Juantxo EGAÑA

Donibane Lohizunen joko garbian, sotana harrotuta

Irudiko apaiza joko garbian ari da plazan, Donibane Lohizunen. Argazkia Jean Velezek (Donibane Lohizune, 1909-1983 ) egina da, 50eko hamarkadan. Bigarren Karlistaldiaren ondoren Ipar Euskal Herrian errefuxiatutako familia batekoa zen, lanbidez optikaria eta 1936az geroztik argazkilari autodidakta. Jean Velezen argazki denda Donibaneko elizatik metro gutxira zegoen. Hark egin zituen argazki batzuk gure herriaren historiaren parte dira, hala nola 36ko Gerrako hainbat: Irungo sutea, Hendaiara iritsi ziren errefuxiatuak eta naziak Irungo Santiago zubian; edo Charles Chaplin Atharratzen, Hemingway Baionan, Orson Welles Euskal Herrian eta beste argazki batzuk, tartean Jose Antonio Agirre lehendakariaren ehorzketarena. Gaur egun Jean Velezen funtsak haren seme Danielen ardurapean daude. Daniel argazki-kazetaria da eta 1961etik zenbait hedabide eta agentziatan lan egiten du.