Bill SAVADOVE (Afp)
XXI. MENDEKO TXINA

Milioi bat laguni iruzur egin die Ezubao konpainia «mirarigileak»

Diruzalekeriak eta gero eta herritar gehiagok poltsikoan aurrezki batzuk edukitzeak ahalbidetu dute Ezubao konpainiak egindako 7.000 milioi euroko iruzurra. Telebista publikoak ere bere garaian goraipatutako enpresak txinatar askori egin die iruzur. Pekinek horrelakorik ez errepikatzeko neurriak hartzeko eskatu die udal agintarie.

Ezubao konpainiak sekulako irabaziak agintzen zizkien herritarrei telebistaren bitartez. Bermatuta omen zegoen jarritako diruaren %14,6ko etekina. Lehenago munduko beste leku askotan gertatu izan zen moduan (baita Euskal Herrian bertan ere), Txinan ere diru pixka bat aurreztuta zuten herritar askok poltsikoa loditzeko aukera garbia ikusi zuten eta zeukaten altxor hori inbertsio bihurtu zuten, beste batzuk iruzur egiten zebiltzala konturatu gabe. 7.000 milioi euroko iruzurra, eta milioi bat aurreztaile inguru kaltetuta. Bakoitzari 7.000 euro kendu izan baliote bezala.

Sekulako errentagarritasuna

Wang Dehong etxeko andreak ere ikusi zuen telebistako iragarkia. Ez zuen zalantzarik egin. Aurreztuta zituen 180.000 yuanak (24.500 euro inguru) hartu eta Ezubeo konpainiaren produktu finantzarioan sartu zituen emakumeak. Pentsa, konpainiaren izenak berak “altxor erraza mailegu bitartez” esan nahi du txineraz. Dirua mailegu bidez lortzeko egungo Txinan dauden ehunka lekuetako bat baino ez da Ezubao.

Sekulako negozioa egiten ari zelakoan, Wang lasai bizi zen. Tarteka bere smartphonean jasotzen zituen konpainiakoen mezu lasaigarriak.

Ezubaok kredituaren berri ematen zion, urtean %12,8ko irabaziak bermatuta zeudela esanez. Banku tradizional batek ez du horrelako etekinik eskaintzen, ez Txinan ez beste inon.

Iazko abenduan erabat aldatu zitzaizkion kontuak. Ezubao konpainiak porrot egin zuen, 900.000 inbertitzaile ingururi aurrezkiak garbituta, Poliziak eskainitako datuen arabera.

CCTV telebista kate publikoak otsaileko lehen astean erakutsi zituen Ezubao konpainiako zuzendaritzako 21 kideren aurpegiak. Erabat damututa zeudela zirudien. Kateak eman zuen bertsioaren arabera, pertsona horietako bik onartu zuten iruzur egiteko operazioa antolatu izana, telebista publikoak eskainitako elkarrizketetan. Kate berak Ezubaoren jarduera goraipatu zuen hilabete batzuk lehenago.

Ponziren eskema

Ponziren eskeman edo piramidean oinarritutako iruzur operazioa antolatu zuten aipatu atxilotuek: bezero berrien dirua erabiltzen zuten, zaharrenei ordaintzeko. Bezeroei esaten zieten dirua makina bat proiektu aurrera ateratzeko erabiltzen ari zirela. «Nik dakidanez, aurkezten zizkiguten inbertsio proiektuen %95 faltsuak ziren», adierazi zion Yong Lei konpainiak Anhui probintzian zuen egoitzako zuzendariak Xinhua berri agentziari.

Xinhuak azaldutakoaren arabera, bezeroek ustez inbertsioak egiteko emandako dirua zuzenean jabeen kontuetara joaten zen, beraien buruetatik pasatzen ziren kapritxo guztiak egiteko. Aldi berean, konpainiak jasotzen zuen kopurua hasiera batean proiektu horretan dirua sartu zutenei zorrak ordaintzeko ere erabiltzen zuten.

Ezubao kasuak agerian utzi du Txinako araudiaren arduragabekeria, laxotasuna, alde batetik. Gainera, garbi geratu da herrialdeko inbertitzaile txiki horiek itsu-itsuan onartzen dituztela mirariak aginduz eskainitako produktu finantzarioak, hasiera batean oso erakargarriak diruditenak. Txinako burtsen ezegonkortasunak begiraleak kezkatuta zituen momentu batean, Ezubaok %9ko irabaziak agintzen zituen kasurik txarrenean, eta %14,6koak onenean. Ohiko banku batek nekez emango ditu %1,5eko irabaziak baino gehiago.

Jatetxerik garestienak

Gainera, iruzurra hobeto egin ahal izateko, mirariak oparitzen zituzten saltzaileek aurreztailea hunkitzeko moduko janzkera eta apaingarriak erakusten zituzten, jatetxerik garestienetara joateaz gain. Louis Vuitton, Gucci, Chanel eta Hermez luxuzko markako arropak jantzita agertzen ziren bileretara. «Guztiak oso sinesgarria zirudien lehenago ikusita nituen inbertsio proposamenekin alderatuta», adierazi zion AFP agentziari Wang Dehongek. Gaur egun, 5 urteko seme baten ama den Dehongek, ganbak saltzen ditu Internet bitartez, iruzurraren biktima izan dela ahaztu eta bizirik jarraitu behar duelako.

Ezubao konpainia sortu zuen elkarteko presidentea Ding Ning 34 urteko gizona zen, finantzen arloan prestakuntzarik ez zuen arren, arrakastazko enpresari moduan ageri zena. Diamante arrosa bat eramaten zuen soinean bezeroei zirrara eragiteko. Gainera, Singapurren luxuzko etxe bat zuen. “Txinako Madoff” deitu zaio hedabideetan. Biktimei ahal zuen diru guztia ateratzen saiatzen zen, Zhang Min amoranteari sekulako opariak egiteko. Min berak ere iruzurgile trebea dela erakutsi du.

Ezubao konpainiakoek beren negozioa hankaz gora zihoala ikusi zutenean, beldurtu egin ziren, jakina. Zuzendaritzakoek lurpean, sei metroko sakoneran, gorde zituzten dokumenturik konprometigarrienak. Paper asko, ustez ondo ezkutatuta. Baina poliziak berreskuratu egin zituen dokumentuok, bi hondeamakinen laguntzarekin. Hogei ordu egin zituzten lanean paperak lurpetik ateratzeko.

Biktimak, berriz, protesta egitera kalera irten dira azken egunotan. Pekin hiriburuan dozenaka lagun elkartu ziren, esaterako. Agintariei exijitu zieten galdutako diruarengatik konpentsazioren bat emateko.

Oraingoz ez dute horrelakorik jasoko. “Txinako Madoffen” jardueren berri izan zutenean, agintariek adierazi zuten sektorea arautzen duten legeak gogortzeko proiektu bat mahaiaren gainean dutela. Izan ere, Ezubaok inolako arazorik gabe egin zuen bere produktuaren propaganda bazter guztietan, telebista publikoan zein abiadura handiko trenetan ipintzen dituzten txarteletan adibidez.

Biktimak, etsita

Neurri horiek ez dute iruzurraren biktimen samina samurtzen. Etsita daude. «Gobernuak ez digu informazio berririk eman eta galduta sentitzen gara», esan zien kazetariei Xing Ke Guangzhou hiriko inbertitzaileak. Berak 600.000 yuan (81.000 euro inguru) galdu ditu, aberastu nahian. «Zulo beltz batean sartzea bezalakoa da gure egoera, eta okerrena da ez dela inor zuri laguntzera etortzen».

Bernie Madoff bezala, baina bizkorrago

Bernard Leon Madoff 1938ko apirilaren 29an jaio zen. Madoff Investment Securities enpresako zuzendari eta Wall Streeteko broker ezaguna zen. Madoff Investment Securities inbertsio enpresa 1960ko hamarkadan sortu zuen.

2008 abenduaren 12an, AEBetako FBI polizia federalak atxilotu egin zuen, ustez bere inbertsio enpresaren bidez 50.000 milioi dolarreko iruzurra egiteagatik. Antza, Madoffen enpresak interes-tasa handiak eskaintzen zizkien, Txinan Ding Ningek egiten zuen moduan, AEBetako eta Europako bankuen bidez inbertsio fondoetako parte hartzaileei. Iruzurra, piramidearen eskema jarraituta egin zen.

“Madoff Iruzurra” inoiz AEBetan pertsona bakarrak eginiko iruzurrik handiena da. 2009ko ekainaren 29an New Yorkeko Auzitegi Federalak 150 urteko kartzela-zigorra ezarri zion «historiako finantza iruzurrik handiena egiteagatik».

Ding Ningek ez du horrenbeste diru lapurtu, baina begiraleek nabarmentzen dute hemezortzi hilabete baino ez dituela behar izan bere iruzur sarea eratu eta dirua lapurtzeko.

Madoff maisuak zera esan zion “The New York Magazine” aldizkariari 2010ean, bere barru-barruko pentsaera agerian uzteko: «Ez naiz damutzen, ez dut sentitzen eragindako kaltea. Biktimek izorratzea dute! Nire bezeroak diruzaleak eta ergelak ziren». Orduan esan zuen kartzela berarentzako «askapena» zela, baina geroztik bertatik irteteko maniobra asko egin ditu.