Maider Iantzi Goienetxe
Elkarrizketa
ImanolMontoya Arroniz
estatistikaria

«Bizitokiaren arabera asko aldatzen da hiltzeko arriskua. Hori zuzendu behar dugu»

Desberdintasun sozioekonomikoei egozten ahal zaizkien heriotzak aunitz direla frogatu du. Gizonen kasuan, batez beste egunean bi heriotza dira EAEn.

Lehendabiziko aldiz, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan bizitokiaren eta hiltzeko arriskuaren artean dagoen erlazioa agerian jarri du Imanol Montoya Arroniz estatistikariak, datuak emanez eragina zenbatekoa den azalduz, gainera. “EAEko eremu txikietako heriotza-tasan desberdintasun sozioekonomikoek duten bilakaera” izena du EHUn, Lakuako Osasun Sailarekin lankidetzan, ondu duen tesiak.

GAUR8ri kontatu dionez, 2011n ekin zion lanari, eta iaz bukatu zuen. Baina lehenagotik dabil gasteiztarra lanean arlo honetan, 2005etik Euskal Herrian eta 2002tik Irlandan. Bertan ikasi zituen metodo guztiak eta hona itzuli zenean estatistikako aholkulari gisa hasi zen Lakuako Osasun Sailean. «Ikerketa mota hauek egiteko interesa zuten, eta kasualitatez ni agertu nintzen metodo hauen ezagutzarekin». Geroztik ikerketa ildo honetan lanean aritu dira eta gauza aunitz deskubritu dituzte. Bertzeak bertze, elkarrizketa honetan azalduko dizkigunak.

Eremu txikien ikerketa

Eremu txikiak aztertzeko estatistikako metodoak baliatu ditu. «Udalerri batean hainbat errolda-atal dago. Gasteizen, adibidez, 200 daude. Hirietan, auzoak baino txikiagoak diren area geografikoak dira. Auzo batean bospasei errolda-atal egon daitezke. 1.000-3.000 biztanle izaten dituzte, gauza asko konpartitzen dituzte eta, hain txikiak izanik, metodo estatistiko sofistikatu samarrak eskatzen dituzte aztertzeko», esplikatu du. Horiek aplikatzen ikasi zuen Montoyak Irlandan, eta horiek erabili ditu hemen ere.

Bi denbora tarte aztertu ditu, 1996-2001 eta 2002-2007. «Tesia hasi nuen momentuan 2007koak ziren kalitate oneko hilkortasun datuak, errolda-ataletan sailkatuta zeudenak. Orain baditugu geroagoko datuak, baina orduan ez. Bi aldi horiek hartu genituen, batetik, bizitokiaren eta hilkortasunaren artean erlaziorik zegoen ikusteko eta, bestetik, lotura hori aldi batean eta bestean berdina zen jakiteko».

Begiak itxi gabe

Dioenez, bizitokiaren eta hilkortasunaren arteko harremana ezaguna da munduko bazter guztietan. «Gune batzuetan hilkortasun gehiago dagoen susmoa jende guztiak du. EAEn hori hala dela frogatzea zen gelditzen zitzaiguna, eta hala egin dugu».

«Orain jada ez, baina Euskadin beti eman den mezua izan da oso ondo gaudela, hoberenak garela, gure osasuna sekulakoa dela… eta egia da, baina ezin ditugu begiak itxi gure komunitatean gertatzen ari denaren aurrean», aldarrikatu du.

Bertze herrialde batzuetan, gauza hauek ikertzeko ohitura handia dutenak (Ingalaterra, Suedia, Irlanda…), bizitokiaren eta heriotzaren arteko harremana urtetan aztertu da. «Guk egin dugun bakarra Euskadin bizitokiaren arabera desberdintasunak dauden ala ez frogatzea da. Baietz pentsatzen genuen, adibidez Ezkerraldea gogoan, labe garaiak egon diren tokia. Badakigu bertan gizonengan biriketako minbizia askoz handiagoa izan dela beste tokietan baino, eta hilkortasun tasa handiagoa dela suposatzea ez da oso zaila ere… Baina gauza bat da suposatzea eta beste bat zenbakitan ematea, kuantifikatzea. Zenbat? Zein kausagatik? Non? Hori da zaila eta horretan saiatu gara».

Bost adierazle sozioekonomiko

Ikertutako area geografikoak kategoriatan banatu zituzten, errolda-atalak mesedegarrienetik egoera okerrena dutenetara sailkatuz. Bost talde egin zituzten, honetan erreferentzia diren herrietan baliatzen den indize bat erabiliz. Honekin Eustatek ematen dituen hamabost bat adierazle sozioekonomiko hartu, zeintzuk ziren egokiak ikusi, eta kategoriak egiteko baliagarrienak zirenak aukeratu zituzten. Bost hautatu zituzten azkenean: esku-langileen ehunekoa, langabezia-tasa, aldi bateko langile soldatapekoak, heziketa urria eta gazteen heziketa urria.

«Ez dira justu adierazlerik inportanteenak, baina ikusi genuen bosten uztarketak hagitz ongi ezaugarritzen zuela eremu geografiko bakoitzaren maila sozioekonomikoa. Hala lortu genuen jakitea zein sekzio diren mesedegarrienak eta zein egoera txarrena dutenak».

Bizitoki onenak eta txarrenak

Bizkaian, egoera okerrena dutenen artean daude Ezkerraldea eta Bilbo hegoaldeko errolda-atalak –Basurtu, Errekalde, Ibaiondo eta Begoña auzoetan–. Gipuzkoan, Pasaia, Errenteria eta Soraluze, baita Hernaniko eta Andoaingo sekzio batzuk ere.

Araban, Gasteizko Pilar, Zaramaga, Ali-Gobeo, Abetxuko, Alde Zaharra eta Adurtza ageri dira, baita Agurain ere. «Ni gasteiztarra naiz eta hau logikoa da. Jendeak ongi daki. Fabriketara lanera joaten zen jendea biltzen den auzoak dira». Faktore ugari dago eta industria horietako bat da. Area baten maila sozioekonomikoa kategorizatzen da, bertzeak bertze pertsonen egoera sozioekonomikoa eta inguruan dauden ekipamenduak kontuan hartuz.

Gune mesedegarriei dagokienez, Bizkaia osoan zabaltzen dira, baina Bilboko Erdialdea, Bilbo Handiko Eskuinaldea, Plentzia eta Mungia nabarmentzen dira. Gipuzkoan, Donostiako Erdialdea agertzen da, baita Zarauzko, Irungo, Hondarribiko eta Zumaiako sekzio batzuk ere. Araban, Gasteiz hegoaldean daude; Mendizorrotza, Ariznabarra, San Martin, Lobaina eta Erdialdea dira.

Generoaren araberako aldeak

Bai emakume eta bai gizonentzat bizitokiaren arabera hiltzeko arriskua izugarri aldatzen dela ikusi du Imanol Montoyak, baina egia da gizonen kasuan aunitzez nabarmenago ageri dela aldea. Agertu duenez, honen arrazoia da erabili ohi diren adierazleek hobeki islatzen dutela gizonei gertatzen zaiena emakumeei gertatzen zaiena baino. «Oso ondo kategorizatzen ari gara errealitate maskulinoa, baina ez femeninoa».

Horrekin lotuta, Estatu espainiarrean denbora da emakumeen egoera hobeki islatuko duen indize bat kalkulatzeko modua aztertzen ari direla. Ikerketa lerro bat horretan lanean ari da.

Baina oraindik indize hori ez egoteak ez du erran nahi, aipatu bezala, ez dela desberdintasunik sumatzen hilkortasunean bizitokiaren arabera. «Daukagun indizea ez da behar bezain potentea emakumeen errealitatea agertzeko, baina maskulinoagoa izanda ere, ezberdintasunak aurkitu ditugu».

Hiltzeko kausak

Hilkortasuna orokorrean aztertu zuten, kausa guztiekin, eta ondotik, hamasei kausa hartu zituzten, bai emakume eta bai gizonentzat. «Hilkortasun orokorra eta kausa nagusiak hartu genituen (tumore txarrak, hiesa, biriketako minbizia, kardiopatia iskemikoa…), baita suizidioa eta trafiko istripuak bezalakoak ere, garaia baino lehenagoko hilkortasunean inpaktu handia dutelako». Kausa bakoitza aztertu zuten, bizitokiarekin harremana zuen ala ez behatuz.

Gizonen artean kausa gehienetan erlazio argia ikusi dute bizitokiarekin. Emakumeen artean gutxiago, baina harremana ageri da hauengan ere. Ikerketak ondorioztatu du, gizonen kasuan, batez beste egunero bi heriotza egotz dakizkiekeela bizitokiarekin lotutako osasun arloko desberdintasun sozialei.

Bizitokiaren eta heriotza arriskuaren erlazioaz gain, egoera sozioekonomiko okerreneko guneetako batean bizitzeak duen inpaktua neurtu dute. «Horretarako, errolda-atal guztietan gune mesedegarrietako hilkortasun tasa bera dugula irudikatu dugu, eta zenbat hil izango liratekeen kalkulatu. Hortik ateratzen dugu zenbat heriotza gehiago gertatu diren. Gune mesedegarrietako tasak eduki izan bagenitu, gizonen kasuan, 5.000 bat heriotza ekidingo genituen 1996 eta 2001 artean eta beste hainbeste 2002 eta 2007 artean. Heriotza guztien %10 dira. Asko da, izugarri. Desberdintasunak badaude eta oso garrantzitsuak dira».

Mezua aldatu da, politikak ez

Estatistikariak azaldu digunez, tesiaren helburua bizitokiaren eta hilkortasun arriskuaren artean harremanik dagoen eta zer desberdintasun dauden ikustea da. Osasun Sailean duela urte aunitzetatik martxan den ikerketa lerroa da. «Kuantifikatzea izan da xedea lehenbiziko urte hauetan, eta behin harremana badagoela ikusita, politikariengana joan eta honetan neurriak hartzen has daitezen eskatzea».

Bestalde, «udalerrietan alerta sor daiteke eta jendeak aipa dezake toki batean asko hiltzen ari direla minbizi batengatik, edo enpresa baten jarduna kaltegarria izaten ari dela, eta ona da erremintak izatea egia den ala ez den argitzeko, eta kuantifikatu ahal izateko».

Gaur egun indarrean dagoen Lakuaren Osasun Plana 2013 eta 2020 artekoa da eta bertan agertzen den lehen helburua osasunean desberdintasun sozialak eta emakume eta gizonen artekoak murriztea da. «Xedea ederra da; lortu dugu politikariek diskurtsoa aldatzea, lehen ez baitzen honetaz hitz egiten. Orain, gutxienez, ohartzen dira desberdintasunak badaudela, oso garrantzitsuak. Diskurtsoak aldatu dira, baina beste gauza bat da politikak aldatzea. Pixkanaka-pixkanaka doa hau».

Betetzen doan motxila

«Lan mota hauekin esan nahi duguna da egoera sozioekonomiko okerreneko toki batean jaio izanak bizitzan faktore negatibo batzuk pilatzea ekartzen duela. Zure familiak baliabide gutxiago izatea izan daiteke, auzoak azpiegitura okerragoak izatea, parkerik edo kiroldegirik ez edukitzea, bidegorria urrun dagoelako bizikleta hartu ezin izatea, ondoan kutsatzen duten lantegiak izatea, auzotarrek osasungarriak ez diren ohiturak hartzea… Betetzen zoazen motxila bat da, ez zuk norbanako bezala soilik, hori ere bai, baina faktore gehiago daude aukeratzen ez dituzunak».

Montoyaren ustez, leku batean bizitzeak edo jaiotzeak ekartzen du motxila hori betetzen joatea eta horrek ondorioak ditu azkenean bizitzan. «Hori ari gara ikusten hemen, hilkortasunarekin. Hori da zuzentzen joan behar duguna, aurre hartu behar dioguna, osasuna politika guztietan sartuz. Udalerri batean azpiegitura berri bat egin behar bada ikusi beharko da osasun arazoak dauden gune batean egitea interesgarria den. Egoera okerreneko tokietako bat bezala hartzen ez den auzo batean bizi bazara zure herrian borrokatu behar duzu hori aldatzeko. Neurriak hartzen ari dira bide horretan. Badira auzoak udalerriko erabakietan gehiago parte hartzen ari direnak. Gasteizen behintzat mugimendua ikusten dut».

Hilkortasun-atlasa

Interesgarria iruditzen zaio datuak ezagutzea gertatzen dena jakiteko. Jakinarazi duenez, Lakuako Gobernuak tresna bat du, EAEko eremu txikietako hilkortasun-atlasa, sekzio eta kausa guztietan hilkortasun arriskua zein den azaltzen duena. «Gobernuak ez ditu erreminta hauek sobera zabaltzen, baina hor daude, argitaratuta, edonoren esku», nabarmendu du.

Hona esteka: Osakidetza.euskadi.eus/r85-phosag00/eu. Mapak ikusteko atal honetan sakatu behar da: “Eremu txikietako hilkortasunaren bilakaera 1996-2001 eta 2002-2007 bitartean”.

«Honekin hasi ginenean, 1996 eta 2003 arteko hilkortasuna aztertzen, aurreko Osasun sailburuak, Gabriel Inclanek, gelditu egin zuen atlasa, ez zuen ateratzerik nahi, ez zen interesgarria une horretan, diskurtsoa guztiz aurkakoa zelako: onenak ginela esaten zen, oso ondo geundela… Eta ez zitzaien interesatzen jakitea desberdintasunak daudela eta badirela hilkortasun arrisku handiagoko guneak. Oso lan polita egin genuela esan ziguten, baina hor gelditu zen. Gero, hurrengo sailburua [Rafael Bengoa] etorri zenean bai, argitaratu zen, eta webgunean dago, liburu formatuan ere bai… Baina ez da publizitaterik egin zabaltzeko».

Aitzinera jarraituko duen lana

1996tik 2007ra arteko denbora aztertzen du estatistikariaren tesiak. Geroztik datu gehiago ateratzen joan dira. Lakuako Gobernuan 2013ra arteko hilkortasun datuak dituzte.

Krisia 2008an hasi zen. «Honen inpaktua heriotza tasan ez dut uste berehalakoa izango zenik. Ona da justu krisia hasi arteko denbora neurtu dugula eta konparatu eta krisiak desberdintasunak nola areagotu dituen ikusten ahalko dugula».

«Bost urtetik behin eremu txikietako hilkortasunaren desberdintasunak aztertu behar izatea lortu dugu. Estatistika planaren barrenean sartzen da eta derrigorrezkoa da. Honek aurrera jarraituko du eta oinarrizkoa da hori, behintzat gertatzen ari dena jakiteko. Hemen jende oso ona dago kontu hauetan lanean eta pena ematen dit gauzak aurrera ez ateratzeak. Ezin dira gauzak nahi bezala kaleratu, mugatuta dago, eta oso gauza interesgarriak egiten dira gero ateratzen ez direnak», kontatu du.