Natalia Boronat

KARABAKH GARAIKO ERREPUBLIKAKO BURU-HAUSGARRIA

Azerbaijanen mehatxupean alde batetik eta aliatu omen den Errusiak baztertuta bestetik sentitzen dira Karabakh Garaiko herritarrak, «lau eguneko gerran» azerbaijandarren erasoari eutsi eta gero. Testuinguru triste horretan egin berri da ezkontza berezi bat Shushiko elizan.

Azerbaijanek egin duen erasoarekin azken egunotan gertatu dena amesgaizto bat da; badirudi gizakion bizitzak ez duela baliorik, ezin dugu bizitza normal bat izan, ezin ditugu planak egin eta mundua ez da konturatu ere egiten hemen gertatzen ari denaz», esplikatu digu Gayanek, Shushiko elizaren atarian ezkongaien zain dagoela. Karabakh Garaiko Errepublikan dago Shushi hiria, Artsakhen armenieraz. Hego Kaukasoko lurralde honetan Armenia kristaua eta Azerbaijan musulmana ari dira elkarren aurka borrokan. Gaur egun 150.000 armeniar inguru bizi dira bertan.

Armeniarren eta azerbaijandarren arteko borrokak apirilaren hasieran itzuli ziren. Arma astunak eta makina bat hildako. 1994an aurreko gerrari amaiera eman zitzaionetik ez zen hain borroka gogorrik izan eskualde honetan. Garai hartan ez Moskuko agintariak ez Bakukoak ez ziren gauza izan Karabakh Garaiko Errepublika Sobietar Autonomoaren eskaria betetzeko: lurraldeak Azerbaijan utzi eta Armeniarekin bat egitea. Sobietarren legeek onartzen zuten aukera hori. Gainera, autodeterminazio eskubidea onartuta zegoen. Baina agintariek porrot egin zuten.

Lehenengo gerrak 30.000 hildako eragin zituen. Azerbaijandar jatorriko herritarrek ihes egin behar izan zuten. Ondorioz, segurtasun eremuaren ondoko Azerbaijango lurrak armeniarren mendean geratu ziren. Azken borroketan, «lau eguneko gerra» deitu zaion gatazka armatuan, armeniarrek ofizialki 98 hildako onartzen dituzte, eta beste aldean esaten dute 300en bat azerbaijandar hil zirela. Azerbaijango agintariei Armeniakoei baino gehiago kostatzen zaie gatazkari buruzko informazioa ematea eta atzerriko kazetariak akreditatzea.

Gatazkaren azken kapituluak garbi utzi du errepublika hau oso hauskorra dela, eten gabe Azerbaijanek mehatxatuta sentitzen baita. Normaltasuna du helburu, baina oraindik ez du lortu inongo estaturen ezagutza. Bi aldeek gauza bera egin dute: besteari leporatu su-etena apurtu izana. Artsakheko herritarrek uste dute ez dagoela zalantzarik eta Bakuk antolatutako erasoa izan dela. Batzuek diote aurreko gerran galdu zituen lurrak berreskuratu nahi dituela; beste batzuek, gerra handi baten entsegua izan dela. Beste tesi batek dio Azerbaijango agintariek beharrezkoa zutela barne arazoak ahaztu edo estaltzeko guztien etsaiaren aurka egitea.

Pixkanaka gonbidatuak iristen hasi dira ezkontzara. Gehienak emakumeak dira, gizonak mobilizatu egin dituzte-eta. Ezkontza hau salbuespena da, dolu egunotan ez baitago festarako gogorik. Izan ere, hildakoak ehorzten ari dira oraindik eta herritar guztiak daude erne. Ez dago lasaitzerik. Baina ezkontza beste baterako uzteko aukerarik ez zegoen, ezkongaiak oso urrutitik etorri direlako: Karabakh Garaiko Lena Asryan eta Josep Maria Sanz katalana Tarragonako Altafulla herritik etorri dira ezkontzeko asmoz.

Narine Aghabalyan Artsakheko Kultura ministroa andregaiaren izeba da: «Etengabeko mehatxupean bizi bagara ere, beldurrari aurre egin behar diogu eta bizitza normalari eusten saiatu, bizitza ez dela amaitu azaltzeko».

Gayane bezalako gazteek ez dute zalantza izpirik: lehenengo gerra amaitu ondoren jaio zirenez, ez dira inoiz Azerbaijanen bizi eta garbi esaten dute Artsakh armeniarra dela eta lur hori babesteko borrokarako prest daudela. Herritar batzuek kristautasunaren eta islamaren arteko borroka ere ikusi dute gatazkan. Baita armeniar genozidioaren jarraipena ere: Turkiako Gobernuak diseinatutako sarraskian milioi eta erdi armeniar hil zituzten 1915 eta 1923 artean. Azerbaijango herritar gehienek azerbaijaneraz (turkiar hizkuntza bat) egiten dute.

Bakuk erositako armak

Armeniako tradizio erlijiosoen arabera egin dute ezkontza. Doluak ospakizunari distira kendu badio ere, bakearen, justiziaren eta herrien arteko laguntasunaren aldeko brindisak egin dituzte. «Jainkoak gure soldaduei indarra eman diezaiela, guk atzealdean honelako ezkontzak ospatzerik izan dezagun», esan du bere brindisean Ashot Ghulian Artsakheko Parlamentuko presidenteak, andregaiaren aita pontekoak.

Artsakhen azerbaijandarren erasoa geldiarazi izanaz harro daude, baina Parlamentuko presidenteak gogoan du nazioarteko komunitateak ez ziela jaramonik egin Bakuko agintariak arma asko erosten ari zirela esan zutenean, armeniarren aurkako kanpaina bat abian jartzen zuten bitartean. «Orain nazioarteko erakundeei dagokie gatazka konpondu eta gerra geldiaraztea. Argi esan beharko lukete Azerbaijanek egin zuela eraso. Hori espaziotik ere ikus daitekeen zerbait da. Azerbaijan erakunde horietatik kanporatu egin beharko lukete, beste eraso bat egin aurretik bi aldiz pentsa dezan», esan digu Ghulianek.

Masis Mayilian Atzerri ministro ohiak Foreign and Security Police in Artsaj izeneko think tank-a zuzentzen du. Bere iritziz, «lau eguneko gerrak Azerbaijanekin adostutako itunen bitartez gatazka konpontzeko aukera urrundu egin du, bake negoziazioak bukatu arte tirorik ez egiteko klausula bortxatu egin dute-eta». Mayilianen ustez, une honetan su-etena indartu beste erremediorik ez dago. Garrantzitsutzat jotzen du Artsakh nazioarteak ezagutzea ere, bere segurtasuna berma dezakeen mekanismo bakarra delakoan.

Moskuren jarrera bikoitza

Mundu osoko armeniarrak mobilizatu ditu azken gerrak. Batzuk bertara joan dira azerbaijandarren erasoari aurre egitera. Gainera, Stepanakert Artsakheko hiriburuak ezohiko bilera bat hartu du: Aram I.a Siseko Armeniar patriarka eta Karekin II.a Armeniako Eliza Apostolikoko burua elkarrekin egon dira.

Geopolitikak ez die batere laguntzen Artsakheko herritarren nahiei. Turkiak beti adierazi izan du Azerbaijanen aliatu dela eta Errusiak aditzera ematen zuen Hego Kaukasoko bere bazkide nagusia Armenia zela. Baina gatazka hasi denean, Erevan Armeniako hiriburuko analista batzuek ikusi dute Moskuk jarrera bikoitza zuela: Armenia eta Azerbaijanen arteko orekari eutsi nahian, eta Erevanekin sinatuta dituen defentsa akordioei erreparatu ere egin gabe, Errusiak Bakuko agintariei ere saltzen dizkie armak. Armenian uste dute azken urteotan Kremlinek izoztutako gatazka moduan eduki nahi zuela Karabakh Garaikoa, Hego Kaukasora egonkortasuna iritsi ez dadin eta, horrela, bere bitartekari zereginari eusteko. Aditu batzuen arabera, Moskuren politika horren helburua litzateke bere tropak borrokan ari diren indarren artean kokatzea, era horretan Errusiak Hego Kaukason duen posizioa indartuz.

Ikuspegi horretatik abiatuta, azken egunetan armeniar asko hartzen dituzten lekuetan Errusiaren aurkako protestak egin dira, Hego Kaukasoko egoera ezegonkortzea leporatuta.