Koldo Sagasti

Sakratuena kakaztu

Aste honetan Nafarroa zaharreko azken elizako hautsa ere harrotu du Abel Azcona artistaren instalazio batek. Egileak berak sare sozialetan zabaldu duen bezala, 242 mezatara joan, ostia kontsakratuak bildu, eta hitz erraldoi bat osatu du haiekin: “pederastia”. Elizaren egitura osoa muineraino kutsatzen duen jokaera gaitzesgarria salatu nahiko zuen artegileak, edota erakunde katolikoak giza eskubideen aurkako eraso horiek alfonbra azpian ezkutatzeko baliatzen duen zurikeria.

Herrialdeko lobby kristauak, baina, apaltasunaren bertuteaz predikatu beharrean, iraintzat hartu du kritika artistikoa, eta gurutzada abiatu du Azconaren aurka. Ehunka lagun bildu dira erakusketa aretoaren aurrean arrosarioa errezatzera, tximista jainkotiar batek sakrilegio hura suntsituko zuen esperantzan. Alferrik. Hainbesterainokoa izan da botere talde horren presioa, non Iruñeko auzapez jaunak berak heresia salatu behar izan duen prentsa agerraldi batean. Horretan, behintzat, aldaketaren alkateak erakutsi du aldaketa gutxi izan dela Nafarroan.

Aferak, ezinbestean, “Charlie Hebdo” astekariaren aurka urtarrilean gertatutako erasoa ekarri dit gogora. Orduan adierazpen askatasunaren heroitzat aurkeztu zizkiguten aldizkariko langileak. Mundu osoak jantzi zuen lazo beltza. “Mundu zibilizatuko” agintariak pankarta buruan agertu zitzaizkigun, baita Netanyahu bezalako gizateriaren aurkako kriminal bat edo beste ere. Eta sinestarazi ziguten erasoaldiaren biktima bilakatu izanak zilegitasuna ematen ziela edozeren kontura txisteak egiteko. Baina, tira, Parisekoek mairuei, txirotutako herrialdeetako emakumeei eta, oro har, zanpatuei egiten zieten trufa. Iraindua eliza denean, oso bestelakoa da adierazpen askatasun grina. Askatasuna nahi badugu, izan dadila erabatekoa, baita sakratuena kakazteko ere. •