Turismoa
ERRONKARI

Makilen esku aldaketak abiatzen du neguaren gozamena

Makilak artzainen eskuetatik eskiatzaileen eskuetara igarotzen direnean hasten da neguko denboraldia Nafarroako Pirinioetan. Erreportaje honetan mendiak estaltzen dituen elur geruzaz gozatzeko hainbat proposamen jasotzen dira, iraupen eskitik hasi eta hegaztien behaketaraino.

Pirinioetan murgilduta, Erronkari bere natura basatiagatik da ezaguna, baita bere gastronomia gozoagatik eta antzinako ohituretan oinarritutako izaeradun herritarrengatik ere. Burgi, Bidankoze, Garde, Erronkari, Urzainki, Izaba eta Uztarroze dira basoen ustiapenetik, abeltzaintzatik eta turismorik bizi den bailara osatzen duten herriak. Ezka ibaiak zeharkatzen du bailara iparraldetik hegoaldera eta bere bidean Burgiko arroila bezalako ikuskizun naturalak eskaintzen ditu.

Turismo.navarra.es webgunean jasotzen den moduan, aukera zabala da Erronkarin: basoak, iraupen eskiko pistak, Hiru Behien Zerga –Europako ohitura zaharrenetarikoa da eta urtero uztailaren 13an berritzen da– edota Almadia Eguna –urtero maiatzaren hasieran ospatzen da– bezalako tradizio bereziak, kalitatezko gastronomia –gazta eta artzain apurrak adibidez–, Julian Gayarre bezalako pertsonaia ospetsuen inguruko museoak, desnibel desberdinetako ibilbideak, Hiru Erregeen Mahaia (Euskal Herriko mendi altuena izateagatik ezagutua)...

Roncalia.com orrian azaltzen den moduan, bihar abiatuko da 2015-2016 neguko denboraldia. Udan zehar beraien artaldeekin Puerto Grande zonaldeko larreak bete dituzten abeltzainek, eskiatzaileei txanda emango diete eski makilak eskura emanez, eta, horrela, espazio bera kudeatzeko bi modu desberdinen arteko uztarketa antzeztuko dute. Txistorraz, ogi-mami dastatzez eta fanfarre doinuz gozatzeko jai egun ederra izango da.

Iraupen eskia

Eskia maite dutenentzat Larrako natur erreserban kokatutako Erronkari Bailarako Mendi Zentroa interesgarria izan daiteke. Izabatik gertu dago eta era guztietako zerbitzu eta baliabideak –material alokairua, taberna, kafetegia, terraza, izotz jauzia, eguzkia hartzeko eremua eta sauna– eskaintzen ditu, bai eta eskiatzeko hamar kilometro pista ere. Aipatu Roncalia webgunean eskura dago informazio guztia, baita une oro pistek duten egoeraren inguruko xehetasunak ere. Ezaugarri bertsuak dituzten bi eremu daude iraupen eskia egiteko: Erronkariko Mendi Jardueretako Zentroa eta Abodi-Irati eski zentroa.

Lehenean 19 kilometro daude prestatuta eta bi eremu desberdinetan banatuta dago: Ferial-Zampori –1.600 metroko batez besteko altuera du– eta La Contienda –bost kilometro ditu Arlas mendiaren magalean, 1.700 metroko batez besteko altuera du eta hiru ibilbide daude–. Abodi-Irati eski zentroa Iratiko baso ezagunean dago eta batez beste 1.400 metroko altuera du. Eskiatzeko 20 kilometro eta elur erraketekin ibiltzeko bi pista ditu. Zailtasun handirik gabe, eskia maite duten guztien mailara egokitzen dira pistak.

Elur erraketen aukera

Elur erraketak aspalditik erabiltzen dira elurra maiz egiten duen lekuetan; gaur egun, eskiak janztera atrebitzen ez direnei goi mendietan elurretan ibiltzeko aukera paregabea eskaintzen diete. Pistatik kanpora kokatutako eremu alternatiboez gain, aipatu bi eski estazioek prestatutako zirkuitu txikiak ere eskaintzen dituzte. Elur erraketarik ez duenak, ekintza espezializatutako enpresa batean aloka ditzakete (Turismo.navarra.es webgunera jo). Azkar ikasteko moduko jarduera da eta, aldi berean, gozamen handia eskaintzen duena.

Mendiaz gozatzeko beste aukera bat Mirua enpresara jotzea da. Mendi gidari zerbitzua eskaintzen dute eta Pirinioetako altxorrak ezagutzeko proposamenak dituzte: Iratiko basoa, Bertiz, Baztango bailara edota Urbasa-Andia parke naturala. Hegazti behaketan espezializatutako gidak ere badituzte. Norberaren neurrira egindako ibilbideak, zeharkaldiak, igoerak, ekoturismo ibilbideak eta elur erraketa bideak ere badituzte aukeran. Informazioa gehiago behar izanez gero, Mirua.com webgunera jo.