Juantxo EGAÑA

Santa Kruz apaizaren abiatzea

Bigarren Guda Karlistako argazkirik esanguratsuenetakoak Donibane Lohitzunen bizi zen Ladislas Konarzewski argazkilari poloniarrak egin zituen. Bere argazkirik ezagunena Santa Kruz apaizaren abiatzea jasotzen duena izan zen, 1873. urteko apirilaren 8an Berako baratze batean jasotakoa. Argazki sonatua urte horretako maiatzean bertan argitaratu zuen “La Ilustracion Española y Americana” aldizkariak grabatu modura. Argazkilariaren birbiloba Jean Marie Ladislas Srive-Loyer Konarzewskik kontatu zuenez, argazkia egin ahal izateko ehunka erreal ordaindu behar izan zituen autoreak. Santa Kruz apaizak armak erosi omen zituen diru horrekin. Pio Barojak idatzi zuenez, Santa Kruz apaizaren argazki pare bat baino ez dira ezagutzen; bata goiko hori eta bestea Donibane Lohitzunen bere buruzagi nagusiez inguratuta ateratakoa. Argazki horien negatiboak, baina, ez dira iritsi egunotara. Nonbait Ladislas Konarzewski hil zenean bere familiak argazkilariaren artxiboa desegin zuen.