ENEEK

Nola eutsi landa eremuetako transmisioaren hariari?

Ez da ohikoa 24 eta 25 urteko gazte batzuek baserritik bizitzeko hautua hartzea. Garai modernoko Euskal Herrian, nekazaritza ogibidetzat aukeratzea ortodoxiatik irteten den erabaki bihurtu da. Lotua da baserria eta, gainera, egungo eskema ekonomikoaren arabera, errentagarritasun txikiko jarduera profesionala ere bada.

Hori horrela da egun, eta horrela zen orain dela 36 urte ere, Mailu Gardoki eta Xabi Akizuk baserritartzeko erabakia hartu zutenean. “Betiko” nekazaritzaren eta nekazaritza “modernoaren” arteko trantsizioa bete-betean zegoenean egin zuten aukera. Dioten bezala, apurtu aurretik heldu zioten baserriko jakintzen hariari. Mailu eta Xabi bezalako baserritarren ekinarekin, hari hori sendotu egin da. Alde batetik, egungo euskal nekazaritza ekologikoaren mugimenduan paper esanguratsua jokatu dutelako, ekoizpenean aitzindariak izanda eta baserritar zein kontsumitzaile ekologikoen elkarteak lehen lerrotik sustatuz. Beste aldetik, baserri ekoizpenaren desagerpen testuinguru betean, abandonatuta zegoen baserri bat berritu eta ekoizpen betean jartzea lortu zutelako, beraien lanpostuak sortuz eta, 36 urteren ondoren, errentagarria den nekazaritza enpresa txiki bat mantenduz.

Baina Mailu eta Xabiren gorputzetatik ere pasa dira 36 urte eta orain baserriaren transmisioa gauzatzeko asmoarekin dabiltza. Euskal Herriko ehunka baserritan gertatzen ari denaren adibide dira.

Gaztetasunaren idealismotik hasi

24 eta 25 urteko neska-mutilak artean, bi gazte arrasatear hauek 1979ko udaberrian sartu ziren aurrenekoz Haristizabalen. Baserriaren deia urte batzuk lehenago entzuna zuten, eta dei hori jarraituz ibili ziren, trebatzen, Ingalaterratik (Mailu), Kataluniatik (Xabi), eta, elkarrekin, Lasturren. «Guk nekazaritza ekologikoa egin nahi genuen», gogoratu dute, «duela 36 urte, inguruotan gure ekoizpen eredua ‘existitzen’ zenik ere ez zen entzuten, horregatik kanpora jo behar izan genuen, ikasteko. Hona heltzean konturatu ginen bertoko baserritarrek ere inork baino gehiago zekitela nekazaritza ekologikoaz. Auzokoekin asko ikasi dugu, nekazaritzarekin lotutako kultura barne-barnean daramate».

Jakintzak jakintza, 70eko hamarkada hartan baserritarrek eta beraien mendeetako ezagutzek bi aukera besterik ez zeuzkaten: intentsifikazioa ala jarduera abandonatzea. Xabi eta Mailuk Europa osoan zehar ernetzen zegoen hirugarren aukera hartu zuten: ekoizpen biologikoa eta kontsumitzailearekin harremana. Leku askotan bila ibili eta gero, Ezkio-Itsason baserri eder batekin eta horren 11 hektareekin –erdiak harizti– topo egin zuten. «Orduan ere ez zen erraza gazteentzat baserri bat eskuratzea», nabarmendu dute. «Herrian oso harrera ona egin ziguten auzokideek, segituan gonbidatu gintuzten bazkaltzera bizilagunek, eta baserria konpontzen hasi eta berehala alkatea eta bi zinegotzi etorri ziren gure asmoak ezagutzera. Ondoren alkateak berak udal plenoan gure buruak aurkeztu eta gure proiektua zein zen azaltzera gonbidatu gintuen. Baliabideak ere eskura jarri zizkiguten: goiko baserrikoek mandoa utzi ziguten, behekoek traktorea... Eta jakintzak! Ezin esan zenbat ikasi dugun gure amekin lehenengo (Xabiren amarekin ortuaren gakoak ikasi bazituzten, Mailurenarekin okintzaren munduan murgildu ziren), eta auzokoekin gero beste hainbat lanetan».

1979an, XVI. mendeko Haristizabal baserri ederretik zutik gelditzen zen ia gauza bakarra bere hiru arkudun atari paregabea zen. Goitik behera berriztatu behar izan zuten; «eskerrak lagunei! Asteburutan kuadrilla bikainak elkartzen ziren hemen lagun eta senitartekoen artean –Xabiren aita arotza zen–. Beraien laguntzarik gabe ezingo genuen etxea altxatu». Lehenengo urte haietan, baserri ekoizpen «klasikoa» egiten hasi ziren, denetik zeukaten: ortua, fruta arbolak, antzarak, oiloak, untxiak, ahuntzak, behia, ogia... Baserri ekoizpen dibertsifikatu baten maneiua ikasi zuten, hizki guztiekin. Etxekoen kopurua ere ugaritua zen Ortzi eta Zuhaitz semeen etorrerarekin, eta, hamar urteren ondoren, «oinarrizko baserritar titulua» lortuta, erabaki zuten indarrak bildu beharrean zeudela. «Baserrian lortutakoa Zumarragan saltzen genuen. Xabik euskara eskolak ere eman zituen lehen bizpahiru urteetan. Baina buruan geneuzkan inbertsioak egin ahal izateko (errota, furgoneta...) ez zigun ematen. Orduan erabaki genuen okintzan eta frutagintzan zentratzea».

Urte asko «ia baserritik irten gabe» eman eta gero, fase soziala iritsi zen Haristizabalera. Pasa den mendeko 90eko hamarkadaren hastapenetan sortu ziren hainbat gizarte mugimenduren sorreran parte hartu zuten: Biolur Gipuzkoako Nekazaritza Ekologikorako Elkartea; Otarra kontsumo ekologikorako elkartea; Goimen Goierriko Landa Garapen Elkartea (bertan teknikari bezala lan eginez); “Baserria Natura Eskola Bizia” ikastetxeei zuzendutako programa, Gipuzkoako Okin ekologikoen taldea, AHTren kontrako mugimendua...

Sarritan, baserriko lanak eta ordu txikietan egindako batzarrak uztartu beharrean izaten ziren. Indarra eta grina bazituzten, eta orain, emaitzei erreparatuta, pozik agertzen dira bilakaera horretan beraien alea jarri izanagatik, «gaur egun nekazaritza ekologikoak badu izena eta izana, eta herritarrek bertoko elikagai ekologikoak eskatzen dituzte». “Baserria Natura Eskola Bizia” bezalako ekimen batek duen eragin biderkatzailea ere nabarmendu dute; «milaka ikasle eta heldu pasa dira proiektuko zortzi baserrietatik, eta ikusi dute baserria bizirik dagoela eta bere funtzio anitza garrantzitsua dela Euskal Herriko etorkizunerako. Ereindako haziak bere fruituak ematen ari dira».

Transmisioaren korapiloa

Baina denbora ez da alferrik pasatzen, eta baserriko lanaren nekeak nabariagoak dira behin edade bat hartuta. Erretirorako garaia gertu dute, bai Xabik eta baita Mailuk ere, baina ez dute erretiroa hartu nahi Haristizabaleko ekoizpenak eta bertan sortzen diren lanpostuek jarraipena izango dutela bermatu arte. Izan ere, jarduera profesional betean aritzeko baliabideak dauzka Haristizabalek: 2 hektareako fruta saila, fruta gordetzeko kamara, irina eta ogi ekologikoa egiteko okindegia, ikastetxeen bisitak jasotzeko azpiegitura. Baserriko ekoizpenaren transmisioa gauzatu ahal izateko formulen bila dabiltza. «Prest gaude dakigun guztia transmititzeko, hori behar-beharrezkoa da. Baina erreleboa gauzatuko bada, guk beste etxe batera joan beharko dugula argi dugu, berriek ere askatasun osoa beharko dute-eta».

Egoera horren aurrean ere, bide berriak irekitzen saiatu dira azken hiru urteetan zehar. Irtenbide desberdinak lantzen ari dira: errentan ematearena, elkarte bat sortu baserriaren jabegoa partekatuko duena, salmenta babestu bat (gaur egun kaleko etxebizitza babestuak dauden antzera) bertatik bizitzeko baldintzarekin… Lan-bizitza osoan zehar baserria jasotzen eta bere etorkizuna bermatzen ahalegindu ondoren, ez dute Haristizabal itxita ikusi nahi indarrak jaitsi zaizkielako. «Ez dugu erretiratzeko asmorik. Badugu baserriaren alde lanean jarraitzeko gogoa eta beharra, baina modu lasaiagoan, osasuna ere zainduz. Oso garrantzitsua da guretzat, ordea, Haristizabal baserriko ekoizpenak jarraipena izango duela bermatzea».

Ez gara kasu isolatu batez ari: Euskal Herriko baserri asko –ekoizpen ekologikoaren aitzindari izan zirenak barne– egoera bertsuan daude. Aldi berean, pertsona gazteak daude lanean hasiko liratekeenak, baina inbertsio gogorrak egiteko gaitasunik ez dutenak. Alde biak elkartzeko oso interesgarria litzateke Iparraldean dagoen Lurzaindia bezalako erakunde bat, erretiratzear diren baserritarrak eta hasi nahi dutenak kontaktuan jarriko dituena, aurrez baserritarrak formatuko dituena urrats hori prestatzen joateko, erreleboa eroso eta era justuan egin dadin.

Zergatik ez amestu baserri ekoizpenen eta kulturaren jarraipena ziurtatzeko, errelebo hori posible egiteko, baserria bizirik eusteko: herri ekimenak, formula kolektiboak edota politika publikoak? Transmisioa bermatu beharrean gaude, haria betiko eten ez dadin, zer litzake bestela baserririk gabeko Euskal Herria?