Ramon Sola

EH Bilduren eta CUPen bideak gurutzatu egiten dira

Aste oso garrantzitsuak dituzte aurrean Euskal Herriko zein Kataluniako ezker independentistek, arrazoi ezberdinak direla medio. CUPi Artur Masen lepoan jarri duen korapiloa askatu edo estutzeko ordua heldu zaio, eta erabaki horrek inbestidura saioa ez ezik procés osoa bera ere baldintzatuko du, onerako ala txarrerako. EH Bilduk, bitartean, CUPek saihetsi duen erronkari aurre egingo dio: Estatu mailako lehia ez da joko-zelai goxoena, baina emaitza txukuna lortu beharko du, koalizioa bera sendotu nahi badu. Aukerak baino, arrisku larriak antzematen dira batentzat zein bestearentzako.

Nolabaiteko CUP zaletasun bitxia, lilura ez esateagatik, sortu da euskal independentismoaren adar batean azkenaldi honetan. Badira EH Bildu CUP izan beharko litzatekeela sostengatzen ari direnak. Begi bistan da horretarako ez direla alderaketa aritmetikoan oinarritzen, jakina baita (edo beharko luke izan) CUP Kataluniako Legebiltzarreko seigarren indarra dela eta 135 legebiltzarkideetatik 10 baino ez dituela (EH Bilduk Gasteizekoaren 75 eserlekuetatik 21 eskuratu zituen, beraz, portzentualki ia lau aldiz indartsuagoa da; eta, Iruñekoan, 50 eserlekuetatik 8, hau da, CUPen bikoitza). Anai-arreba katalanen egungo trantzeak, 2004an ezker abertzaleak Ibarretxe Plana delakoaren aurrean izan zuena ekartzen du gogora. Gehiengoaren giltza eskuan zuen, baina pisu bertsua (75etik 7/135etik 10), eskasa, nahiz CUPen egungo ordezkaritza irailaren 27ko arrakastaren ondorioa den eta ezker abertzalearena, aldiz, 2001eko hauteskundeetako porrotarena. Hiru-hiruko formula irudimentsuarekin konpondu zuen ekuazioa Arnaldo Otegiren taldeak, era kritikoan Ibarretxe Planari bide emanez; ikusteko dago zein hautu hartuko duen Antonio Bañosen taldeak eta zein emaitza emango duen horrek. Bete-betean asmatzea nahiko nuke. Baina datuak, behintzat, argi gera daitezen.

Kopuruari, indarrari, eragiteko gaitasunari baino, aipatutako miresleek CUPekoen jarrerari gehiago begiratzen diotela ondorioztatu beharko dugu, beraz. Koherentziari, alegia. Baina bitxia da hori ere, Esquerra Independentista mugimenduko batzarren azken erabakia jakin arte ezin baita koherentziaren inguruko balorazio sendorik egin, eta hara iritsita ere zaila izango baita Artur Mas alboratzeko konpromisoarekin zein procés-arekin, biekin, koherentea, puro-puroa, izatea lortzea. Kinka larri honetan, hainbat gauzatan EH Bildu izan nahian imajinatzen ditut CUPeko kide ugari; indar mailan, aliantzak egiteko gaitasunean, jokatzeko malgutasunean...

Politikoki hain aldakorrak eta arinak diren garaiotan, asko agintzen du modak. Hainbat cupero berri podemita ohi ere bada, aurretik bilduzale izana da eta auskalo tartean bere burua ez ote duen bildurri gisa ere ikusi... Azpitik etengabe mugitzen diren lurrotan oraindik ere erroak guztiz sendotu gabe agertzen da EH Bildu, baina, gabeziak, oztopoak eta akatsak onartuta ere, ezkerreko independentistek sekulan osatutako tresna politiko eraldatzaile potenteena dela ez dago ukatzerik. Alderaketa gorrotagarriekin jarraituz, esan daiteke CUPen egungo estadioa nabarmen gainditu zuela bere garaian EH Bilduk, aldez aurretik jada CUPen kultura politikoa eta beste hainbat barnebiltzen zituen ezker abertzaleak barruko mugak apurtu eta bidelagun berriak batu zituelako, gauzak eraldatzeko irabaztea helburu. Eta horretan darrai.

Aski adierazgarria izan zen Gipuzkoan, EH Bildu erakunde nagusien agintetik kanporatzeko, botere faktiko guztiek eratutako “koalizioa”. Baina askoz bitxiagoak dira EH Bildu bere esparru naturaletik bertatik ahultzeko joerak (euskal kainismoa? arduragabekeria? perspektiba falta? dena batera?). Zer esanik ez barrukoak balira lez jokatu baina benetan kanpokoak direnen erasoak! Oztoporik ez zaio falta EH Bilduri abenduaren 20rako bidean, eta guztiak gainditzeko heldutasuna, batasuna eta indarra erakutsi beharko ditu. Bitxia litzateke CUPek EH Bildu izateko urratsa eman dezakeen une honetan bertan, EH Bildu euskal CUP zen garaietara itzultzen hastea. •