Unai Fernandez de Betoño - @UnaiFdB
Arkitektoa

Golfaren turismoa

Espainiako FITUR 2016 turismo-azoka burutu da iragan urtarrilean. Nafarroa Garaiko eta EAEko standetan Hego Euskal Herrirako turistak erakartzen saiatu dira, kultura aitzakia hartuta. Edo, hobe esanda, kulturaren ikuspegi jakin bat, zeinetan eduki politiko gatazkatsuak nahita baztertu diren, salerosketa turistikoei kalterik ez eragiteko. Nola “saldu” daiteke bestela Nafarroako Gazteluen Ibilbidea, seriotasun minimo batekin, 1512ko data aipatzerakoan “konkista” edo “inbasio” hitzak saihestuz, eta gertaera horren eragilea isilduz? Nola “saldu” daiteke bestela euskal mitologia EAEren lurralde-ikuspegi partzialetik, euskarak mundu-ikuskera horretan zuen garrantzia alboratuz?

Antzematen da tokiko ukitu bat eman nahi zaiola turismo-eskaintzari, globalizazio homogeneizatzailearen aurrean nolabait bereizteko. Ukitu hori gehiegi eztitu nahi da, ordea, emaitza urardotu eta hutsala lortuz. Batean bale, besteetan kale. Zertara dator, bestela, EAEko naturaren ederra goraipatzea, eta, ondoren, golf turismoa sustatu nahi dela iragartzea? Akaso Basquetour turismoaren euskal agentziari bost axola zaio golfaren inguruko espekulazio urbanistiko guztia? Ez al da konturatzen Eusko Jaurlaritza golfaren turismoaren apologia instituzionala egitea golf urbanizazio berriei atea irekitzea dela? Ados al dago Ingurumen Saila golfaren gorazarre horrekin? Erantzunak ez jakitea nahiago.

Arduragabekeria baita golfaren turismoa indartu nahi izatea, hirigintza-espekulazioaren alde iluna alde batera utzita. Azken urteotako golf proiektu anitzetan ikusi duguna, EAEtik irten gabe (Lapurdiko kasuak bakarrik aparteko liburu baterako ematen du), green-en inguruan luxuzko urbanizazioak egin nahi izan baitira, ia sistematikoki: Bastidako Golf & Wine proiektuan 750 etxe egin nahi izan zituzten, Bakioko Oiagan 250 etxe, Guardian 500 (tartean eroskeria-kasu polemiko batekin, jada epaitutakoa eta zigortutakoa), Ordiziako Oiangun hotel bat…

Arabako Errioxako proiektu horietan, gainera, ur-horniduraren inguruko arazo urbanistiko-ekologikoak ere oso kezkagarriak dira. Nafarroako hegoaldean oraingoz gaizki ateratako beste zenbait proiektutan bezalaxe: Vianako golf urbanizazioa (1.500 etxe), Tuterakoa (750 etxe), Mendabia, Larraga… Soropila berde-berde mantentzeko pestizidek lurrazpiko akuiferoetan eragin ditzaketen kalteak aipatu gabe. Baztango Aroztegia proiektuari ere akuifero batetik eman nahi ei zaio edateko eta ureztatzeko ur-hornidura.

Arazo espekulatiboei eta ekologikoei arazo ekonomikoak ere gehitu behar zaizkie. Golf zelaiek galerak dituztenean herritarren artean banatzen baitira. Galde diezaietela bestela, porrot egindako Artxanda golf klubeko 1.000 akziodunei. Edo, nabarmen larriagoa dena, Izkiko eta Lagrango zelaiak kudeatzen dituen Naturgolf enpresa publiko defizitarioaren jabe diren arabar guztioi: soilik PPren aurreko legegintzaldian Javier de Andres orduko ahaldun nagusiak diru-zorro publikotik 1.634.000 euro bideratu zizkion. Mitologikoa. •