ENEEK

Ekoizpen ekologikoaren topagunea prest dago

Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluak (ENEEK) ekoizpen ekologikoaren inguruko erakusketa iraunkorra prestatu du bere egoitzan. Amorebieta-Etxanoko Udalak Jauregibarria baserriaren lagapenarengatik ezarri baldintzetako bat betetzen da horrela, publiko guztiei eta, bereziki, gaztetxoei zuzendutako erakusketa autogidatuaren instalazioarekin. Iragan asteazkenean inaugurazioa egin zen, Bittor Oroz Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikarako sailburuordearen, Roman Bengoa ENEEKeko lehendakariaren eta Andoni Agirrebeitia Amorebieta-Etxanoko alkatearen presentziarekin.

«Nekazaritza organikoa pertsonen, ekosistemen eta lurraren osasuna zaindu eta hobetzen duen ekoizpen-sistema da. Prozesu ekologikoetan, biodibertsitatean eta tokiko baldintzetara egokitutako zikloen ezarpenean oinarritzen da, eragin kaltegarriak izan ditzaketen lehengaiak baztertuz. Nekazaritza organikoak tradizioa, berrikuntza eta zientzia uztartzen ditu. Bere helburuak dira guztiok partekatzen dugun ingurumena laguntzea, bizi-baldintza onak sustatzea eta pertsonen artean bidezko harremanak sortzea».

IFOAM1 erakundeak nekazaritza ekologikoaz egiten duen definizio honek era egokian laburbiltzen du ekoizpen ekologikoaren arima. Printzipio eta balio horiek jendarte guztiari transmititzeko, eta ekoizpen ekologikoaren teknikak zertan datzan adierazteko asmoz, ENEEKek hainbat panel, formatu handiko irudiak, Euskadiko eragile ekologikoen mapa eta ikus-entzunezko edukiak batzen dituen ekipamendua prestatu du. Joan den asteazkenaz geroztik, ateak zabalik dauzka eta edonork bisita dezake, dohainik, ENEEKen bulegoetako lan-ordutegian.

Erakargarria eta didaktikoa

Bisuala, erakargarria eta didaktikoa izatea du helburu erakusketak. Bisitariari harrera tamaina handiko mapa batek egiten dio, non ENEEKen inskribatuta dauden eragile guztien kokapena zehazten den. Mapan iltzatutako 523 koloredun txintxetek gure nekazaritza ekologikoak duen aberastasun eta aniztasunaren zantzua ematen dute. Erakusgelaren zatirik handiena ekoizpen ekologikoari buruzko xehetasunak azaltzen dituzten panelek hartzen dute.

Ekoizpen-azpijardueren arabera sailkatutako hiru ataletan (nekazaritza, abeltzaintza eta eraldaketa), Europako herrialde guztientzat komuna den araudiko puntu garrantzitsuenen gainbegirada egiten da: hala nola, kasu guztietan lurrari lotutako ekoizpena izan behar dutela; biodibertsitatea zentzu zabalenean (ustiategian zein inguruko ekosisteman) zaindu eta indartu behar dela; ongarri organikoak soilik erabil daitezkeela; jatorri sintetikoko pestizida, plagizida, herbizida eta transgenikoak erabiltzeko debekua; abereen ongizatea zaintzea; jatorri ekologikoko baliabide (adibidez, haziak, landareak, pentsua, bazka) eta lehengaiak soilik erabiltzea (produktu eraldatuen kasuan)… Alegia, eredu ekologikora atxikitzen den ekoizleak konpromiso sendo bat hartzen du, eta horixe bera azaltzen da laugarren atal batean, eragileek gardentasunarekin, pertsonekin eta planetarekin hartzen duten konpromisoa.

Panel bakoitzean dauden irudiak laguntzeko, euskarri digitaletan proiektatzen diren bi minutu eskaseko bideoak prestatu dituzte atal bakoitzari buruzko informazioarekin.

Lurzoru emankorraren garrantzia

Ekoizpen ekologikoaren berezitasunetako bat da lurraren berezko emankortasuna zaindu eta indartzen duen nekazaritza eta abeltzaintza eredu bat dela. Azken hamarkadetan elikagaien ekoizpenak izandako bilakaeraren ondorioz, monolaborantzaren eskutik ongarri nitrogenatuen, herbiziden, plagiziden eta pestiziden erabilera masifikatu egin da. Horrek ekarri duen ondorioetako bat lurzoru emankorren galera da. Galera hori, gainera, areagotu egin da eraikinek, azpiegiturek eta bestelako giza-jarduerek hartutako lurzoru-azalerarekin. Kontuan izan behar da elikagaien ekoizpenerako daukagun lur-azalera oso murritza dela (kalkuluen arabera, planeta osoaren azaleraren %6,25 besterik ez). Horiek horrela, lur emankorra mantendu eta hobetzeko gaitasuna duten ekoizpen ereduak bultzatzeak (nekazaritza ekologikoa, kasu) berebiziko garrantzia du. Erakusketa honetan lurzoru emankorrak mantentzeak duen garrantzia azpimarratu nahi izan da, hain zuzen ere. Horretarako, hainbat zatitan banatutako sagar erraldoi bat instalatu dute gelako sabaian. Janaria ekoizteko eskuragarri daukagun lurraren baliokidea litzateke sagar erraldoi horren azal zati nimiño bat.

Praktikatuz ikasi

Erakusketa hau adin guztietako pertsonentzat prestatuta badago ere, bereziki ikastetxeetako gaztetxoak dira hartzaile nagusiak. Horiei begira, nekazaritza ekologikoari buruzko unitate didaktiko bat prestatu da, baita lurraren analitika errazak egiteko espazio bat ere. Aztertuko den lurra ENEEKen egoitzatik oso gertu dagoen baratze ekologiko batetik jasoko dute ikasleek. Esperimentazio-gune hau diseinatzeko, Neiker-Teknaliako Mikrobiologia eta Edafologia departamentuaren laguntza izan du ENEEKek. Datorren ikasturtetik aurrera, Amorebieta-Etxanoko ikastetxe guztiek erabili ahal izango dute baliabide hau, eta asmoa da epe laburrean eskaintza EAEko ikastetxe guztiei zabaltzea.