Oihane Larretxea de la Granja

MUNTO, ERRUTINAK ERAIKITZEN

Donostiako Aiete auzoan dago Munto egoitza. Profesionalen laguntzarekin, eta konfiantzan oinarritutako elkarbizitzan, bertan bizi direnei errutina bat izaten laguntzen zaie, baita dituzten gaitasunak indartzen eta errekuperatzen ere.

Asteartea da eta laster bazkal ordua da. Muntoko jangelan batzuk platerak jartzen ari dira, beste batzuk terrazan daude, zigarreta erretzen, eguzki izpiak aprobetxatzen dituzten bitartean. Eskaileretan behera goaz. Tailerretarako erabiltzen den gelan eskulanetan ari dira beste batzuk, Osvaldok gure argazkilariarekin berriketaldiari ekiten dioenean. Bera izatez ere argazkilaria da, beraz, badute zertaz aritu. Muntoko bisita amaitu aurretik Osvaldok atera ditu saioaren azken argazkiak.

2012ko uztailean zabaldu zituen ateak Muntoko egoitzak. Gaur egun, erresidentzia bezala eta eguneko zentro bezala funtzionatzen duen eraikin dotore honetan 42 pertsona daude, erdia bertan bizi dira eta beste erdia egunez joaten dira, erregimenaren arabera. Gehienak gizonak dira, baina beste egoitzetan dagoen emakume kopurua baina handiagoa dago bertan.

Nerea Kortajarena Emaus elkarteko gizarte arloko zuzendariak azaltzen duenez, modu pertsonalizatuan artatzen dituzte erabiltzaileak. «Arreta integrala da, horregatik bakoitzak bere plangintza eta ibilbidea ditu. Hamaika profesional daude guztira», kontatu du.

Eguneko zentroan daudenek ekintza asko egiten dituzte: josketa, sukaldaritza, alfabetatze digitala, eskulanak, gaitasun sozialen lanketa eta altzarien zaharberritzea, besteak beste. Bertan bizi direnek, bestalde, egunean zehar beste programa edo proiektu batzuetan hartzen dute parte, eta baten batek bere enplegua ere badu. Denbora librean gustuko dutena egiten dute. «Asmoa pertsona hauei errutina bat ematea da, azken helburua ez da lanpostu bat lortzea, baizik gaitasunak trebatu eta beste berri batzuk ikastea. Baliabideak ematea, treba daitezen». Erantsi du «normaltasunean oinarritutako bizimodua» eman nahi zaiela, «egunerokotasun bat eman, bakoitzari bere istorio eta xelebrekeriekin».

Eraikina oso argitsua da, leiho ederrak ditu eta eguzkia bete-bete sartzen da espazio guztietan. Banako gelak dira, bakoitzaren intimitatea asko errespetatzen delako, eta partekatu egiten dituzte jangela, komunak eta dutxak. Dena oso garbi dago, oso txukun. Giroa atsegina da, han eta hemen jendea berriketan entzuten dugu, mugimendua dago. Hitz batean, bizitza dago barruan.

Bertara heltzen direnen bizitzak ez dira epaitzen; arrazoi batengatik edo besteagatik daude Munton. Atea gurutzatzen duten momentuan bat gehiago dira. Egonaldiak ertain-luzeak direnez, urte batzuetakoak, familia handi bat dira, denboraren joan-etorriarekin harremanak ehundu egiten baitira, jakina. «Emozionalki gabeziak dituzte, hemen konfiantza eta segurtasuna lantzen ditugu». Adibidez, Munton ezer ez dago giltzapean, eta libre dira egunean zehar eraikinetik sartu eta ateratzeko, pertsonaren fede onean sinesten delako. «Elkarbizitza eman behar da, eta horretarako konfiantza landu behar da. Ez dago arrazoirik pentsatzeko ez dituztela gauzak eta dauden arau bakanak errespetatuko», argudiatu du.

Inklusioa eta duintasuna

Emausen oinarrian dauden bi kontzeptu gogorarazten ditu Kortajarenak: harrera eta loturak. Pertsonen artean sortzen diren harremanak eta loturak aipatzen ditu profesional honek. Zaila omen da hitzekin azaltzea. Bakardadea sufritu dute pertsona askok, eta hori bete beharreko hutsune handienetako bat da.

«Pertsonak dira, proiektuak dituzte, edonork bezalaxe. Emateko asko dute eta oinarrian gauza bat baino ez dute nahi: zoriontsu izan. Horretan laguntzen diegu», defendatzen du, auzoan eraikina bertan irekiko zela iragarri zenean sortu zen iskanbila gogoratzen duenean. Denborak erakutsi du ez dela ez istilurik sortu, eta elkarbizitza, auzotarrekin, erabatekoa dela.

Programak fruituak eman ditu. Erabiltzaileen bizimoduak hobetu egin dira, eta lorpen txikiak eta handiak egon dira. Harrotasun handiz mintzatzen da Kortajarena Muntoz. Batzuek enplegua ere lortu dute eta beste batzuek bizitza autonomo baten esperientziak izan dituzte.

«Inklusio» hitza erabiltzen du behin eta berriz, «integrazioa» beharrean. Adibidetzat, Antigua auzoko Antiguotarrak euskal dantza taldearekin abian jarri duten proiektua. Muntoko kideek buruhandiak egingo dizkiete San Joan jaietarako eta trukean dantza ikastaro bat jasoko dute egoitzan. «Harremanen mailan osagai garrantzitsu bat dauka ekimen honek, auzolanak duena. Inklusioa ez da norabide bakarreko mugimendua, guztiok gara komunitate, eta guztiok dugu zer eman eta jaso».

Orain gutxi Deustuko Unibertsitateak antolatu zuen argazki lehiaketa batean epaimahaikide izan ziren, beste adibide bat ematearren.

«Duintasuna» da aipatu gabe utzi nahi ez duen beste kontzeptua. Oinarrizko eskubidea dela gogoratzen du. Eta buruan beste ideia bat duenak ez du Muntoko egoitza berehala topatuko: dotorea da, kristal zabalak ditu, eta etxe panpoxez inguratuta dago. Ez dute gutxiago merezi.