Iñaki Soto

Hegoafrikara begiratuz gero, begiratu zurien borrokari

Sarriegi, Mendebaldeko prozesu askatzaileei buruzko literaturan –igual dio iritzi artikulu bat edo ponentzia bat izan–, beltzen segregazioari buruzko aipamenak eta hauek gure borrokekin omen duten funtsik gabeko lotura zuzenak azaltzen dira. Baita gure artean ere, noski. “Big Lebowski”-ko Walter Sobchak-en «harreman zuzena dago» esaldia gogora etortzen zait holakoetan.

Adibidez, noizbait aipatu dut, Euskal Herrian gertatutako segregazio politikoa –batez ere ilegalizazio prozesuen bidez milaka herritarren eskubide zibil eta politikoen urraketa suposatu zuena–, guztiz salagarri eta tamalgarria izan arren, ezin dela Hegoafrikako apartheid sistemarekin konparatu. Ziur asko, euskal auzian tortura da mundu mailan bere horretan azpimarragarria den auzi bakarra. Tamalez, askapen prozesu horien artean, euskal herritarrei sistematikoki egindako tortura da ranking anker horretan lehiatu dezakeen auzi bakarra.

Internazionalismoa eta inspirazio militantea oso garrantzitsuak dira mugimendu askatzaileentzat. Eredugarriak diren borrokak eta borrokalariak ezagutzea eta haien irakaspenak kontuan hartzea beti izango da onuragarria, nola ez. Esajerazioa eta iruzurra, ordea, zeharo arriskutsuak dira, bai desbideraketa ideologikoa ekar dezaketelako, bai idealismoa bere adierarik txarrenean sustatzen dutelako. Garaipenerako aukerak eta are eta borrokarako aukerak ere zailtzen dituzte. Erredukzionismoa ere hor nonbait sortzen da: «gauza (txar) guztiak gauza berbera dira», mailaketarik gabe. Hortik eratortzen den eskema politiko binaristak, absolutua eta printzipialista (ona eta txarra ehuneko ehunekotan banatzen dituena), politikatik baino gehiago du moraletik. Aipatu dugunez, hortik sektarismora bi minutu daude.

Gure borroka legitimatuko duten ereduen bila, borrokari ez baizik eta borrokalari eredugarrien baldintzei begiratzen zaie sarri. Hartara, ginkana moral horretan, borrokaren funtsa ez da askapenaren alde urratsak eman dituen horren eredua jarraitzea, baizik eta zapalkuntzarik latzena eta multifaktorialena duen gizon edo emakumea bilatzea. Gure posizioak legitimatzeko, betiere. Gainera, bilaketa antzu horretan, ergel batekin egin dezakegu topo, izan ere zapaldua izateak ez baitu zapaldua ez izateko ez desioa eta are gutxiago estrategia, gaitasuna edo grina berekin ekartzen. Logika horri jarraituz, printzipioz zapaldua ez izateak ez zaitu zapaltzaile bihurtzen. Engel eta Marx horren adibide dira.

Horregatik, moratoria gisa, Rosa Parks, Nelson Mandela eta enparauak lasai uztea proposatzen dut. Ez dut ez aipatzeko eskatzen, inondik inora, baizik eta gure eguneroko auzi bitxiekin ez konparatzeko, ez bada auzion artean dagoen alde nabarmena aipatzeko. Izan ere, horrexegatik dira hain eredugarriak, komunak ez direlako, milioien artean bakarrak direlako. Bibotea margotuta ere, edonor ez da Nietzsche, zin dagizuet.

Joe Slovo, gure laguna da; Ruth First, gure laguna da…

Ereduen bila hasita, gu, maila batean edo bestean, kategoria batean edo bestean pribilegiatuak garenok, egitate sinple hau onartzearekin batera, badugu nora begiratu. Adibidez, berdintasunaren alde eta segregazioaren aurkako borrokan, Hegoafrikako militante zuriek egindako borroka aztertzea benetan interesgarria iruditzen zait. Alderdi Komunista, South African Congress of Democrats (ANCrekin adostuta soilik zuriek osatu zutena), aurrerago sortuko zen United Democratic Front-a (Black Consciousness Movement-arekin bat ez zetorrena mistoa izateagatik) edo boikota egiteko mundu anglosaxoian sortu zen apartheid-aren aurkako mugimendua, adibidez, eredugarriak dira beren praktika politikoan eta guretzat bereziki interesgarriak dira beren gogoetetan.

Joe Slovo, Ruth First edo Ronnie Kasrils-en borrokaren balio nagusia ez baita jaiotzez zituzten pribilegioei uko egitea, baizik eta pribilegio horien aurka, berdintasunaren eta askatasunaren alde, bizitza osoan lan egitea. •