Laura Mintegi

Politika laikoaren aldarrikapena

Laikoa da, izatez, independentea; biak ala biak sinonimoak dira. Laikoa da ezein antolakuntza edo fedetik kanpo dagoena. Laikoa da erlijio batekin edo talde konfesional batekin loturarik ez duena. Etimologiari begiratzen badiogu, laiko hitzaren jatorria grekozko laikós da, hau da, “herriko norbait”.

Kontzeptua interesgarria da, politikagintza instituzionalak prestigioa galdu duenetik alderdi politikoak ari baitira laikotasun uneak erakusten une puntualetan, erakunde zehatzetarako hautagaia izendatzen dutenean esaterako. Egitura zurruna izan eta kontrol ideologiko zorrotza eduki arren, alderdikide ez dena bilatzen dute hautagai izan dadin, pertsona horrek alderdiari eman diezaion, antza, honezkero kideek galdu ei dutena: izaera independentea, pentsamendu propioa, iritzi berezkoa, jarduera pertsonala. Hautagai independentearen bilaketa lizun horren kariaz egin daitekeen irakurketa arriskutsua da, nola edo hala adierazten ari baitira alderdikideak dependenteak direla, politiburoaren diziplinaren menpe daudela eta ez dutela autonomiarik alderdian. Kanpokoen izaera independenteari balioa ematean, zeharka etxekoen dependentzia aitortzen da, eta zenbat eta gehiago txalotzen den fitxatuaren independentzia, orduan eta gehiago indartzen da alderdikideen independentzia eza.

Seglarra edo legoa bilatzen den heinean, akolitoa aitortzen da de facto. Alderdiek doktrina ezartzen dute, beraiek finkatzen dute sinesmena eta kideari fededuna izateko exijitzen zaio, doktrinari leiala eta agintaritzarekin esaneko. Leiala izan ezean ikonoklasta da kasurik onenean, bertso librea bestela, eta, txarrenean, traidorea.

Gizarte konfesionalean bizi izan garenok (frankismoan eta frankismondoan), jakin badakigu zenbateko kostea duen ateoa izateak. Beti du ordaina.

Laikotasuna politikagintzara eramateak, ordea, baditu abantailak. Lehena da politikaren feminizazioa. Erlijioan eta armadan bezalaxe, alderdi politikoetan ere agintaritza nagusiki maskulinoa da. Oinarrietan masiboa den emakumeen presentzia gutxituz doa boterearen piramidean gora egin ahala. Hautagai independentea bilatzen denean, ordea, emakumea bilatzen da, nahiz eta ohiko egituran apenas emakumerik ez dagoen goiko karguetan.

Alderdiak desakralizatzen badira eta herri mugimenduen egitura bereganatzen badute, berezkoa izango da politikaren feminizazioa, oinarrian dauden militanteen artean emakumeen portzentajea altuagoa baita gizonezkoena baino. Esan nahi dut helburua ez dela emakume gehiago igotzea piramidearen goialdera, baizik eta piramidea kimatzea, tontorra kentzea eta erabakimena oinarriari ematea. Horizontaltasunean dago feminizazioa.

Alderdi politikoen egitura eklesiastikoa kenduta eta bertikaltasuna ezabatuz, aukera-berdintasuna ere areagotzen da eta sarbidea ematen zaie herritarrei politika instituzionalera. Hautagaiak aukeratzeko irizpideak lotuago leudeke gaitasunekin kupoekin baino, proiektuarekiko konpromisoarekin egiturari egindako zerbitzuekin baino.

Lehengo egunean interes handiaz entzun nion Arnaldo Otegiri esaten bera ateo politikoa dela. Beste zerbaitez ari zen. Esan nahi zuen ez duela sinesten Espainia demokratizatu daitekeenik.

Ni ere ateoa naiz, bera bezala. Nik ere ez dut sinesten Espainia demokrata bihurtu daitekeenik errotiko aldaketa egin ezean. Eta ateoa naizen heinean, sinesgabea ere banaiz alderdien sakralizazioaz. Laikotasuna aldarrikatzen dut, feminizazioa errazteaz gain, justuagoa delako, demokratagoa; aukera-berdintasuna hobeto bermatzen du eta ezkerraren ideologiari egokiago lotzen zaio. Zeren, bada marka, gero, eliza eta armada deitoratzen duten alderdiek elizaren eta armadaren hierarkia, autoritarismoa eta genero bazterketa bera agertzea. •