Olatz Arbelaitz
EHUko Informatika Fakultateko irakaslea

IEB 2015: Amesten al dute androideek ardi latx elektrikoekin?

Ausartuko al gara aurtengo Informatikari Euskaldunen Bilkuran izenburuko galderari erantzuten? Eta hori gertatuko deneko data jartzen? Historiak dio ez garela hain iragarle txarrak, beraz, agian, egin dezakegu saiakera.

Duela ia hogei urte euskara ez zen berria informatikarion artean, urteak ziren UEUn euskaraz emandako eskolen ondotik, Donostiako Informatika Fakultatean hainbat irakasle klaseak euskaraz ematen hasi zirenetik eta jada argitaratuta zegoen UZEIrekin elkarlanean egindako informatika hiztegia. Hala ere, informatikaz, informatikan eta informatikarekin euskaraz egitea erronka zen oraindik. Kezka horrek bultzatuta, 1996ko azaroaren 22an antolatu zuen UEUko informatika sailak informatikari euskaldunen lehenengo topaketa. Aldi hartan ekitaldiko gai nagusia uneko euskarazko softwarea izan zen, eta, antolatzaileok 50 pertsona inguru espero bagenituen ere, 135 hurreratu ziren. Horrek, eta hurrengo ekitaldietan parte hartzea handiagotzeak, argi adierazi zuten gizartean kezka bazegoela, eta, hala, komunitatea sortzeari bide eman zitzaion. Topaketara euskarazko software publikoa zein zabalpen mugatuko softwarea ekoizten zutenak gerturatu ziren eta euskaraz ekoitzitako 30 produktu inguru ikusgarri izan genituen.

Garai hartan labetik atera berri zeuden Xuxen euskarazko zuzentzaile ortografiko ezaguna eta, Eusko Jaurlaritzak ordainduta, eta UZEI eta Elhuyarren lankidetzaz euskaratuta, Windows 95 eta Word 6.0. Programa horiek euskaraz erabili ahal izatea garai berri baten hasiera bezala defini bazitezkeen ere, hutsune askorekin zetorren. Alde batetik, informatikari euskaldunon artean bazegoen erdarazko produktuak nahiago zituenik: ulergarriagoak eta bertsio aurreratuagoak beti eskura; eta bestetik, Lakuak euskaratzeko hainbeste milioi gastatu ondoren, eskoletara, D eredukoak barne, ordenagailu berriak banatzean erdarazko bertsioa bakarrik bidaltzen zuen.

Orduz geroztik, beste zortzi bilkura izan ditugu gaiak uneko joeretara egokitu direlarik: “Euskara eta Internet”, “Informatikaren irakaskuntza eta informatika irakaskuntzan”, “Informatikaria gizarte elektronikoan”, “Softwaregintzaren erronka berriak”, “Web 2.0 hemen”, “Teknologia berriak gaur eta bihar”, “Gizarte sareak” eta, azkena, “Telefonoak eta informatika”.

Zerrenda irakurtze hutsak adierazten du, nolabait, informatikan euskaraz aritzen den komunitatearen kezkak ez direla beste edozein hizkuntzatan aritzen direnen desberdinak gai nagusiei dagokienez, eta, urtez urte bertan parte hartu dugun batzuentzat behintzat, tendentzia markatu duela Informatikari Euskaldunen Bilkurak.

Esperientziak erakutsi digu bilkura iragarle edo eta eragile izan dela informatikak euskal munduan izan duen garapenean. Hala nola, lehenengo bilkuran beharrezkotzat identifikatu zen garai hartan bulegoko tresna estandar bihurtzen ari zen MS Office paketea euskaratzea eta, gaur egun, sistema eragilea, bulegoko aplikazioak eta beste hainbat euskaraz edukitzea arrunt bilakatu da. Ezin ahaztu, noski, software libreak eta komunitateen lanak horretan izan duen eragina. Bigarren ekitaldian, aldiz, gaia “Euskara eta Internet” izanik, ondorioen artean zerrendatu genuen Euskal Herrirako web-domeinu bat lortu beharko genukeela. Bide luzea izan da baina .eus domeinua eskuartean dugu gaur egun.

Lehenengo ekitaldi haietatik hona garapena nabarmena izan da. Alde batetik, forma kontuek (topaketa izatetik bilkura izatera pasatzea eta 2005. urtetik aurrera Miramon Enpresa Digitala batzea antolakuntzara), eta, bestetik, jorratutako gaiek adierazten duten eboluzioa. Aurtengo ekitaldiaren gai nagusia, robotika, izan liteke horren adierazle, baina hutsuneak ere nabarmenak dira oraindik eta badaukagu non lan egin.

Anima zaitez eta erreserbatu agendan azaroaren 12a, IEB15era (http://www.unibertsitatea.net/blogak/ieb2015/), Donostiako Teknologi Elkartegira, etortzeko. Bertan parte hartuz, robotikaren munduaren gaineko ezagutza zabaltzeaz gain, informatikan euskaraz jarduteak berezko dituen gorabeherez aritzeko aukera ere izango duzu, eta, nork daki, etorkizuna iragartzen duen komunitatearen parte ere bihur zaitezke. •