotan zintzilikatuko ditu Miren Amurizak

Mundukide gobernuz kanpoko erakundeak, hamabost urte betetzen dituela eta, argazki erakusketa bat antolatu du, eta argazkietako irudiak eta datuak janzteko eskatu dio Miren Amurizari Lankuren bitartez. Hortik sortu da “Kapulana bat zintzilik” emanaldia; Mozambiketik bueltan ekarritakoak ipuinetan eta bertsotan jaso ditu Amurizak.

Kapulanak Mozambikeko emakumeen oihal koloretsuak dira; soineko moduan, haurrak lepoan eusteko, jana biltzeko edota etxeak apaintzeko baliatzen dituztenak. Nahi dutenerako edo behar dutenerako erabiltzen dute Mozambikeko emakumeek kapulana. Eta erabilera hain anitza izanik, edozer aurki daiteke zapi handion estalpean. Kapulana bat zintzilik bueltatu da Miren Amuriza Mozambiketik, espero gabeko asko ikusi eta sentitu dituenaren begiradaz. Eta “Kapulana bat zintzilik” izeneko emanaldian horietako batzuk deskribatuko ditu.

Mundukide gobernuz kanpoko erakundeak eta Lankuk elkarlanean sortutako proiektua da Amurizak bertsoz eta ipuinez jantziko duena. Mundukidek 15 urte betetzen dituela eta, bere lanaren argazki erakusketa ibiltari bat antolatu du herriz herri eta “Kapulana bat zintzilik” emanaldia proiektu hori osatzera dator. Hartara, argazki erakusketa izango den herrietan eskainiko du Amurizak ikuskizun hori.

Mundukideko Josu Urrutiak kooperazio kooperatiboan jarduten duen GKEaren egitekoa azaldu du asteon egindako aurkezpenean. «Egunotan asaldatuta gaude egunkarietan ikusten ditugun errefuxiatuen argazkiekin, baina argazki horiek ondorio bat baino ez dira. Munduan 1.200.000 pertsona baino gehiago egunean euro bat baino gutxiagorekin bizi da eta munduko aberastasunaren erdia biztanleriaren %1aren esku dago. Pentsa beste erdia zenbaten artean banatu behar den. Azkenean, gauzak egiteko beste modu bat dagoela sinisten dugulako sortu zen Mundukide duela hamabost urte. Zertarako? Lana, elkartasun unibertsala eta eraldaketa soziala printzipio kooperatiboak oinarri hartuta hegoaldeko herrialdeen garapena laguntzeko. Ditugun baliabideak eta ezagutza partekatu nahi ditugu beste herri batzuekin, pertsona horien gaitasunak handituz haien komunitateak eta herrialdeak garatzeko».

Bide horretan hamabost urte ibili ditu Mundukidek eta egindako lana Euskal Herrian zabaltzea eta ezagutzera ematea da orain bere erronka. Zabaldu nahi horretan bertsoa tresna interesgarria iruditu zitzaien eta horregatik jo zuten Lankurengana. Mundukide-Lanku elkarlan horretatik iritsi zaio enkargua Miren Amurizari, enkargua baino «oparia», bertsolariaren hitzetan. «Ez da abentura baten kronika izango, ezta gobernuz kanpoko erakunde baten hitzaldia ere; hausnarketa txikiz eta galdera handiz josiriko kontakizuna baizik», zehaztu dute bultzatzaileek.

Pentsatutakoak, hankaz gora

Mundukideren eskutik Mozambiken bost aste pasatu ditu Miren Amurizak. Iritsi berritan, pozik dago bizitako abentura ederrarekin.

«Mundukidek antolatu behar zuen argazki erakusketa osatzeko zerbait egitea proposatu zidaten. Erakusketak irudiak eta datuak eskaintzen ditu, eta horiek jendearengana iristeko moduko zerbait egiteko eskatu zidaten. Mozambikera joateko gonbita egin zidaten eta hortik aurrera bidea libre utzi didate gura nuena egiteko».

Ideia batzuekin abiatu zen Amuriza Mozambikera, eta beste oso desberdin batzuekin egin du buelta. «Bidaiaren aurretik eskema bat egin nuen buruan, zer egingo nuen irudikatu nuen. Batetik, bertako jende zaharrarekin elkartzea pentsatu nuen, antzinako kondairak eta kontakizunak biltzeko. Bestetik, gai potolo batzuk aukeratu eta horien inguruan hitz egitea pentsatu nuen; postkolonialismoa, feminismo afrikarra, giza eskubideak... eta, hirugarrenik, bertsoa eta nire sentiberatasuna ardatz, bertso batzuk egitea pentsatu nuen. Ekuazio perfektua: mistika apur bat, politika apur bat eta aurrera. Baina, gauzak nola diren, Mozambikera iritsi eta nahikoa izan ziren bi egun nik pentsatu nuenak ez hanka ez buru ez zuela konturatzeko», kontatu du bertsolariak.

Eta zerotik hasi zen berriro, han bertan, Mozambiken, bertako errealitatea begien parean zuela. Hiru irizpide izan ditu oinarrian emanaldia osatzeko orduan. «Lehena, iraganari buruz ez hitz egitea. Zergatik? Bertako jendeak ez daukalako guk daukagun denboraren ikuspegi hori. Bertakoak orain eta hemen bizi dira. Bizitza zer moduz doakien galdetuz gero, gehienez aste horretako eguraldiaz hitz egiten dute, edo asko jota urte horretako uztaz. Hortik atzeragokorik ez dute gogoratzen. Nola hasiko nintzen ni antzinako kondairei buruz galdezka atzera begira euren bizi ibilbidea justu-justu gogoratzen badute. Eta aurrera begira, beste hainbeste. Ez dira bizi gu askotan hainbeste itotzen gaituen geroaren gurpil horretan. Zertarako pentsatuko dute hemendik urtebetera edo bi urtera gertatutako denaz, horrek ez badie ezer emango gaur edo bihar jan behar dutenei?». Horregatik erabaki omen zuen emanaldiaren ardatza oraina izango zela.

Bigarren irizpidea: «Ez dut Afrikari buruz hitz egingo. Hori askotan egiten dugu. Herrialde bateko eskualde batera joan eta han geure buruari lizentzia ematen diogu kontinente oso bati buruz hitz egiteko. Nik emanaldian hitz egingo dut Mozambikeri buruz».

Eta, azkenik, hirugarren oinarria testuari buruzkoa da. «Bueltak ematen aritu nintzen zein testu mota erabiliko nuen, zein generotan mugituko nintzen. Eta erabaki nuen argudiorik ez nuela erabiliko. Ni ez naiz joango herririk herri argudioak ematen inor ezertaz konbentzitzeko. Horregatik erabaki nuen deskribapenak izango direla testuak. Ni ahalik eta modu zehatzenean saiatuko naiz deskribatzen ikusi dudana eta han bizi izan dudana. Eta hortik bakoitza saiatuko da bere ondorioak eta iritziak ateratzen. Ni ez noa argudioak ematera».

Eider Eibarren ilustrazioak

Emanaldian Miren Amurizak gai desberdinak aipatuko ditu; kooperazioa, nekazaritza, haurtzaroa, hizkuntza... «gai horiek denak kapulana batean bildu eta zintzilik jarriko ditut, jendeak nahi duena har dezan». Gainera, lantzen den gai bakoitza Eider Eibarren ilustrazio batekin lagunduta joango da.

Argazki erakusketa jasoko duen lehen herria Berriz izango da, urriaren 5a eta 11 bitartean. Emanaldia, berriz, urriaren 8an izango da, 20.00etan, Berrizko kultur etxean.

Azaroaren 23-27 bitartean Oñatin izango da argazki erakusketa, eta emanaldia azaroaren 26an izango da bertan. Eta urtarrilean Aretxabaletan daukate hitzordua. Hala ere, espero dute datozen asteetan hitzordu gehiago lotzen joatea.