Joxean Agirre
Elkarrizketa
Gorka Arrese
SUSA

«Hiru formatuak erabiltzen ditugu aldi berean liburuak argitaratzeko: papera, on line osorik eta doan eta e-book gisa»

Gorka Rubio | Argazki Press
Gorka Rubio | Argazki Press

Susa aldizkaria izan zen argitaletxe baino lehen eta orain 32 urte argitaletxe bilakatu zenean inguruko idazleak hasi ziren liburuak argitaratzen: Josu Landa, Iñaki Uria, Xabier Montoia, Pablo Sastre eta abar. Poesiak pisu berezia izan du Susako katalogoan eta poesiaren inguruko proiektu handi batzuk ere burutu dituzte, hala nola Arestiren lan osoak 1986an edo Koldo Izagirrek prestatutako “XX. mendeko poesia kaierak”. Argitaletxeak atera zuen aurrera Ibiñagabeitia proiektua ere, euskarazko literatura aldizkarien gordailu digitalarena alegia, beste bat aipatzearren.

Urteak daramatzazu editore lanetan.

32 urte dira argitaletxea martxan jarri genuela. Lehen lau urteetan Josu Landa izan zen editorea eta geroztik nago ni. Hasierako idazle gehienak aldizkariaren inguruan ibilitakoak ziren, baina bazeuden berriak ere, Iñigo Barandiaran, Iñaki Lasa edo Jon Arano, esate baterako. Iñigo Aranbarri ere ez genuen ezagutzen. Orain ere jarraitzen dugu idazle ezezagunei argitaratzen. Aurtengo udaberrian Bea Salaberriren liburu bat atera dugu. Donamartiriko neska bat da, Baionan bizi dena, eta bere lehen kontakizun liburua argitaratu dugu, “Baionak ez daki”.

Zer arrazoi izan ditzake idazle ezezagun batek Susara jotzeko?

Gure liburuak ezagutzen dituelako etorriko da seguru asko. Argitaletxea sinpatikoa egingo zaie edo beren modukoa.

Urtean zortzi liburu berri argitaratzen dituzue. Zortzi horiek aukeratzeko beharbada berrogei eskuizkribu pasatuko dira zure eskuetatik.

Askoz ere gutxiago. Elkarrek, esate baterako, sarien eta beken bidez sare handi bat dauka idazle berriak atzeman ahal izateko. Guk lagunen bidez konektatzen dugu idazle berriekin. Lehen literatura aldizkarien bidez ere ezagutu genuen bat baino gehiago. Igor Estakonak, este baterako, “Zantzua” izeneko aldizkari batean idazten zuen eta arreta ematen zidan bere idazteko moduak. Denek ezizenekin izenpetzen zituzten beren lanak eta galdetu nuen Stanley goitizenez izenpetzen zuena nor zen. Orain idazle berriak blogetan ere aurki daitezkeela diote, baina horietan literatura gutxi egiten da eta egiten dena oso momentukoa da.

Tarteka pluralean hitz egiten duzu. Zutaz gainera beste zein ari dira argitaletxean lanean?

Ni naiz langile bakarra. Originalak nik irakurtzen ditut eta inguruan lagun irakurle batzuk izaten saiatzen naiz beti, beren iritziak eman diezazkidaten. Idazle lagun bati ez diot inoiz ematen testu bat, oso eskuzabal jokatzen dutelako, zabalegi. Askoz zorrotzagoak dira testu bat juzgatzerakoan irakurle soilak direnak eta beti saiatu izan naiz inguruan aholkulari gisa irakurle lagunak izaten. Idazleari baietza emateko orduan oso seguru egoten naiz gehienetan. Zalantzak sortzen dizkidaten liburuak ez dira hainbeste. Ondoren testua taxutzen edo zuzentzen lagun diezaioket idazleari, eta, bukatzen dudanean, Mikel Elortzari pasatzen diot azken zuzenketak egin ditzan. Elortzak, beraz, lehen aldiz hartzen du testua eskuetan, erabat birjin. Irakurle horiek entrenatuak behar dute, asko irakurtzen dutenak izan behar dira; berehala ohartzen dira zerk funtzionatzen duen eta zerk ez. Idazlea nekez izan daiteke aholkulari ona, badakitelako zein zaila den idaztea.

Gogorra al da idazle bati ezetza ematea?

Ez, niretzat ez. Ezin dira argitaratu iristen diren lan guztiak. Eta ezezkoa denean argi eta garbi esaten diet ez dudala argitaratuko. Ohiturarik ez duen editore batentzat hori izango da zailena, baina ni ohituta nago. Futbol talde bateko entrenatzaile batek ere aukeratu egiten ditu hurrengo partidarako behar dituen jokalariak. Urtean zortzi liburu behar ditut eta aukeratu egin behar dut, eta, tamalez, askotan ez daukat aukeratzeko abaniko izugarria ere. Beti ez ditut Harkaitz Cano, Jon Alonso eta Iñigo Aranbarri edukitzen. Urtean zortzi liburu txukun ateratzea neurri polita da argitaletxe batentzat.

Zer harreman duzu idazlearekin testua lehen aldiz irakurri eta argitaratu bitartean?

Konfiantzaren araberakoa izaten da harremana. Iñigo Aranbarrirekin, esate baterako, idazten hasi aurretik ere hainbat zertzeladari buruz eztabaidatzen aritu izan naiz, pertsonaiei buruz edo hauen portaeraz edo kontraesanez. Bere istorioari zer arrisku ikusten dizkiodan galdetzen dit berak eta konjeturak egiten hasten gara.

Hori izango da editore baten lanaren alderdirik sortzaileena?

Zalantzarik gabe. Editorea zer den definitu beharko banu, idazle baten laguntzailea dela esango nuke. Bere liburua ahalik eta onena izan dadin lagundu behar dio. Idazle batek bost liburu nirekin ateratzen baditu, bosgarrenerako adiskidetasuna ere sortzen da. Argitaletxea zer da? Idazlearentzako tresna bat. Gure kasuan, gainera, Susa idazleek sortutako argitaletxea da. Ez dugu negozio bezala ikusten, baizik eta bizikizun literario edo kultura gisa. Idazle batek laguntza eskatzen badit, dokumentazio lana egiteko esate baterako, nik disfrutatu egiten dut laguntzen.

Demagun ateratzera zoazten Harkaitz Canoren ipuin liburua. Berak nahikoa bukaturik ekarriko zizun.

Bai, baina demagun ipuin batek ez duela nahikoa oreka, luze hasten dela eta labur bukatzen dela; esan egiten diot, eta, ahal badut, argudiatu. Askotan sentipenak besterik ez dira. Batzuetan aintzat hartzen ditu eta beste batzuetan ez. Ipuin liburu honetan berridazketa asko egin ditugu. Nahiz eta idazleak oso maila handia izan, beti egoten dira kanpotik komentatzeko moduko zertzeladak. Eta ezer esaten ez diedanean moskeatu egiten dira. Editoreak oso malgua izan behar du. Editore batek ezin du pentsatu bere gustuko liburuak bakarrik argitara daitezkeenik, irakurleei begira lan egin behar du. Bakoitzak bere estiloan onena eman dezan saiatu behar du. Dena den, garbi utzi behar da idazleek eraikitzen dutela argitaletxe bat, nahiz eta editoreak ere baduen bere partea, berak aukeratzen baititu liburuak. Nik Alemanian argitaletxe bat sortuko banu, neure gustuko lerro bat marka nezake, baina ez da gure kasua. Susaren ideologia eta estetika zein da? Argitaratu ditugun idazleek ezarri dutena. Diferentzia batekin: beste argitaletxeen aldean badugula edizio politika bat, gutxi argitaratzekoa eta literatura bakarrik argitaratzekoa, eta, gainera, helduen literatura bakarrik. Eta argitaratzen duguna hiru formatutan argitaratzen dugu: paperean, on line osorik eta doan eta 3,50 eurotan e-book formatuan.

E-book bertsioa webgunean erosten da. Horrek ere izaera bat ematen digu. Ezin da esan online jartzeak erosleak kentzen dizkigunik. Beharbada, eman egiten dizkigu. Liburutegi publikoek erosleak kendu egiten al dizkigute?

Zuek iraun ahal izateko, beste proiektu batzuk landu izan dituzue, Literatura Aldizkarien Gordailua esate baterako.

Liburuek beren burua ordaintzen dute. Poema liburu batek ez, baina nobelek ematen dutenarekin berdintzen da. Susak langile bakarra dauka, ni neu, eta nire soldata, doi samar bada ere, ateratzen da. Bolada batzuk izan ditugu, proiektu zenbaitek laguntzak izan dituztelako, erosoago ibili garenak. Baina gure liburuak gai dira argitaletxea sostengatzeko.