Ion Salgado
IKASLEEN GHETTOAK

Samiraren kasuak agerian utzi du eskola batzuetan ematen den «ghettifikazioa»

Azken urteotan jatorri atzerritarra duten ikasleen kopuruak gora egin du nabarmen sare publikoko eskoletan. Marokotik Gasteizera etorritako Samirak semea itunpeko ikastetxe batean matrikulatu nahi zuen, baina guztietan ezetz esan diote. Eskolon erantzunek Gasteizen ematen den diskriminazioa agerian utzi dute.

Nola berma daiteke etorkinen seme-alaben gizarteratzea bertako familien seme-alabekin ikasten ez badute? Nola erabiliko dute euskara beraien inguruan arabiarra edo beste hizkuntzaren bat bakarrik entzuten badute? Nola sentituko dira euskal herritar txikitatik diskriminazioa pairatzen badute? Askotan egin dizkio galdera horiek Samirak bere buruari. Askotan pentsatu du nola izango den bere semeen etorkizuna jatorri atzerritarreko umeekin betetako eskoletan ikasiz gero, ghetto bilakatu diren ikastetxe publikoetan ikasiz gero.

Duela hainbat aste, Marokotik etorritako emakume honek itunpeko sareko eskolak bisitatu zituen aurrematrikulazioa egiteko asmoz. Bost ikastetxetara joan zen, hiru kristauak eta bi laikoak. Eta guztietan erantzun berdina jaso zuen. «Guztietan ezetz esan zidaten. Batzuetan musulmana izateagatik, eta besteetan haiek ezarritako betebeharrak ez betetzeagatik. Eta batzuek kuotak ordaindu behar zirela ere ohartarazi zidaten», gogoratu du. Ez zioten galdetu ere egin baliabiderik bazuen eta ez zioten eskaini erlijioaren ordezko irakasgai alternatiborik.

Baina kuotak eta erlijioa ez dira Samirak gainditu beharko lituzkeen oztopo bakarrak, berak salatu duenez, itunpeko eskolek eurek aukeratzen baitituzte ikasleak matrikula egiterakoan, puntuen sistemari esker. «Aitonak, amonak edo beste senide batek ikastetxe horretan ikasi badu puntuak ematen dizkizute, eta Eskola Kontseiluan parte hartzen baduzu ere puntuak jasotzen dituzu. Sistema diskriminatzailea da, lotsagarria», deitoratu du. Egoera horri aurre egiteko, Steilas sindikatuaren atea jo zuen. Baita bilatzen zuen laguntza jaso ere.

Aitor Idigoras sindikatuko kideak ondo ezagutzen du Samirak bizi izandako diskriminazioa, askotan salatu baitu eskola publikoaren eta itunpeko sarearen arteko ezberdintasuna. «Sistema duala sortu da, ikasleen klase sozialaren araberako sistema duala, hain zuzen», azaldu du. Aitor Idigorasen ustez, goi eta erdi mailako familietako seme-alabak itunpeko ikastetxetara joaten dira, eta diru gutxi duten familietako seme-alabak eskola publikoetara. «Eskola publikoak jatorri atzerritarra duten ikasleez beteta daude gaur egun, baina, azken batean, klase gatazka bat da Gasteizen eta EAEko beste udalerrietan ematen ari dena», azpimarratu du.

Eskola publikoek eta itunpeko sarekoek ikasle ezberdinak eduki arren, finantziazio iturri berdina dute: Gasteizko Gobernua. «Herritar guztiek nahi duten eskola aukeratzeko eskubidea izan beharko lukete, eskola guztiek diru publikoa jasotzen dutelako. Eta Samirak berak ere finantzatzen ditu ezetz esan dioten itunpeko eskolak», azaldu du Idigorasek hezkuntza berezitua herritarren pentsaeran ezarrita dagoela kritikatu ostean. «Konponbidea lortzea ez da erraza izango, jende askoren pentsamoldea aldatu beharko dugulako», gaineratu du.

«Gasteizko Manifestua»

Baina, egia esateko, badirudi gauzak aldatzen ari direla pixkanaka. Herritarrek nabaritzen dute Idigorasek aipatutako desoreka, azken hamarkadan areagotu egin dena. Denon Eskola federazioak otsailean salatu zuenez, 2010ean atzerriko jatorria zuten ikasleak EAEko hamar eskola publikotan ziren ikasleen %50. Sei urte geroago, ehuneko hori 60 ikastetxe publikotan gainditzen da. 2016ko urtarrilean Hezkuntza Ordezkaritzak plazaratutako datuen arabera, Gasteizko hogei ikastetxetako hainbat gelatan atzerriko jatorria duten ikasleak %30 baino gehiago dira. Lau eskolatan %80tik gora dira, eta, beste hirutan, %50etik gora.

Hainbat eragile –Arabako Guraso Elkarteen Federazioa, Ehige, Sarean, Steilas, CCOO, UGT, LAB, ESK, ELA, Afro elkartea, CEAR, Salhaketa eta Gasteiz Irekia, besteak beste– batu egin dira egoerari aurre egiteko, eta “Euskal eskola publikoaren aldeko manifestua” argitaratu dute. Testu horretan sare publikoaren eta itunpekoaren arteko «desoreka ikaragarria» kritikatzen dute. «Sare publikoa jasotzen ari da gehienbat zailtasun handienak dituen populazioa, batez ere jatorri atzerritarra duten ikasleak; itunpeko sarea, aldiz, aterpe bihurtzen ari da bertako erdi edo goi mailako familia askorentzat», salatzen dute.

Eragileon iritziz, zentro batzuek «bizkarra eman diote Gasteizko errealitate sozial zailari». «Gure ustez segregazio prozesua negatiboa da eta ez du errazten gizarte kohesionatu eta solidario bat izatea, baizik kontrakoa. Ikasleak gelaka banatzea kontuan hartuta azalaren kolorea, jatorri etnikoa, klase soziala edo erlijioa zorigaiztoko oinarria da gizarte bidezkoago eta kohesionatuagoa lortzeko, izan ere, aniztasuna aberastasun elementua izan beharko litzateke».

«Maltzurra da hezkuntza arloan jatorri atzerritarra duten ikasleak eskola gutxi batzuetan taldekatzea. Ez da mesedegarria elkar ezagutzeko, ezta integrazioa lortzeko ere; ez da lagungarria aniztasuna modu positiboan bizitzeko. Kontzentratu egiten dituzte behin-behineko heziketa behar bereziak eta baliabideak behar dituzten ikasleak. Eta administrazioak ez die baliabide nahikorik ematen erronka horri erantzuten dioten eskolei», diote sinatzaileek.

Erantzun zehatzak proposatzen dituzte arazoa konpontzeko. Proposatutako neurriek epez kanpo matrikulatzen diren ikasle gehienak ikastetxe publiko batzuetara ez bideratzea eta segregazioarekin amaitzea dute helburu. Eragileon ustez, giza baliabideak, baita ekonomikoak ere, sustatu behar dira heziketa zentroek erronkei erantzun bat emateko. «Egoerarik txarrenean dauden edo heziketa behar bereziak behar dituzten ikasleak eskolaratzen dituzten eskolek baliabide gehiago, baita ekonomikoak ere, izan beharko lituzkete», azaltzen dute.

Eta, matrikula egiteko orduan, errenta baxuak dituzten familiak lehenesten dituen baremoa indargabetu behar dela nabarmentzen dute, izan ere, «horrek maila ertaineko familiak zentro publiko batzuetatik kanpo uzten ditu. Eskola publikoaren bokazioa mota guztietako familien eskola izatea da, eta gure ustez positiboa da maila desberdinetako familiak egotea zentro berean».

Zentzu horretan, administrazioak ekitatea bermatzen duten matrikulazio irizpideak betearazi behar dituela nabarmentzen dute sinatzaileek, eta matrikulazio bulego bakarra sortzea proposatzen dute. Bulego horrek itunpeko sareko ikastetxeen eta eskola publikoen eskaintza batu beharko luke. Horrela diskriminazioa saihestuko litzateke. Dena den, manifestua sinatu duten eragileek azaltzen duten bezala, berdintasuna lortzeko beharrezkoa da baliabide gutxi duten familiei eskola batzuetara joan ahal izateko jartzen dizkieten oztopoak bertan behera uztea, kuotak edo eskolaz kanpoko gastu jakin batzuk, esate baterako.

Azken finean, «irakaskuntzaren doakotasuna legez bermaturik dago diru publikoarekin finantzatutako zentro guztietan. Gasteizko ikastetxe guztiak diru publikoz finantzaturik daude ehuneko ehunean, beraz, familia guztiek eskubidea dute zentro guztietara joateko dohainik eta laikotasun baldintzetan». Halaber, irakasleen lan egoera hobetzea, haien behin-behinekotasunarekin amaitzea, exijitzen diote Lakuari, baita plan estrategiko bat aurkeztea ere. Aipatutako plan horretan finantziazio publikoa jasotzen jarraitu nahi duten zentro guztiek parte hartu beharko lukete.

«Aniztasun kulturaleko beste testuinguru batzuetako esperientziek erakutsi dute beharrezkoa dela politika aktiboak bultzatzea zentro guztietan jatorri, egoera edo izaera anitzeko ikasleak egoteko. Egoera zailean dauden ikasle kopuru handiak dituzten eskoletan beharrezkoa da kalitate handiko proiektuak garatzea, baita espektatiba handiko eskolak sortzea ere; ondorioz, ahalbidetu egingo da maila sozioekonomiko eta kultura desberdinetako ikasleak elkartzea», azaltzen dute manifestuan, erlijioa norberaren bizitza pertsonalaren kontua dela adierazten duen testuan hain zuzen.

Uriarteren agerraldia

Cristina Uriarte Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuak hitz egin zuen Eusko Legebiltzarrean manifestuaren argitalpenaren ondorioz. Uriartek Gasteizko Gobernua diskriminazio mota ororen kontra dagoela adierazi zuen, «edozein delarik arrazoia. Eta jakina, gure esku dagoen guztia egingo dugu hezkuntzaren eremuan gerta litekeen edozein diskriminazio saiakera saihesteko». «Horregatik, ikastetxeren batean matrikula egiterakoan, izan ikastetxe publikoa edo itunpekoa, diskriminazio egoeraren bat jasan duen pertsona oro bide ofizialak erabiliz gertatutakoa jakinaraztera animatu nahi dugu. Horixe da arazoak antzeman eta konponbideak eskaintzeko bide egokia», esan zuen Samirak «kexa formala» ez duela egin ohartarazi ostean.

Samirak GAUR8ri azaldu zioenez, ez du kexa formalik aurkeztu diskriminazioa ez delako berari bakarrik eragiten dion arazo bat. Emakume honek konponbide orokorra nahi du, haren egoeran dauden familia guztientzat. Eta badirudi Lakua konponbide bat bilatzeko prest dagoela, izan ere, «gure ikastetxeetan kohesio sozial handiagoa eta bizikidetza sustatzeko lanean» jarraituko dutela iragarri zuen sailburuak. Aztertzen ari diren neurrien artean, eskolatze batzordeen irizpideen berraztertzea eta erakundeen arteko elkarlana sustatzea aipatu zituen Uriartek, Gasteizen sortutako gatazka arazo hutsala ez dela nabarmenduz.

Euskal Eskola Publikoaren Aldeko Manifestuaren Batzorde Dinamizatzailea osatzen duten eragileek «lorpentzat» hartu zituzten Uriarteren hitzak. «Gobernuak, edozein kasutan, itunpeko eskoletan ematen den jarrera baztertzailearen ebidentziarik ez duela esaten du. Guk badaudela uste dugu eta salatu behar ditugu, Eusko Jaurlaritzak diru publikoz finantzatzen baititu ikastetxeok», azaldu zuten, Lakuak itunpeko sareko zentroei 380 milioi euro baino gehiago eman dizkiela gogoratuz. «Diru hori gabe ikastetxeotako familiek ordaindu beharreko kuotak askoz handiagoak lirateke». Aipatutako batzordea osatzen duten eragileei hileroko kuotak kobratzea «diskriminatzailea» iruditzen zaie, «horrela diru publikoz finantzatutako ikastetxeetako ateak baliabide gutxi dituzten familiei ixten zaizkielako». Halaber, bi urteko haurrentzako geletan 200 eurotik gorako hileko kuotak ezartzea diskriminatzailea dela salatu zuten: «Neurri horrekin baliabide gutxi duten familien sarrera blokeatu egiten dute itunpeko ikastetxeek». Amaitzeko, konfesio erlijiosoa duten ikastetxeei finantzaketa publikoa ematea kritikatu zuten, beste kredo batzuk dituzten edo ateoak diren ikasleen sarrera mugatzen duelako.

Pasa den astean Uriartek berriro hitz egin zuen jatorri atzerritarra duten ikasleei buruz. Hezkuntza Batzordea osatzen duten legebiltzarkideen aurrean, sailburuak gaur egungo egoera «konplexua» dela eta orain arte martxan jarritako ekimenek porrot egin dutela aitortu zuen. «Azken hamarkadan hainbat neurri hartu izan dira, baina, hala eta guztiz ere, egiaztatu ahal izan dugu neurri horiek ez direla nahiko, ikasle etorkinak eta bertan jaioak ikastetxe eta sare desberdinetan era orekatu eta inklusiboan eskolaratzeko, eta beharrezkoa den aniztasuna eta kulturartekotasuna bermatzeko», esan zuen.

Uriarteren ustez, «etorkinak elkarrekin egotea ez da arazoa, azaroa ikastetxeetan aniztasunik ez egotea da. Arazoa ikastetxeetan inklusibitaterik eta kulturartekotasunik ez egotea da. Hori da arazoa. Ikastetxeak, bai publikoak bai itunpekoak, egungo errealitate sozialarekin bat ez etortzea da arazoa». Eta horri dagokionez, EAEn %40tik gorako ikasle etorkin kopuruak dituzten Haur eta Lehen Hezkuntzako hamalau eskola daudela adierazi zuen. Horietatik hamar publikoak dira. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzaren kasuan ere badira %40tik gorako ikasle etorkin kopuruak dituzten ikastetxeak, horietatik, Uriartek dionez, lau publikoak dira eta sei itunpekoak. «Baina, badaude kontrako kasuak ere, %5etik beherako ikasle etorkinen kopuruak dituzten 67 ikastetxe ditugu guztira, Haur eta Lehen Hezkuntzan. Eta 169 Bigarren Hezkuntzan. Kasu askotan, 0%tik hurbil», gaineratu zuen.

Egoera horri aurre egiteko, Lakuak jatorri atzerritarra duten ikasleak ikastetxeetan oreka handiagoz banatzeko lanean jarraitu beharko duela nabarmendu zuen sailburuak. «Baina ez etorkinak banatzeko, baizik eta ikastetxeetan aniztasun handiago izateko. Eta horretarako beste neurri espezifiko batzuk hartu behar dira. Gainera, instituzioen arteko koordinazio handiago izan beharko dugu, egoera honi, batez ere, soziala izan behar den ikuspegi globalago batetik erantzuna emateko», esan zuen. Eta ezinbestekotzat jo zuen «etorkinak diren pertsona guztien integrazio sozial eraginkor eta sendoa sustatzea, ongi izatea eta elkar bizitza bermatze aldera, esklusio eta baztertze bideak ireki ez daitezen».

Uriartek Hamaikazko programaren garrantzia azpimarratu zuen. Azaldu zuenez, programa horren bidez, ikastetxeen ezaugarri bereziei erreparatzen zaie, ikasleen aniztasunak behar duen arreta pertsonalizatua jaso dezan. «Programaren helburua da laguntza gehien behar duten ikasleen arrakasta lortzea. Eta etorkinen ehuneko handia duten ikastetxeetan ikasten ari dira horietako gehienak. Eragileen elkarren arteko esku hartzea sustatu nahi da, beraz, ikasle horien ikasketa maila areagotzeko eta elkar bizitza hobetzeko, ikastetxe horietako hezkuntza proiektuak erakargarriagoak izan daitezen ikasle guztientzat eta familia guztientzat».

Eta behar bereziak dituzten ikasleentzako plazak gordetzeko aukera ikertzen ari direla ere esan zuen. «2016-2017 ikasturteko matrikulazio prozesuan, talde berriak antolatu eta planifikatzerakoan, Hezkuntza Administrazioak ratiotik gorako plazen %10 hartuko ditu beretzat, aipaturiko behar bereziak dituzten ikasleek bete ditzaten», gaineratu zuen. Bestalde, hiru eskolatze lurralde batzordeetan eskolatze irizpideen aplikazio bateratua egingo dela iragarri zuen Uriartek, eta, horrez gain, diru publikoz sostengatutako ikastetxe guztien arteko oreka lehenesten hasiko direla. Halaber, 35/2008 dekretuko irizpideak aldatzeko aukera aztertzeko prest daudela esan zuen, «ikastetxe guztien artean, publikoak izan edo itunpekoak izan, oreka handiago egon dadin».

Denon Eskola federazioko kideen ustez, Uriartek proposatutako ekimenak ez dira nahikoa Gasteizko eskoletan pairatzen den arazoa konpontzeko. «Entzun genituen sailburuaren azalpenak eta proposamenak, eta gure balorazioa positiboa da, alde batetik, lehengo aldiz arazo bat dagoela onartu duelako, eta hori oso inportantea da. Baina proposatutako neurrien kopurua laburra iruditu zitzaigun, are gehiago arazoaren konplexutasun maila ikusita», azaldu zuen Amalia Barquinek Legebiltzarrean. EAErako matrikulazio bulego bakarra eratzea ere eskatu zuen, aipatu bulegoak diskriminazio eta segregazioarekin amaituko lukeelakoan.

Halaber, 2009an Gasteizko Legebiltzarrak aho batez onartutako mozioa betetzea eskatu zuen Barquinek. Aipatutako testuan ikasle etorkinen integraziorako programa berri bat aldarrikatzen zuen Legebiltzarrak. Onartutako legez besteko proposamenaren arabera, programa horrek neurriak jaso beharko lituzke ikasleak funts publikoekin mantendutako ikastetxeen artean banatzeko, «hezkuntza babes berezia behar duten ikasleen gehiegizko kontzentrazioa eragoztearren, eta joerazko erreferentzia gisa hartuz ikasle horien kopuru osoa ez izatea gela bakoitzean %20 edo %25 baino gehiago, haien integrazioa erraztearren».

Pasa den ostegunean Legebiltzarrak beste legez besteko proposamen bat onartu zuen, EH Bildu eta PSEri esker. Erdibideko zuzenketaren sinatzaileek plan estrategiko bat beharrezkoa dela nabarmentzen dute honako helburu hauek lortzeko: kanpotik etorritako ikasleei, ikasle guztiei bezala, hezkuntza eskaintza bermatzea eta ikastetxe publiko batzuetan gertatzen ari den pilatze-tasa eragoztea, eta lurralde-mailako matrikulaziorako bulego bakarra ezartzea edo familia-errenta baxua lehenesten duen baremoa aldatzea.

Azken sei urteotan bi legez besteko proposamen onartu dira, baina, hala ere, Gasteizko Gobernuak ez du konpondu Arabako hiriburuan, baita EAEko beste udalerri batzuetan ere, ematen den arazoa: atzerritatik etorritako familiek pairatzen duten segregazioa. Agian, Aitor Idigorasek esaten duen bezala, enpresa pribatuekin indarrean dauden itunak aztertzeko unea heldu da. Izan ere, halako itunak behin-behineko egoerei aurre egiteko sinatzen dira.

 

Segregazioarekin amaitu aniztasuna sustatzeko

Xabier Muntiel eskola bateko zuzendaria da eta ondo ezagutzen ditu jatorri atzerritarra duten umeen eskolatze prozesuen zailtasunak. «Gaur bertan etorri da ume bat Pakistanetik. Lehen Hezkuntzako 4. mailan dago eta ez du ez euskaraz ez gazteleraz hitz egiten», azaltzen du. Muntielen ustez, faktore ugari daude atzerritatik etorritako familien seme-alabak ikastetxe publikoetara joateko. «Itunpeko eskoletan erlijioa ikasten dute, eta hori oztopo bat da Afrikako iparraldetik eta Asiatik etortzen diren familientzat. Eta kontuan eduki behar dugu atzerritik etortzen diren familia gehienak behe mailakoak direla; behartuta etorri dira, haien egoera ekonomikoa hobetzeko asmoz, eta, kasu askotan, ezin dituzte ordaindu itunpeko ikastetxeak ezartzen dituzten kuotak», azaldu du.

Horregatik, atzerritik etorritako familiek eskola publikoetan matrikulatzen dituzte euren seme alabak, ghetto bilakatzeko arriskua pairatzen duten zentroetan. Arazoa ez baita soilik jatorri atzerritarra duten umeen kontzentrazioa gero eta handiagoa izatea, benetako arazoa bertako ikasleak itunpeko eskoletara joaten ari direla da. Eta Muntielek nabarmentzen duen bezala, kulturartekotasuna lortzeko, ume guztien integrazioa lortzeko, beharrezkoa da eskola publikoetan bertako ikasleak ere egotea.

Berdintasuna eta aniztasuna lortzeko, Muntielek matrikulazioa kudeatzeko bulego bakarra sortzea proposatzen du. Eta itunak betetzen ez dituzten eskolei finantzazio publikoa moztea ere defendatzen du. «Eskola batean jarrera segregazionistak ikusten baldin badira, diru laguntzak moztu egin beharko lirateke», azpimarratu du eskola zuzendariak.