Maider Iantzi Goienetxe

BERTSOLARIAK ETA ZORROAGAKO EGOILIARRAK, IRRIA EZIN KENDU

Osteguna, azaroak 12, egun berezia Zorroagako zaharren egoitzan. Betiko barrenean geldituko zaiena bertan bizi diren gizon-emakumeei, mimoz zaintzen dituzten langileei eta Sebastian Lizaso eta Ane Labaka bertsolari pareari, baita guri ere. Hartu-eman ederra, emozioen pizgarri.

Anoetan goiti uste baino lehenago ailegatu gara Zorroagako egoitzara. 11.00etan meza dute egoiliarrek eta ondotik hasiko da bertso saioa. Eguzkia borobil eta goxo dago, terraza eta kafetegia beteta lorategi zabal eta ederraren ondoan. Solasean edo irakurtzen ari dira adineko pertsonak, langileak ere kafe orduan lasai. Gune batean autonomoak bizi dira eta bertzean mendekotasuna dutenak. Saioa bi taldeetako euskaldunei zabaldu diete.

Ohar taulan makina bat ekintza egiten dituztela ageri da: urtebetetzeen ospakizunak, loteria, Memoria Gelako jarduerak... Solairuek Donostiako auzoen izenak dituzte, errazago oroitzeko. Hara, badatoz bertsolariak, «Sebastian Lizaso eta laguna», dio Ane Labaka gazte lasartearrak berak. Baina kantatzen aditu eta gero ederki ikasi dute denek bere izena. Lehendabiziko bertsotik bertatik animo ugari eman dizkiote. Azpeitiarrarekin, aldiz, txoratzen egon dira. Baten esperientzia eta bertzearen freskotasuna konbinatu dituzte.

«Listo, prest gaude», abisatu digu Sandra Hernandez psikologo eta arduradunak. “Amara” pisura igo eta gela zabal eta eguzkitsu batean topatu dugu gizon-emakume taldea borobilean eserita. Hasieratik bertatik jakin dugu nor izanen den protagonista. Bertsolariak aurkezpenak egiten hasi orduko garbi utzi du oiartzuarra dela eta ez dagoela isiltzeko.

Momentu hunkigarria izan da egoiliarrek, papera eskuan, bertsolariei ongietorri bertsoa eskaini dietenekoa, zaintzaileekin batera. «Baten batek bertso zaharren bat badu kantatzeko, lasai egin dezala, hau zuen etxea da, ez gurea», ekin dio bertsolari azpeitiarrak xaxatzeari. Ez diote zirikatzeari eta entzuleen parte hartzea eta konplizitatea bilatzeari utzi Labakak eta biek. Pilar oiartzuarrak Sebastiani jarritako puntuak eman dio hasiera librean eta umoretik kantatutako saioari.

Ane gogotsu etorri da: «Gaur bertsoekin 40 urte gaztetuko zaituztegu», bota eta gizon-emakumeei aunitz gustatu zaie, irribarrez eta bukaera kantatzen lagunduz erantzun baitiote. Lizasoren erantzuna berehala etorri da, irribarrea irri algara bihurtuz: «Badaezpada ateak ere azkar itxi ditzatela/ gaztetuz gero hemendik alde egingo dute bestela».

Taldea hagitz anitza da eta denetarik ikusten da. Langileek jakinarazi digutenez, egoitzako biztanleen batez besteko adina 80 urtetik gorakoa da eta batzuek eritasun hagitz garatuak dituzte. Hortaz, zoragarria da adi-adi eta gozatzen egotea. Hernandezek agertu duenez, batzuentzat energia gastu handia da ordubetez saioa entzuten egotea eta hiru pertsonak soilik lo hartu izana lorpen handia da.

Lasarte-Oriako gazteak aitortu du lehendabizikoz sartu dela zahar egoitza batera eta azpeitiarrak zuzendu dio erranez hemen zaharrik ez dagoela, izatekotan aspaldi jaiotakoak. Berotzen doa giroa eta Sebastianek harridura azaldu du emakume gehiago daudelako gizonak baino. Emakumeak pozik bera ikusita, baina Anek kontuz ibiltzeko abisatu dio: «Hemen ez da komeni egitea bi talde/ emakumea azkar jartzen da emakumearen alde». Lizasok ez du hain garbi: «Kontra ere azkar jartzen zarete zeloak sortzen badira».

Giro euskalduna estimatu

Gazte garaira luzatu dute begirada eta bertsolariekin batera faltan eman dute erromeria. «Bekatu batzuk egindakoak izango zarete baina/ zenbaitek pena edukiko du bekatu gutxi egina», xaxatu eta euren artean komentarioak sortu dira. «Konfesatzera joango dira gu biok entzun eta gero».

«Rubia» deituz urduri, azazkalak jaten jarri du Pilar Sebastianek eta Anek ez dio sinetsi gaztetan bera ere «rubioa» zela kontatu dionean. «Rubioa zela pentsatzen dunak altxa dezala eskua», eskatu die entzuleei eta segituan altxa dute batzuek. Lizaso gustura.

Puntuka segitu dute, eta gero “Donostiako Hiru Damatxo” kantatu dute denek elkarrekin. Abesteaz gain, hankarekin edo bastoiarekin erritmoa jarraitzen dute batzuek. «Gu etortzeak merezi badu berriz etorriko gara», agurtu ditu bertsolari helduak; «segi zazue irriparretsu, agur eta pozik bizi», gazteak.

Iñaki Urdangarin da irribarrea kendu ezinik dagoenetako bat. Txirrita bere aitonaren anaia zela kontatu digu. Berak ere kantatzen du batzuetan eta hagitz gustura egon da, Mikel Sukiaren gisan. «Bertsotan oso garbi egin dute, dena ulertzeko moduan», adierazi du honek. «Euskara aurreratzea nahi dugu; urte txarrak pasa ditugu, debekuak, eta jende askok dezente galdu du hizkuntza, tartean nik». Itxaropentsu begiratzen dio etorkizunari eta poz handia hartzen du neskak ere kantatzen ikusita. Pilarrez, zer erran, bizipoza dario eta ikaragarri alaitu du saioa. «Non dago Sebastian?», galdetzen du. Telefonoz ari da izkina batean. «Oraindik? –beranduxeago–. Gero emakumeez esaten dute...». Basarrik Oiartzungo emakumeei jarritako bertsoak kantatu dizkio eta Lizasok ezagutu ditu.

Han da egoitzako langile taldea ere: Arantxa Susperregi psikologoa, Eneritz Errasti langilea eta praktikak egiten ari diren Maddi Ibarra eta Edurne Lertxundi. Saioa «oso ondo eta fresko» joan dela nabarmendu dute. Egoiliarrentzat jarduera honek «esanahi bat» duela ikusi dute eta bertso zaharren tailerren bat edo antzeko ekintzaren bat antolatzeko aukeraz mintzatu dira.

«Ez genuen uste hain sakonera iritsiko ginenik»

“Adin Adin” behar batetik jaio zela adierazi du Marta Agirrezabala proiektuaren arduradunak eta Lankuko kideak: eguneko zentro eta egoitzetan dauden pertsonengana euskal kultura iritsarazteko premiatik, bereziki bertsolaritza, terapeutikoki zein ludikoki. Adinekoen bizi kalitatea hobetzea eta gaitasun psikoemozionalak lantzea da helburu orokorra. Ideia Sebastian Lizasorena izan zen. Bera da bultzatzaileetako bat.

Gipuzkoako Foru Aldundiak aukera eman eta proiektu pilotu gisa egin zen lau egoitzatan, Azpeitia, Tolosa, Arrasate eta Bergaran, 2014ko irailetik abendura. «Saioak oso ondo atera ziren eta psikologo eta dinamizatzaileek oso balantze ona egin zuten. Asko baloratu zuten ekintza batean parte hartzea eta mugitu gabe egotea. Umorea jorratzea ere gustura hartu zuten».

Adinekoak inportante sentitzen ziren beraientzat espresuki ekintza bat egiten zelako eta bertsolariak beraiengana zihoazelako, baita familiek parte hartzen zutelako ere. Gainera, asko hunkitzen ziren eta horrek arreta eman zien psikologoei. Inoiz negarrez ikusi ez zuten gizon bat malkotan hasi zen. Inoiz parte hartzen ez zuenak bertso zahar batzuk kantatu zituen.

Lehen esperientzia horren ondotik, Gipuzkoako 11 zentrotara ireki dute egitasmoa eta bertze lurraldeetara zabaltzeko asmoa dute. Herri txikietako eguneko zentroak ere bisitatu nahiko lituzkete. «Erantzuna oso-oso ona da, guk uste baino askoz hobea. Ez genuen uste hain sakonera iritsiko zenik. Konturatzen zara ze arreta jartzen duten, ze pozik sentitzen diren… Ahaztu samar dugun sektore bat da. Bizitzako azken fasea da, berezia eta gogorra».

Aurretik bertso zaharrak pasatzen dizkiete egoitzetako langileei egoiliarrekin lantzeko. Hala, proiektua ez da egun batekoa bakarrik, aurretik egiten duten lanketa eta ondotik uzten dien zaporea ere bada. Lehenik elkarrizketa bat izaten da eta gero bi bertsolarik saio libre bat egiten dute bertakoak xaxatuz. Ondotik bertze tarte bat irekitzen da adinekoei kantatzeko aukera emanez, eta, azkenik, bertsolariek saio ireki bat egiten dute. Bi belaunalditako bertsolariek kantatzen dute, ahal bada eskualdekoak izaten dira, bat emakumezkoa eta bertzea gizonezkoa.