Oier Gorosabel - @Txikillana
Fisioterapeuta eta osteopata

Arrazonamendu klinikoa

Gauzatxo bat aitortuko dizuet: zenbat eta gehiago ikasi, orduan eta gutxiago dakidala jabetzen naiz. Apur bat etsigarria da, egia esan, baina paradoxa hau antzinako jakintsu askok aipatu dutenez, kontsolamendu bezala balio digu eta gaitz erdi.

Fisioterapeutok –beste osagile batzuek ere bai, segur aski– aje kolektiboak ditugu, besteak beste urteetan zehar ebidentzia zientifiko gutxiko terapiak erabili izana. Hau da: badakigu terapiokin pazienteak sendatzen direla, baina ez dakigu zein neurritan den terapiaren beraren eraginkortasunarengatik edo testuinguruaren plazebo efektuarengatik (gehienetan biak presente baitaude). Horrekin lotuta, arrazonamendu klinikoa gutxiegitan erabiltzen dugula esango nuke: unibertsitatean anatomia, fisiologia, patologia eta terapeutika ikasten ditugu, eta, nahiz eta teorikoki horiek modu arrazionalean erabiltzen badakigun, eguneroko praktikan behar den baino gutxiagotan egiten dugu. Esandako moduan fisioterapeutongatik nabil, baina seguru nago berbok irakurtzen dituzten beste osagile askok ere beren espezialitatea erretratatuta ikusiko dutela.

Zer esan gura du horrek, gure osasuna inkonpetente saldo baten eskuetan dagoela? Ez, lagunok! Lasai. Ez izutu. Kontua da gauza xelebre bat gertatzen dela gurekin: atera berri diren profesionalek ikasketak fresko dituzte, eta lanerako gogotsu daude; horri esker, pazienteak oso ondo artatu ohi dituzte. Urte batzuk daramatzagunok, berriz, esperientzia dugu; eskarmentu horrek pazienteen arazoak errazago konpontzea ahalbidetzen digu, intuizioak eta begi zorrotzak lagunduta. Beraz, gauza batek bestea berdintzen du, eta, zorionez, hasiberriekin zein beteranoekin ongi ibiliko zarete, ene pazienteok. Halere, zergatik konformatuko gara gauza on batekin... hobetzeko aukera dugunean?

Lehen esan dudanez, osagileoi esperientziak lana errazten digu; horri esker, aurrean dugun kasua lehenago izan ditugunekin aldera dezakegu, analogiak erabiliz tratamendua erabaki eta aplikatu ahal izateko. Orokorrean, prozesu hori ondo ateratzen da, baina baditu berezko arazoak.

Adibidez: gauza berriak ikasi ahala, osasun arazoei azalpen konplikatuegia bilatzeko joera izaten dugu. Kalean trosta bat aditzen dugunean, zer izan daiteke, zebra ala zaldia? Gehienetan zaldia izango da, baina batzuek zebrak ikusteko joera handiegia dute. Beste adibide bat: asteburuan patologia konkretu bati buruzko kurtsoa egiten badugu, segur aski asteleheneko paziente guztiei patologia horren zantzuak “aurkituko” dizkiegu. Azken efektu hori ez da osasun zientzietan bakarrik gertatzen, noski: Daniel Simons psikologoaren “The Monkey Business Illusion” dibertigarria ikustea gomendatzen dizuet (bi minutuko bideoa da); gurean, etxeko txikienak –xalotasunaren bentajak– beste guztiei irabazi zigun.

Beraz, gure intuizioari eta gustuei uko egin gabe, pazientearen kasua aztertzerako orduan datu klinikoetan, irizpide objektiboetan eta gure ezagutzan oinarritu beharko ginateke, ikuspegi zabala galdu gabe. Pazientearen lehentasunak ere kontuan hartu behar dira: zer lortu nahi du? Zer espero du gugandik? Puntu horretatik abiatu behar gara helburuak ezartzerako orduan, horren arabera tratamendua antolatzeko. Ez nabil ezer berririk esaten, jakina: gorago aipatutako modura, guk berez badakigu hau guztia nola egiten den, karreran ikasi baikenuen. Baina prozedura jakitea ez da nahikoa, lankideok: egin egin behar da. Horixe da gakoa, osagile onaren eta bikainaren arteko aldea. •

www.abante.eus