Antton Izagirre

Galdezka

Duela egun batzuk Markelen eskaera jaso nuen postaz. Markel hamalau urteko gaztetxoa da eta ikastolan eskatutako lan baterako nirekin elkarrizketa izatea eskatzen zidan. Denbora galdu gabe baietza eman eta elkarrizketarako hitzordua jarri genuen.

Eseri, grabagailua martxan jarri eta serio arraio bota zidan lehen galdera: «Zein uste duzu dela independentziarako biderik egokiena?». Estatu espainolak eta Estatu frantsesak herrien autodeterminazio eskubidea onartu beharko luketela adierazi nion. Ondoren galdeketa egiteko eskubidea onartu, galdetu eta euskal herritar gehiengoak baietza ematea. Hori litzatekeela demokrazian biderik egokiena, baina gaur-gaurkoz baldintza horiek betetzen ez direnez euskal lurraldeek independentziarako bidea egunerokotasunean lantzen jarraitu beharko luketela.

Nafarroa Euskadin txertatzea ala erabakitzeko eskubidea gauzatzea litzateke garrantzitsuagoa? Nafarroaren anexioa ez dela bidea jakinarazi nahi izan nion. Nafarroak eta Euskal Autonomi Erkidegoak (“Euskadi” bere hitzetan) beren bidea egin behar dutela eta erabakitzeko eskubidea bitarteko, noizbait Ipar Euskal Herriarekin batera independentziarako hautua egitea litzatekeela desiragarria, inoren inposiziorik gabe eta eremu politiko bakoitzaren erritmoa errespetatuz. Zergatik uste duzu Estatu espainolak ez duela erreferendumik onartzen? Ba noizbait galdeketa hori independentistak irabaztearen beldur delako.

Independentziaren ondorengo estatuz ekonomikoaz eta Estatu independenteak Europan izango lukeen lekuaz galdetuz jarraitu zuen elkarrizketak.

Amaitu eta gero, Arnaldok, herri honek independentzia bidean duen geldotasunaz esandakoak etorri zitzaizkidan gogora. Hala ere, gaztetxoek independentzia lortzeaz zalantzarik ez dutela eta normaltasun osoz beren pentsamoldea garai berri horiek begiz joak dituztelakoan amaitu genuen. Badago itxaropenerako tokirik. Etorkizuna Markel bezalako horiena guztiena izango da. Har dezatela lekukoa. •