2015/10/03

Erreportajea
INTERNETETIK KAFETEGIRA
Connectikae elkarteak Ipar Euskal Herriko sare sozialen erabiltzaileak elkartu ditu

«Tweetcafe» eta «tweetapero» traolak baliatuta hitzordu gero eta jendetsuagoak antolatzen ari dira Baiona aldean. Twitterren hitzordua jarrita edari edo mokadu baten inguruan biltzen hasi ostean, pausu berri bat eman dute orain Joanes Andueza eta Brice Martinellik: Connectikae elkartea sortu dute sare sozialen erabiltzaileak biltzea xede.

Idoia Eraso
Pd18_internet2

Euskal Herriko txiolari komunitatea ezagutu nahi dugu. Twitterreko ideia birtualetik errealitatera pasa», azaldu du Joanes Andueza Connectikae elkarteko sortzaileak. Orain arte hiru tweetcafe eta tweetapero bat antolatu ditu baionarrak, eta orain pausu berri bat eman du Connectikae elkartearen sorrerarekin.

Elkartea sortu zenetik lehen tweetaperoa izan zen joan den astean Bidarteko Spot tabernan. Izarbel Teknogunean dagoen ostatua ez zuten nolanahi aukeratu, orain arte egin dituzten beste hitzorduetan hartutako bidea jarraiki. «Maite ditugun gauzak eta tokiak sostengatu eta garatu nahi ditugu», nabarmentzen du Anduezak. Internet euskarri izanik, mundu errealean atzeman daitezkeen gauzen berri eman nahi dute, eta aurrez aurreko erlazioak garatu.

2015eko otsailean antolatu zuten lehendabiziko tweetcafe-a Kalostrape ostatuan egin zuten. AEK-k Baionan duen tabernan hamar pertsona inguru bildu ziren, baina kopuru hori gora egiten hasi zen hurrengo hitzorduetan. Jendea biltzen zela ikusirik eta Internetek gure bizitzan duen tokia zein den egiaztaturik, «zerbait egiteko bazela» pentsatu zuten Joanes Anduezak eta Brice Martinellik. Eta aurrera egin zuten.

Teknologia digitalak eta Euskal Herriaren garapena elkartu nahi dituzte. Turismoa, enpresak, eragileak, hitzordu kulturalak... Sareak ematen dituen aukerak bezala, Connectikae elkartearen eremua anitza da. «Adibidez, festibalekin lan egiten ahal dugu, promozionatuz eta aldi berean zer gustatzen zaigun eta zer ez esanez».

Enbaxadoreak

Elkartean parte hartzen duten pertsonekin enbaxadore sistema bat sortu nahi dute: «Kide bakoitza parte izango da bere iritzia emanez. Guk horren bitartez toki edo ekintza bati ikusgarritasuna ematen diogu eta gure partaide izaten ahal da».

Elkartea agorrilean sortu zen, eta webgunea egin dute: Connectikae.com. Horrez gain izen-ematea zabaldu dute, eta, abiatutako dinamikari jarraipena emanez, Bidarteko lehen hitzordua antolatu zuten. Elkartearen jardunaren berri izateko Twitterren jarrai daiteke, eta blogeko berriak segi edota newsletter-a jaso. Euskarri horien bitartez ekimen edo ekitaldien informazioa edo aktualitatearen berri jaso daiteke, baina ez soilik. Jarduera ekonomikoago baterako bidea ere izanen da, eskaintzak, beherapenak edo publizitatea helarazteko. Azken hori ez dago edonori irekita, baldintza batzuk egon badirelako onartua izateko; adibidez, produktuak edo enpresak bertakoak izan behar dira, eta ekonomia soziala sustatu behar dute.

Kulturaren inguruko berriak hedatzea ere lehentasunetako bat da, eta, tweetcafe edo tweetapero-en kokapenaren aukeraketan bezala, antolatzaileek maite dituzten egitasmoak bultzatuko dituzte. Hala, euskara sostengatzea ere nahi dute, lehiaketak, topaketak eta bestelako hitzorduei toki eginez.

Aktualitateari lotuta den informazioaz gain Euskal Herriko errealitatearen berri ematea ere badute helburu. Horren adibide da azken tweetapero-an izan zen hitzartzea. Mugaz gaindiko bidaietarako informazioa hedatzen duen Transfermuga.eu webgunearen eta horren atzean den dinamikaren berri emateko hitzaldia izan zen. Azalpenak proiektu, pertsona, elkarte edo enpresei irekita izanen dira.

Garapena

«Potentzial handiko egitasmoa da Connectikae», nabarmentzen dute elkartearen sortzaileak. Twitter izan badute ere abiapuntu, beste sare sozial batzuetara hedatzea ere aurreikusten dute, Internet egun oinarrizko tresna baita. Bide horretan Facebook sare sozialean sartu dira, eta Instragram bertan ere tokia egiteko asmoa agertu dute. «Jende interesgarri asko aurkitzen da sare ezberdinetan, eta gure dinamika guztiz irekia da. Sare sozialen indarra hori da», nabarmentzen du Anduezak.

Ipar Euskal Herrian sortu den dinamika hedatzea dute xede: «Hegoaldearekin zubi lana egin nahi dugu, sare bat sortzeko». Orain arte dinamikaren hizkuntza frantsesa izan bada ere, «Hegoaldera pasatakoan euskara baliatuko» dutela nabarmendu Anduezak. «Hegoaldea ez dut anitz ezagutzen, baina Twitterren aktiboagoa da Iparraldea baino, eta proiektu honen bitartez ezagutu nahiko nuke», adierazi digu. Sortzaileak txiolariak erakartzeko baliatu du parada: «Bestaldeko txiolariei dei egiten diet gure proiektuan parte har dezaten». Connectikae sortu berria izanik, lehen epe batean proiektua Ipar Euskal Herrian kokatzea eta ezagutaraztea dute xede. Gero, hiru eta sei hilabete arteko epean, Bidasoaren bestaldera salto egin nahi dute.

Askotariko jendea

Interneten eta sare sozialetan ibiltzeko ohitura duten pertsonak biltzen dira antolatzen dituzten ekimenetan, elkar ezagutza Twitter bitartez egina baita. Baina oinarrizko lotura horretatik aurrera aniztasuna ageria da bildutakoen artean. «Oso interesgarria da, jende mota oso ezberdinak elkartzen gara: enpresariak, kazetariak, komertzialak, ikasleak...», azaldu digu Anduezak. Aniztasuna beste maila batzuetan ere ageria da: emakume zein gizonezkoak, gaztetxoak zein adin batekoak... Semea besoetan hartuta hurbildu zen gizon bat ere izan zen azken hitzorduan.

Behin elkartuta, aurkezpenak egin eta denak batera edo taldetxotan bildu eta mintzatzen dira. Hizketagaiak ez daude definituta, baina aktualitatearen inguruan aritzen dira batik bat, baita gustuko dutenari eta ez dutenari buruz ere. «Jende interesgarria» ezagutzeko parada da antolatzaileen ustez. Ordenagailu edo telefono aurrean luze egotera ohitutako pertsonak izanik ere hitzorduotan biltzen direnak, sakelakoak alde batera utzi eta aurrez aurreko erlazioetan murgiltzen dira.

Antolatutako ekimenetan bildutako gehienak Baionakoak dira eta bertan egin ohi dituzte hitzorduak. Baina geografiak ekartzen duen mugaren jakinean, azken hitzordua Bidarten antolatzea deliberatu zuten, eta hurrengoa Biarritz edo Angelun egitea aurreikusi dute.

 

Sarea, aurrez aurreko erlazioak sortzeko

Ipar Euskal Herrian antolatzen hasi diren tweetapero eta tweetcafe-ak berritasuna dira gurean. Aldiz, Twitter harreman sozialak sortzeko tresna oso hedatua da nazioartean. 2006an Jack Dorsey, Evan Williams, Biz Stone eta Noha Glassek Twitter sortu zutenean, ez zen inondik inora erraz aurreikustekoa Interneten murgildu eta 140 karaktereko mezuen bitartez sortuko zen mundu mailako dinamika.

Twitter sare sozial bat izanik, eremu digitalean gizarteratzeko era bat da. Baina Lapurdin antolatzen ari diren ekimenek erakusten duten bezala, aurrez aurreko hitzordu bilakatzeko aukera ere eskaintzen du. Hala, maitasun edo sexu erlazioak sortzeko hitzorduak aurki daitezke, baita parranda egitekoak ere. Erabilpen hori hain dago hedatuta, erlazioak «birtualetik errealera» pasatzeak sortzen duen estresari aurre egiteko teknika psikologiko ezberdinak ere sortu direla.

Baina badira bestelako erabilpenak egiten dituztenak ere. Historialarien arteko hitzorduak, jarraitzaileekin hitzorduak finkatzen dituzten idazleak, politikaren inguruko taldeak... ditugu adibide. Madrilen, esaterako, diabetesaren inguruko bilera bat egin zen. Estatu espainol osoko txiolari eta blogariak elkartu ziren mediku, nutrizionista eta endokrinoekin eritasunari buruz mintzatzeko. Bertaratutakoez gain beste 1.200 bat lagunek ere parte hartu zuten hitzorduan Twitter bidez, galderak eta iruzkinak eginez.