Nerea GOTI
Elkarrizketa
VirginiaImaz
pailazoa

«Sudur gorria jartzea dagoen sendagarriena da, afrodisiakoa; bizitzarekin konektatzen nau»

Virginia Imaz (Donostia, 1962) pailazo profesionala da 1988tik. Oihulari Klown antzerki taldeko fundatzailea da, ipuin kontalaria, idazlea, aktorea... eta barrearen balio terapeutikoaren eredu.

Arrigorriaga da asteburu honetan pailazoen herria, 21. urtez jarraian. Hitzordu horretara jarri da begira GAUR8, barre egiten laguntzen diguten horien lanbidera hurbiltzeko asmoarekin. Clown- en mundurako bidaia honetan emakume pailazo bat izan dugu gidari. Virginia Imaz du izena, eta “Trostan” ikuskizunarekin zaldi biren istorioak eramango ditu Arrigorriagako kaleetara. Kontatu du sudurra janztea ez zela batere erraza izan, Bataklownen aparteko eskola bat aurkitu zuela, norberaren buruaz barre egiten ikasteko proposatu ziona, eta pailazo izateak erabateko askatasuna eman diola. «Nire haurtzarotik aldez aurretik erbesteratua izan ostean etxeko betebehar amaiezinengatik, jolasa nire lanbide egin nuen, eta plazera eta barrea nire kredo», idatzi zuen behin.

Arrigorriaga bezalako udalerri txiki batean 21 urte betetzen dituen nazioarteko «clown» eta pailazo jaialdia ospatzen ari da. Ez da oso ohikoa, ezta?

Ez da, ez. Guztiz kontrakoa, nahiko ezohikoa da, eta askoz gehiago garaiotan. Jaialdi hau 21. ediziora heldu bada, zalantzarik gabe, Arrigorriagako Udalaren Kultura Departamentuari esker izan da, baita jaialdiaren alde apustu egiten duen borondate politikoari esker ere.

Zer suposatzen dute horrelako hitzorduek?

Gurea bezalako clown konpainia batentzat publiko bezala ez galtzen saiatzen garen urteroko hitzordua da. Beste konpainiekin bat egiteko aukera da, formazioa lantzeko, inspiratzeko, eta, edizio honetan gertatuko den moduan, gure azken produkzioa, “Trostan” ikuskizuna, publiko zorrotz baten aurrean aurkezteko aukera. Izan ere, 21 urte betetzeak irizpide ona duen eta clown jolasak maite dituen publiko eskuzabal bat izatea dakar.

Esan bezala, «Trostan» ikuskizuna estreinatuko duzue Arrigorriagan. Zer aurrera zenezake buruz publikoaren hortzak zorrozteko?

Familia publikoarentzako espektakulua da, testurik gabe, kalean zein aretoan egin daitekeena. Clown kodeko proposamena da, hori bai, sudur gorririk gabe. Hala, parte hartzen duten bi pailazoek euren buruak hiltegian dauden bi zaldiren azalean jartzen dituzte. Euren istorioa gogoratzen dute, nola “etxekotu” zituzten. Bat lehiarako “militarki” hezitako zaldia da, gaztea eta zikiratua, zauri bat jasan duena; eta, bestea, zaldi zaharra, bizitza osoa baserri batean lanean pasa duena, gogor lan egin beharra izan duen arren maitasunez tratatu dutena. Hezkuntzari eta gure arteko harremanak eraikitzeko moduari buruzko metafora bat da azkenean, hausnarketarako gonbita egiten duen jolas.

Oihulari Klownen sormenetan oso presente egoten da beti genero ikuspegia. Nondik dator interes hori eta zer bilatu nahi duzue mezu horrekin?

Oihulari Klown antzerki konpainiako zuzendaria naiz, Jose Carmelo Muñozekin batera. Ni izan nintzen honekin hasi zena, eta, hasiera batean, nire buruaz barre egiten hasi nintzen, nire konplexuez eta kezkez arituz emakumezko baten gorpu batetik, munduan egoteko forma batetik. Berehala, “emakumeen gauzak” egiten zituen pailazo bezala etiketatu ninduten, berez nahiko diskriminatzailea dena eta kultur ghettora bideratzen gaituena. Gauza da bizi ahal izan dudala bereziki emakume elkarteek, talde feministek eta talde pedagogikoek preziatu duten eta ni neu erabat bete nauen lana eginez. Eta hori harrotasuna eta plazera da niretzat. Hala ere, nire esperientziaren arabera, nire espektakuluak ikusten datozen gizonek ere barre egiten dute nirekin. Penatzen nauena da konpainian hamabi lagun gaudela, eta, “Trostan” bezalako espektakulu batean adibidez, agertokian bi gizon azaltzen direnean nire lanaren gainean dagoen etiketa hori jasaten dutela. Ikuskizun guztietan genero aspektuak zaintzen ditugu mundu inklusibo batean eta berdintasun aukeretan sinesten dugulako. Gure espektakulu batzuetan, gainera, neskak baino ez gara azaltzen eta gure buruez egiten dugu barre.

«Clown»-a eta pailazoa gauza bera al dira?

Egun, herri mailan, “clown” eta “pailazo” hitzek gauza bera izendatzen dute, baina teknikoki clown-a zirkuko pailazo azkarra da, “aurpegizuria” bezala ere ezaguna dena. Herri hizkuntzan duela 30 urte “pailazo” hitza hain debaluatua zegoenez, antzerki munduarekin edo kalearekin baina ez zirkuarekin lotutako pailazo mota bat bilatzen zutenek, ez bakarrik haurrentzako baizik eta publiko helduarentzat, “pailazo” izena hartu beharrean “clown” izena hartu zuten, batez ere garai hartan Euskaditik kanpo frantsesez eta ingelesez pailazo clown esaten zelako. Bazirudien hizkuntza horietako hitz batek lanbideari prestigio handiagoa ematen ziola eta suposatzen dut horregatik egin genuela, baina nik gero eta gehiago aldarrikatzen dut “pailazo” hitza gure gremioarentzat.

Pailazoa magoa da, errealitatetik atera eta dena posiblea den mundu batera gidatzen gaituena, ikusteko gai ez garena ikustarazten diguna...

Bai, pailazo on bat olerkari bat da errealitatean; beste mundu batzuk eraikitzen ditu eta imajinarioan zehar gidatzen gaitu, arriskurik gabeko imajinario batetik, non zaurgarri senti gaitezkeen, dorpe, lelo, eta, aldi berean, baita tirano, asmotsu... Clown ofizioak xaman lanetik ere badu. Barreak osatu egiten gaitu, handiustea sendatzen du, erlatibizatzen laguntzen du, gauzak tokian ipintzen.

«Clown» baten samurtasunak barretik negarrera eraman dezake ikuslea. Zer etortzen zaizu burura une horietan?

Noski, baina clown jolasa ere bada hori; barreak ezin du urrun ibili, pailazook hunkitzen saiatzen gara eta horrek emozioak mugiaraztea esan nahi du, emozio guzti-guztiak.

Ahotsa, keinu bidezko komunikazioa, begirada... zelan pizten du publikoaren arreta pailazo batek?

Clown kodea maskara antzerkia deritzonaren parte da, gure kulturan commedia dell´arte, bufoi eta clown-ek osatzen dutena. Maskara antzerkian garrantzitsuena ez da hitzezkoa, baizik eta keinu bidezkoa, ahozkoa, egoerazkoa... Horregatik, gorpu biziaz hitz egiten dugu, asko esaten duen gorputz batez, nahiz eta batzuetan hitz egin ez. Maskara antzerkian begirada oinarrizkoa da. Begiradarekin ohiko antzerkiaren laugarren horma apurtzen dugu. Clown-ok badakigu publikoa hor dagoela, ez dugu ez dagoela imajinatzen. Aurrez aurre begiratzen dugu, inozentziaz, gure begiradan sartzen dugu. Esaten da clown baten heldutasuna publikoarekin konpartitzen duen begiradaren kantitate, kalitate eta berotasunean nabaritzen dela.

Azken urteetan lanbidea oso lotuta egon da gizarte proiektuekin. Erakundeen bidez edo norbanako modura pailazo asko dabil munduan zehar negarra dagoen tokian irribarreak sorrarazten. Nola ikusten duzu hori? Beti egon behar al du mezuak tartean?

Umoreak, gizakien beste produkzioek bezala, ideologia dauka; ez da neutroa, kargatuta dago eta jotzera jaurtitzen du. Horregatik, nahiago dut hunkitzeaz gain pentsarazten duen umorea, mezua daukana, baina kontu handiz ibili behar da panfletario ez bilakatzeko, horrek artea hiltzen duelako eta gainera erresistentzia asko eragiten dituelako. Oso garrantzitsua da jolasa argigarria izatea, ideien aurretik joan dadila, ez alderantziz. Bestalde, konpainian oso interesatuta gaude ospitaletako clown-ean eta sarritan sentsibilizazio kanpainetan egin dugu lan bai hemen bai atzerrian. Gustuko dut gizarte laguntzan parte hartzea, baina gero eta kritikoagoa naiz horrekin. Kontua ez da edozein gauza egitea, eta batzuetan sartu gara oso asmo onekin baina elefante baten modura txatartegi batean. Nolabaiteko kultura kolonialismo bati lotzen gaituzten ekimenekin bereziki adi egon behar dugu.

Aurrekoarekin lotuta, lanbideak bertute terapeutikoa dauka?

Erabat. Lehen esan bezala, umoreak erlatibizatzen laguntzen du, gure neurona-konexioetan zirkuitulabur bat suposatzen du. Desarmatzen gaitu. Umore senak zorroztasun fisikoa, mentala eta emozionala kentzen dizkigu, jasanberago eta errukiberago egiten gaitu orokorrean. Irriak berez onura zenbatezinak ditu, zientifikoki egiaztatuak, bai gure osasun fisikoan, bai mentalean, bai emozionalean eta baita sozialean ere.

Sudur gorri bat jarri eta antzeztea ere terapeutikoa da?

Dagoen sendagarriena da niretzat. Publikoaren barreak biziki konektatzen nau bizitzarekin, plazerarekin, unean uneko lekuarekin eta orainarekin. Biziki afrodisiakoa da. Nolabaiteko jolasa ere bada clown-a; hala, gure konpainian aurrez zehaztutako espektakuluak baditugu ere, inprobisazioa ere asko maite dugu. Horren erakusle dira ospitaletako saioak, kale animazioak, clownclusiones saioak... Izan ere, uste dugu bat-batekotasuna clown jolasaren lehentasunezko dimentsioa dela. Inprobisatzen duzunean, batzuetan trantze baten parekoa da. Beti zaude erabilgarri, zabalik, jolasteko libre. Sentsazio liluragarria da.

Itzul gaitezen gure herrira. Lanbiderako garai onak dira?

Gero eta pailazo gehiago dagoela uste dut, eta daudenak gero eta hobeak direla. Hori bai, profesionalizazioa oraindik ere zain dugun erronka da. Ez dira garai onak eszenatik bizitzeko, baina jolasteko, barre egiteko inoiz baino behar handiagoa dugu. Arrigorriagako jaialdia, Umore Azoka edo Durangoko Topaklown bezalako ekimenei esker, gurea bezala sudurra esploratzen 30 urte baino gehiago daramatzaten konpainiei esker, gero eta jende gehiagok ematen du izena berezko komizitatea bilatzeko ikastaroetan, edo, antzerkia gustuko ez badu ere, clown ikuskizunekin gozatzen du.

Nolakoa da pailazo baten lan ibilbidea?

Galdera horretan berez bi daudela uste dut. Lehenak zerikusia izango luke formazioarekin. Pailazo batek, eszeptikoki hitz eginez, gutxienez 600 “sudur ordu” izatea komeni da. Pilotuek hegaldi orduez hitz egiten dute, biolin jotzaileek entsegu orduez eta kontzertuez, eta guk sudur orduez. Hau da, formazio, inprobisazio eta aktuazio orduez hitz egiten dugu. Pailazoak trebakuntzarik jaso ez badu, sormen lana neketsua da; denbora luzea ematen du horretan, frustragarria da eta ez du arrakasta gehiegirik izaten. Pailazoak trebakuntza jaso duenean, ikuskizun baten sorrera azkarra izan daiteke, bi eta sei hilabete beharko ditu, musika, atrezzoa, eszenografia... barne. Hala ere, guk ez dugu inoiz testu baten gaineko ikuskizunik sortzen, maskara antzerkian ahozkoa ez delako funtsezkoena eta oso mugatzailea izan daitekeelako. Guk inprobisazioak egiten sortzen dugu, jorratu nahi dugun gai eta musika zehatz batekin... Betiere objektu baten inguruko jolasetik abiatuta. Inprobisatzen, testua baino interesgarriagoak iruditzen zaizkigun jolasei forma ematen diegu apurka-apurka eta testua, dagoenean, sortzen dugun azkena da.

Non saltzen da «clown»-en proposamen artistikoa?

Funtzionatzen 30 urte eman ondoren, gure kasuan jendeak ezagutu egiten gaitu. Leku batzuetatik bizpahiru urtetik behin deitzen gaituzte gure azken sorkuntza zein den galdetzeko. Gure ohiko bezeroak, berriz, jakinaren gainean jartzen ditugu. Horrez gain, sorkuntza berriak aurkezteko kanpainak ere egiten ditugu. Oro har gure lana ezagutzen dutenez eta gugan konfiantza dutenez, gehienetan programatu aurretik ez dute ikusteko beharrik.

Lan egiteko, kalea ala aretoa?

Pailazo modura aritzeko nahiago aretoa; dispertsio txikiagoa dago, publikoak hobeto entzuten du eta babestuago sentitzen naiz. Baina konpainiako batzuek nahiago dute kalea, non areto batera antzerki bat ikustera sartuko ez litzatekeen jendea aurki dezakezun. Kaleak beste energia bat du, beste zabaltasun bat; haustura handiagoa ematen du.

Pailazo ikuskizunekin gozatzen duen herria da gurea edo egia da leporatzen diguten seriotasun hori?

Egia da umore senak zerikusia duela kultura ezberdintasunekin, klimarekin, argiarekin, harreman ohiturekin... Euskal Herriak asko sufritu du. Familiak “ez-egotez” beterik daude (itsasoan, artzaintzan, migrazioa, iheslariak, kartzelatuak, errepresaliatuak...) eta batzuetan dibertitzea, barre egitea traizio modura bizi daiteke; bizi izan dugun identitate sufrimenduari desleialtasun gisa uler daiteke. Zorionez, gauzak aldatzen ari dira eta gero eta jende gehiagok defendatzen du alaitasuna lubaki baten modura, erresistentzia ekintza gisa.

Zein da pailazoen paradisua? Aretoa beteta aurkitzea? Ikuskizunean berehala sartzen den boluntarioa aurkitzea...?

Publiko “txar” bakarra ez dagoena edo ez datorrena da. Lan egiteko baldintza teknikoak egokiak baldin badira, edozein saio erabateko gozamena izan daiteke. Publikoa konplizea da beti, boluntario gisa gurekin jolastera eszenara ateratzen ez badugu ere. Nire helburua jolastea eta nire plazeraz arduratzea da. Jolasten dudanean publikoa jai batera gonbidatzen dut.