Gorka Elejabarrieta

«Brexit 2»

Brexitak Ingalaterra, Gales, Eskozia eta Irlandako iparraldearen arteko harremanak zeharo alda ditzakeela argudiatu nuen aurreko artikuluan. Ingalaterraren baitan ere aldaketa politiko ugari gertatzen ari dira azken asteetan, alderdi nagusien baitan hainbat “oinordetza” borroka zabaldu direlarik.

Paradoxikoa dirudien arren, brexitak Alderdi Kontserbadorea indartu eta Laborista ahuldu lezake, teorian kontrakoa beharko lukeenean. Alderdi Kontserbadorea bitan banandua zegoen erreferendumean hartu beharreko jarrerari zegokionez eta Laborista, aldiz, brexitaren kontra askoz ere kohesionatuago.

Udazkenero alderdi guztiek egiten dituzte alderdi konferentziak eta aurtengoek interes- eta barne-lehia izugarria erakutsiko dute. Brexit erreferenduma antolatzeko arrazoi nagusietako bat Alderdi Kontserbadorearen baitako barne-lehia eta desadostasunak izan dira, eta argi zegoen, emaitza bata edo bestea izan, alderdi barruko borroka areagotu baino ez zela egingo. Baina, hori horrela izanda ere, aitortu beharra dago Alderdi Kontserbadoreak Laboristak baino hobeto eta azkarrago kudeatu duela trantsizioa. Batzuen dimisio azkarrak eta besteen aurrerapausoak alderdiaren barne-orekak berehala berkokatu ditu. Hala, alderdiak hartu dituen erabakiak konferentziak babestuko dituelakoan nago.

Alderdi Laboristaren baitan, aldiz, Jeremy Corbyn-en kontrako sektoreak indartu eta erreferendumaren emaitza baliatu dute Corbynen kontrako eraso bortitza egiteko, eta dituzten diputatuen gehiengoa haren kontra azaldu da. Nire ustez, erasotzaileek uste zuten, diputatuen babesik gabe, alderdi barruko bataila eta gerra aldi berean irabaziko zituztela eta Corbyn dimisioa aurkeztera behartua egongo zela. Ez da, oraingoz behinik behin, horrelakorik gertatu. Udazkeneko konferentzian laborismoak liderra aukeratuko du berriz, eta Corbyn berriro aurkeztuko da. Artikulu hau idazten dudan une berean ari da Jeremy Corbyn bere kanpaina aurkezten. Panorama zaila eta kontraesanez beterikoa, laborismoarentzat. Diputatu laboristen oldartzeak inork gutxi pentsa zitzakeen ondorioak izan ditu. Bat, garrantzi handikoa, Alderdi Laboristaren kidegoa izugarri handitu dela ondorengo asteetan. Milaka eta milaka pertsona atxiki dira laborismora; inoiz Erresuma Batuko politikan alderdi batek izan duen kidego gorakada handiena. Pentsa daiteke –horrela diote– gehitu diren horietako gehienak Corbyn babesteko gehitu direla eta horrek udazkenean zer gertatuko den asmatzea zailtzen du.

Alderdi Laboristaren baitan badira historikoki lidergoa aukeratzeko orduan pisu garrantzitsua izan duten hiru sektore nagusi: diputatuak, sindikatuak eta alderdikideak. Egun, badirudi sindikatuek eta alderdikideek Corbyn babesten jarraitzen dutela, diputatuek ez bezala. Ondorioz, pentsa daiteke, lidergoaren bataila Corbynek irabazi edo beste hautagairen batek irabazi, alderdi barruko borrokak jarraitu egingo duela. Hiru sektore horien babesa lortuko duen hautagairik ez badago, eta konferentzia egin aurretik hautagaien artean akordiorik ez badago, eta ez dut uste izango denik, zaila izango du etorkizuneko liderrak alderdia gobernatu eta ondorioz kontserbadoreen kontra hauteskundeetan irabazteko aukerak izatea. Ez nuke inolako agertokirik baztertuko, ezta Alderdi Laboristaren zatiketa ere. Jeremy Corbynen bizitza politikoaren helburu nagusia Alderdi Laborista ezkerreko alderdi bilakatzea izan da, eta gutxien espero zezakeenean suertatu zaio horretarako aukera. Bere mentore politikoa zen Tony Benn-ek hasitako bide beretik, ez du amore emango, eta ez dut uste barne-presioei men egingo dienik. Alderdiarekin izugarri kritikoa izan da beti, kanporatua izateko zorian egon da hainbatetan, baina beti pentsatu du aldaketa alderdi barruan egonda bultzatu behar zuela. Datozen aste eta hilabeteek britainiar laborismoaren etorkizuna marraztuko dute. •