Iratxe Esnaola Arribillaga - @puntueus
Informatika ingeniaria

Adi! Droneak!

GARAk erreportaje bat argitaratu zuen irailaren 7an, Iker Bizkarguenagak idatzia. Drone armatuen gainean mintzo zen, albistea baitzen, aste hartan, lan polizialetarako erabili ahalko direna. Ipar Dakotatik etorri zen albistea. Urtarriletik eztabaidan ibili ondoren, lehenak izan dira drone armatuak arautzen, betiere arma hilgarririk gabe: gas negar-eragilea, gomazko balak, deskarga elektrikoak, eta abar. Baina arma hilgarritzat hartzen ez badituzte ere, drone armatuak dira eta hau hasiera bat besterik ez da.

Droneak pilotu gabeko hegazkinak dira. XX. mendearen erdialdetik euren garapenak interes handia piztu du. Azken urteotan, entretenimendura bideratu izan dira, eta Amazon-ek bere paketeak etxeetara bideratzeko erabiliko zituela kontatu ziguten “Gaur egun” eta “Teleberri”-n. Albiste on gisa plazaratu zuten, aurrerapen gisa. Baina droneak ez dituzte liburuak eta bestelakoak banatzeko garatu nahi izan. Teknologia honen helburua beste bat izan da beti.

Drone bat ekoiztea, caza edo gerrako ohiko hegazkin bat ekoiztea baino merkeagoa da. Ez du piloturik behar; beraz, ez da piloturik formatu behar. Eta gertakariak nahi bezala ateratzen ez badira, edozein kasutan, ez da galera humanorik gertatzen, kontrola urrunekoa delako. Egia da droneen zenbait ezaugarri asko hobetu daitezkeela oraindik ere (autonomia, bolumena eta zehaztasun maila), baina errealitate bat dira eta gero eta gehiago erabiliko dira. Antza, Ameriketako Estatu Batuek eta Israelek jada erabiltzen dituzte. Turkiak, Txinak, Erresuma Batuak eta Indiak ere euren interesa agertu dute. Europar Batasuna eta NATO ere droneei begira daude. Denak.

Bizkarguenagaren erreportajean, drone armatuen kontuarekin, beste giza-eskubide batzuen urraketa ere aipatzen zen: pribatutasunarena, kasu. Droneak, arma ez hilgarriekin doazenean ere, zaintzan ibiliko direlako. Begira. Horrekin batera, bada niri barrua mugitzen didan beste eremu bat: gerra bideo joko bilakatzearena, biktimak errealak badira ere. Alegia, droneak ez du piloturik behar, eta hortaz, ez dira hegazkineko pilotuak behar. Baina behar dira urruneko kontrola eramango duten pertsonak.

Eztabaida ertz askotatik landu da eremu honetan. Batetik, alde moraletik. Urruneko kontrolarekin, erailketak urrutitik egiten dira. Urruneko kontrola daramanak ez du bere burua arriskuan ikusten. Asma dezake, edo huts egin. Baina bera ordenagailuaren bestaldean dago. Halere, “Drone” dokumentalean lehen pertsonan argi adierazten duten bezala, pertsona horiek, aurrez aurre aritzen direnek bezala, estresaren sindromea pairatzen dute, drone batekin beste pertsona bat erail ondoren. Hor kokatzen da eztabaidaren beste ertz bat: dronea urrunetik kontrolatzen duena zibila bada, ejerzitoko kide bat balitz bezala da? Ze gerra mota bilakatzen da?

Dokumental berean diotenez, ejerzitoko ofizialak bideo joko txapelketetara gerturatzen dira, ikuskatzaile gisa, bideo jokoetan adituak direnak drone bat kontrolatzeko egokienak direla iritzita, suposatzen da. Era berean, bideo jokoen programatzaileek droneen kontrolerako beharrezkoa den interfazearen diseinuan laguntzen dute. Nabaria da bideo jokoen munduaren eta droneen arteko lotura.

Droneen gaiak interes handia pizten ari da. Tresna potenteak dira, lan ezberdinak egiteko. Eta hortik dator euren erabilera arautzeko beharra. Interes ekonomiko, militar eta politikoak egongo dira atzean (eta ez da konspirazio bat). Eta Ipar Dakotakoa lehen urratsa besterik ez da. Droneen erabileran sakondu nahi dutenek eztabaida irabazi arteko bidea hasi dute. Eta zerbait lortu dute jada. Adi ibiltzeko gaia da, eta ez AEBetan bakarrik. •