Aimar Etxeberria Korta
ERREFUXIATUEN KRISIA

Bihotzak eskatu eta buruak aginduta, telebista aurretik errefuxiatuei laguntzera

Kosta egiten da telebistan errefuxiatu ilarak ikusi eta bihotza eta burua hotz mantentzea. Badira, baina, harago joan eta, boluntario, errefuxiatuei laguntza ematera joateko hautua egin dutenak. Krisi humanitario hau lehen pertsonan bizi izan duten horien testigantzak jaso ditugu, istorio gogor bezain eredugarria osatuz.

Gogorra egin daiteke, telebista aurrean, milaka errefuxiatuen iritsierari erreparatzea. Gogorra egin daiteke errefuxiatuak itsasoan nora ezean ikustea, eta nork bere egin dezake lurra ukitzean adierazten duten sentsazioa. Baina zer litzateke hori guztia bertatik bertara bizitzea? Zer litzateke itsasoan bizia jokatu duen pertsona bat besoetan hartu eta artatzea?

Izan dira errefuxiatuen krisiaren erdian bihotza ukituta sentitu eta buruak sufritzen ari direnei laguntzea agindu dienik. Horietako bi baino ez dira Iñaki Iraola eta Koro Gabiola. Elgoibartarrak biak, Lesbos uharterako bidea hartu zuten iragan abenduan, Gabonetako oporraldia aprobetxatuz. Greziako irlan bizitako esperientzia kontatzeko elkartu dira GAUR8rekin.

Diote, «penarekin» hartu zituztela errefuxiatuen lehenengo irudi haiek, eta, denborak, pena hori amorru bilakatu ziela: «Hala, inpultsoak gidatuta, eta Gabonetako oporrak aprobetxatuz, esku bat botatzera joatea proposatu zuen Korok». Lesbos zuten jo puntuan, eta harako hegaldia hartu zuten. Behin hegaldia hartuta hasi ziren han egingo zutena lotzen. «Korok Madrileko neska baten kontaktua lortu zuen, errefuxiatuei laguntza eman asmo zuen proiektu bat garatzen ari zen neska batena. Azkenean, baina, ez zioten proiektua onartu; guk, dena egina genuenez, aurrera egitea erabaki genuen», azaldu du Iñakik. Orduan jarri ziren Light House elkartearekin kontaktuan, zeina Skala Sikamineas herrixkan ari den lanean. Lesbosen, beraz, bazuten nora joan.

Abenduaren 27an iritsi ziren irlara, goizerako bertan ziren, eta urtarrilaren 5ean utzi behar zuten Lesbos, egun eta erdi hartuta baitzuten Atenas bisitatzeko. «Buruak eta bihotzak, ordea, ez ziguten utzi Lesbosetik alde egiten eta urtarrilaren 6ko iluntzera bitarte geratu ginen bertan. Hilak 7an Euskal Herrian ginen bueltan», adierazi dute.

Lehenengo sustoa, gosariarekin

Skala Sikamineas herrixkara eraman zituen taxi gidaria bertakoa zen, eta bidaia guztia eman zuen irlan bizi zuten egoeraren berri ematen. «Herrira iristean nahiko egoera lasaia aurkitu genuen. Ikusten zen jendea joan-etorrian, baina egoera lasaia antzematen zen. Kafe bat hartzera joatea erabaki genuen, eta orduan iritsi zen lehenengo sustoa», azaldu dute. Gosaria eskutan, Proactiva Open Arms [itsas salbamenduan aritzen den talde kataluniar bat] elkarteko kideak ikusi zituzten lasterka, txalupan muntatu eta itsasora sartzen. «Handik gutxira, erdi urperatuta zegoen txalupa bat ekarri zuten, berrogeita hamarren bat lagunekin barruan. Gosaria utzi eta laguntzera abiatu ginen segituan; sekulako penarekin hartu genuen. Errefuxiatuei euren gauzak kanpamendura eramaten lagundu genien, imajina dezakezuen egoeran...», azpimarratu dute.

Baina boluntarioen jarduna ez da bat-batekotasunean oinarritzen, ezta gutxiago ere. Dena oso ongi antolatuta zuten, eta bakoitzak zituen bere funtzioak. Elgoibartarren lana oinarritzen zen, batez ere, lehorrera heldutako errefuxiatuei kanpalekuetara laguntzean, bertan berotan sartzeko, aldatzeko, zerbait beroa emateko... Behin errefuxiatuak berotan sartuta autobuseraino laguntzen zieten [bertatik Moriako kanpamendu nagusira joaten dira], eta ondoren kanpalekua atondu beharrean ziren berriro, hurrengo txalupa iristen zenerako prest egon zedin.

Hori modu ordenatu batean garatu ahal izateko jarraibide finko batzuk zituzten. Hasteko, Lesbos irlako kostaldea zati ezberdinetan daukate banatuta, eta boluntario taldeak horren arabera antolatzen dira. Talde bakoitza eremu zehatz batez arduratzen da, eta eremu zehatz bakoitzak dauka bere zaintza taldea. Hori hala, taldeko norbaitek txaluparen bat ikustean kanpalekura abisatzen zuten, eta orduan hasten ziren lanean Iñaki eta Koro: sua piztu, generadoreak martxan jarri, tea prestatu, ura irakin medikuentzako, aldagelak zabaldu... Behin errefuxiatuek lur hartzean medikuaren begien paretik igaro behar izaten dute; harena da lehenengo ongi etorria. Medikuak erabakitzen du zein artatuko dituen eta zein bidaliko dituen zuzenean kanpamendura. «Kanpamendura bidaltzen dituen horiek ziren gure eskutan geratzen zirenak. Horien artean erabaki behar genuen zeintzuk bidaltzen genituen aldagelara arropak aldatzera eta zein eramaten genuen su ondora, berotan sar zedin», azaldu dute.

Hori guztia egunean zehar banatutako hiru txanda ezberdinetan eramaten zuten aurrera: goizekoa (07:30etik 16:30era), arratsaldekoa (16:00etatik 24:00etara) eta gauekoa (23:30etatik 08:00etara). Azken hori, baina, luzatu egin ohi zen normalean, orduan hasten baitira iristen lehenengo txalupak. «Nekea, logura, gosea eta gauza horiek guztiak joan egiten zaizkizu bat-batean», diote. Eurak bertan egon ziren egunetan, gehienez, bost txalupa iritsi zitzaizkien egun bakar batean: «Baina orain izan dituzte, gu itzuli ostean, hamalau txalupa egun berean, 50 lagun txalupako. Uda sasoian, 160 txalupa iritsi ziren egun bakar batean! Orduko arazoa deshidratazioa zen, gaurkoa hotzez ez hiltzea da».

Etorri, itzultzeko?

Errefuxiatuei laguntza ematera joaten diren boluntario horien guztien lana donazioen bidez mantentzen da. Diote mundu guztitik ari direla bidaltzen donazioak Lesbosera, eta bertan guztia jaso eta bideratzen duten biltegiak dituztela. Kanpalekuetatik egin dira eskariak biltegietara, beharren arabera; horrek eskatzen du pertsona bat egotea kanpalekuetako baliabideen jarraipena egiten.

«Lesbosen izan ginen garaian guk ere donazio dezente jaso genituen. Hala, hiriburura gerturatu eta zenbait gauza erosi genituen jasotako diru horrekin kanpamenduan zeuden beharrei erantzuteko», azpimarratu dute. Hori hala, donazioak egiteko, hemendik bidali beharrean, aukera egokitzat ikusten dute bertan dagoen bati egitea, hark eros ditzan beharraren araberako baliabideak; bide batez, irlan bertan dirua utziz.

Azaldu dugu aurrez boluntarioek autobuseraino laguntzen dietela errefuxiatuei. Hauek, ondoren, Moriaraino joaten dira, bertan erregistratu behar baitira. Baina, hortik aurrera, ze etorkizun dute ametsetako Europara iristen diren errefuxiatuek? Aukera izan dute Iñaki eta Korok eurek artatutako errefuxiaturen batekin kontaktuan jarraitzeko, sare sozialen bidez: «Kontatzen digutena da, behin Morian erregistratu ostean, duten nazionalitatearen arabera errazagoa edo zailagoa zaiela paperak lortzea. Siriarrak, irakiarrak eta afganiarrak dira errazen dutenak, lehen mailako errefuxiatuak bailiran; horiek automatikoki lortzen dituzte paperak, Europan zehar mugitzea ahalbidetzen dieten paperak». Beste guztiek, ordea, zailagoa dute etorkizuneko bidea marrazten hastea. Guztiek dituzte 30 egun Grezia uzteko, baina paperik ez dutenek ezin dute Mazedoniako muga zeharkatu. Herrialdea uzteko epe muga hori amaitu ostean euren jatorrizko herrialdeetara deportatzen dituzte. «Paperak lortzen dituztenek ere zailtasunak dituzte Europan zehar mugitzeko; ikusi besterik ez dago Europako hainbat herrialderen jarrera errefuxiatuekiko», salatu dute.

Esperientzia honek askorako eman dio bikoteari. Korok, adibidez, garbi ikusi du errefuxiatuek bizi duten egoeraren atzean ez daudela hiritar soilak, arazoa eliteek sortutakoa dela. Era berean, oso pozik itzuli da ikustean boluntario gehienak 20-30 urte arteko gazteak zirela, gehienak ikasketa maila altukoak. Iñakiri, aldiz, tokatu izan zaio, txandaz kanpoko jardunean aritu denean, jendea txalupatik ateratzea. «Ikusten duzuenean adineko gizonezko bat, txalupatik jaitsi eta sorbaldan erortzen zaizula negar batean hasteko... Asko ukitzen dizu horrek, esan nahi baitu gorriak pasatakoa dela», adierazi du.

Zoritxarrez, sastrakaz beteriko bide bat bezala ikusten dute errefuxiatuen etorkizuna: «Bizitza bat hasi behar dute zerotik, beraiena ez den herrialde batean, beraiena ez den kultura batean eta beraiena ez den erlijio batean; gainera, aurka dituzten instituzioen aurrean eta sozialki aurka duten Europa baten baitan». Egoera horren aurrean badu Iñakik soluzio bat: «Bi komunitate elkarren aurka jartzeko baino erabil dezakegu egoera hau herrialde, kultura eta erlijio ezberdinen arteko harremanak hobetzeko, zubiak eraikitzeko».

Zoritxarrez ere, errefuxiatuen isuriak bere horretan jarraitzen du, etenik gabe. Diote, gainera, eurak egon zirenean baino boluntario gutxiago egongo dela egun, izan bazirelako euren gisa Gabonetako oporraldiak aprobetxatuz esku bat botatzera joan zirenak: «Egoerak, orokorrean, okerrera egin duela esango genuke». Bereziki azpimarratu nahi dute, ordea, Iñaki eta Korok eurak egon ziren herriko –Skala Sikamineas– biztanleek izan zuten jarrera: «Beti laguntzeko prest ziren, esku bat botatzeko prest. Bazen taberna bat edozein momentutan ematen ziguna jana; 24 orduko zerbitzua zutela zirudien. Beti aurpegian barre batekin hartzen gintuzten gainera». Bada zorioneko elementurik ere: ez zuten hildakorik izan esku artean. «Ezin dute gauza bera esan, baina, bertan utzi genituen boluntarioek: azken egunotan bi pertsona hil dira gu izan ginen kanpamenduan bertan», adierazi dute, atsekabez.

Arropa bilketa Elgoibarrera itzultzean

Iñaki Iraola eta Koro Gabiolaren eskuzabaltasuna ez zen amaitu Lesboseko irla utzi zutenean. Elgoibarrera iritsi bezain pronto Greziara abiatu aurretik zuten ideia bati heldu diote: errefuxiatuentzat arropa biltzea. Hala, itzuli zirenerako lagun talde bat lanean hasteko prest zuten. Iragan astean bildu zuten arropa, eta eskuak gainezka dituztela daude: uste baino arropa gehiago bildu dute aurreikusi baino egun gutxiagotan. Orain, Lesbosera bidaliko dute jaso dutenaren zati bat behintzat. BESA enpresa jarri da eurekin harremanetan, eta enpresa bera arduratuko da guztiaz; eurek arropa bildu eta antolatu egin beharko dute, eta enpresak enbalatu eta garraioa jarriko du. Hori hala, enpresari esker ona adierazi nahi izan diote.

«Mafiek itsaso bortitza baliatzen dute ontziak uretaratzeko, zaintza txikiagoa izaten baita»

Euskadiko Itsas Salbamendu Humanitarioko koordinatzailea da Imanol Gomez Muñagorri. Urtarrilaren 9an iritsi zen Chiosera, Egeo itsasoak Turkiatik oso gertu bere magalean hartzen dituen irla greziarretako bat. Gaur bertan bueltatuko da Donostiara, 20-22 eguneko txandak egiten baitituzte; «hemen egunero ikusten duguna izugarria da. 20-22 eguneko txandak egin eta beharrezkoa da pixka batean atseden hartzea. Ez bakarrik neke fisikoagatik, psikologikoki ere oso gogorra baita», kontatu digu telefonoaren beste aldetik. Gomez Muñagorrik 30 urte daramatza salbamenduan lanean, asko ikusitakoa da, drama eta estutasun handiko egoerak bizitzea egokitu zaio, baina Greziako kostaldean gertatzen ari den errefuxiatuen joan-etorri tristeak orain artean ikusitako guztia aise gainditzen du; «ez nuen sekula halako egoera latzik ikusi».

Arratsaldeko seiak inguru dira eta oraintxe erretiratu dira apartamenduetara sikiera ordu pare batez lo egiteko asmoz. «Azken bost egunetan bospasei ordu baino ez ditugu lo egin. Ez daukagu atsedenerako tarterik. Iluntzeak uretan ematen ditugu, etortzen diren ontziak laguntzen. Eta goizetan formakuntza saioak egiten ari gara hemen lanean ari diren gobernuz kanpoko erakundeekin elkarlanean». Ahots nekatua igartzen zaio, gutxiegi lo egin eta sufrimendu gehiegi ikusi duen norbaiten ahotsa.

Itsas Salbamendu Humanitarioa, hain juxtu, errefuxiatuen krisiari begira sortu zuen Getaria inguruan aritzen den salbamenduko profesionalen talde batek. «Konturatu ginen boluntarioak eta gobernuz kanpoko erakundeak kostaldean zeudela laguntzeko, baina itsasoan, uretan, ez zegoela inor. Eta garrantzitsua iruditzen zitzaigun laguntza uretan ere ematea, sinetsi ezineko baldintzetan itsasoratzen baitira pertsona horiek. Horregatik erabaki genuen Chiosera joatea, laguntza uretan bertan emateko», kontatu du. Bide horretan ari dira beste talde batzuetako boluntarioei formakuntza ematen, uretako salbamendurako oinarrizko jakintza bat transmititzen eta baita lehen sorospenerako aholkuak ere, «lehen une horietan egiten dena, biziraupeneko kate horretan hartzen diren erabakiak, funtsezkoak izaten dira pertsona horien bizitza salbatzeko». Kontatu duenez, normalean gobernuz kanpoko erakundeetako kideak ez dira uretara sartzen, asko jota belauneraino, «baina gerta daiteke itsasoan barruraxeago norbait itotzen egotea eta laguntza eman nahi izatea. Horretarako oinarrizko jakintza bat beharrezkoa da eta horretan ari gara lanean».

Finantzaketa kolektiboko kanpaina material hobea lortzeko

Egun oso gogorrak bizitzen ari dira Chiosen. «Izugarri itsaso txarra dugu, olatu izugarriekin. Euri zaparrada latzak botatzen ari da eta hotz handia egiten du, bi gradu zero azpitik. Itsasoko ura 13 gradutan dago. Nahiz eta itsaso bortitza egon, egunero iristen dira ontziak. Mafiek horixe baliatzen dute, itsasoa bortitz dagoela, ontziak uretara botatzeko, egun horietan zaintza txikiagoa izaten baita. Gainera, errefuxiatuen bidaiak prezio desberdina dauka itsasoaren egoeraren arabera. Itsaso txarra dagoenean bidaia merkeagoa da. Eta egun horiek baliatzen dituzte baliabide gutxien dituztenek bidaia egiteko», esan du.

Egunero lauzpabost ontzi iristen dira, bakoitzean 40-50 lagun (nahiz eta ontziak hamar lagunentzat prestatuta egon), asko eta asko, haurrak. «Errefuxiatuen etorrera etengabekoa da, ez da amaitzen. Izan ditugu 100 ontzi iritsi diren egunak ere. Horrelakoetan egoerak gainezka egiten digu», aitortu du. Gauez itsasoan barna aritzen dira zaintza lanetan, ontzirik balego laguntzeko asmoz. Ez da lan erraza. «Ontziak isil-isil etortzen dira, argirik gabe, inork ikus ez ditzan. Kontu handiz ibili behar dugu ontzi horiek aurretik ez eramateko. Batzuetan gu ikusi, urduritu, mugitzen hasi eta ontziak buelta ematen du. Horrelakoetan bi minutuko epea dugu 40-50 lagun uretatik ateratzeko. Muturreko baldintzak dira».

Bi anbulantzia hartuta abiatu ziren Euskal Herritik. Gainontzeko materiala Chiosen alokatu dute, baina gabezia handiak dituzte. «Materialak asko sufritzen du, muturreko baldintzetan lan egiten dugu, ilunpetan, jende mordoa salbatu beharra daukagu... materiala galdu edota puskatu egiten da egunez egun».

Orain crowdfounding edo finantzaketa kolektiboko kanpaina jarri dute abian material eta ontzi hobeak eskuratzeko [www.facebook.com/smhumanitario]. «Amorrua ematen dit kostaldea zaintzeaz arduratzen den polizia europarra sekulako ontziekin agertzen ikusten dudanean. Guk behar ditugu horrelako ontziak, biziak salbatzeko lanean ari garenok», iritzi dio Gomez Muñagorrik.

Nabarmendu duenez, beren taldea uretan hasten da lanean, baina boluntario kate izugarri batean dauka gauak jarraipena. «Uretatik atera eta gobernuz kanpoko erakunde desberdinetako kideak daude zain, lehortu, arropa aldatu, zerbait beroa eman eta paperekin hasten dira, iritsitakoen erregistroa egiten. Gero, lehen kanpamendu batera bidaltzen dira errefuxiatuak. Harrigarria da, ez dakigu nork ematen dien abisua, baina ontzi bat kostaldeko toki batera iritsi eta handik gutxira autobus zahar eta zikin bat agertzen da errefuxiatuak kanpamenduetara gerturatzeko hiru euroren truke. Izugarria da, asko eta asko ezer gabe lehorreratzen direlako; arropa blai bustita, oinetakorik gabe, zeukaten apurra itsasoan galduta... eta zer topatuko eta beren miseriatik negozioa egin nahi duen norbait!», kontatu du etsita Gomez Muñagorrik. «Oraintxe, apartamenduetara bueltan gentozela, kanpamendu aldera oinez zihoan emakume bat ikusi dugu, goitik behera lokatzez zikinduta, beso bakoitzean haur bat zintzilik zeramala. Hori da egunero hemen ikusten eta bizitzen duguna».

Gomez Muñagorrik Facebookeko beren orria erabiltzen du maiz sufrimenduak eragiten dion mina deskargatzeko, gau horretan bertan itsasora bueltatu ahal izateko. «Anbulantzian bi urte eskaseko neskatoa dut besoetan, hipotermia larriarekin, konorterik gabe. Biak manta termikoetan bilduta, ahalik eta berotasun handiena ematen saiatzen naiz, desesperatuta, haur txiki horri berotasuna bueltatu nahian. Hemen dena bukatzen da; bero kimikoa, aldatzeko arropa, mantak... eta nire seme-alabak dauzkat gogoan. Batzuetan, ez dakidanez izena nola duten, nire seme-alaben izenez deitzen diet. Izugarria. Eta azkenean Luciak konortea berreskuratu du, osorik uzkurtu nauen espasmo baten ondoren; begiak zabaldu ditu eta zoriontsuagoa ezin naizela izan sentitu dut. Iñigo gerturatu zait berehala, diabetesa duen emakume batek ez duela erantzuten esanez». Egiten duten lanaren lagin txiki bat.

amagoia.mujika@gaur8.info